“Artiston arteko elkarrizketa ezinbestekoa da aurrera egiteko”

Joan den zapatu arratsaldean, Bakioko hainbat sortzaile Txakolingunean elkartu ziren, Gorka Azaola artista plastikoak (Bilbo, 1968) deituta. Bere lanak hainbat herrialdetan erakutsi ondoren, bizi den herriko kultura astintzea erabaki du. Egiten dutena jendaurrean agertu behar dutela uste du, eta, horretarako, elkar ezagutzea ezinbestekotzat jo du. Jadanik hamabi artista elkartu dira.

Zer da egin gura duzuena?

Bakion artista mordoa dago. Urte asko egin ditut arte eskolak ematen herrian bertan. Ondo ezagutzen ditut artistak, eta zer egiten duten. Baina ez guztiak. Eta euren artean ere ez dute elkar ezagutzen. Horregatik pentsatu dut talde artistiko bat sortu behar dugula. Bakion eta inguruan kultura ekintzak sustatu eta bizitza artistikoa sortu gura ditugu. Denon artean erakusketak antolatuko ditugu, hemen eta kanpoan gure lana ezagutzera emateko. Beti gabiltza lanean, gure estudioetan, beti bakarka. Elkartzea eta bakoitzak berea erakustea ona da. Artiston arteko elkarrizketa ezinbestekoa da aurrera egiteko, batzuek besteengandik ikasteko. Eta, bide batez, herria ere nahastu behar dugu; bakiotarren arteko harremana sortu behar da.

Bakio herri txikia da, baina diozu ez dagoela sortzaile faltan. Horrek harritu al zaitu?

Euskal Herria betidanik izan da artista herria. Asko ezagunak izan dira, eta gaur egunekoak ere badira, mundu osoan. Zura eta harria beti landu izan dituzte gure kulturan. Uste dut itsasaldeko herriak leku aproposak direla artistak sortzeko. Daukagunarekin, zein egoeratan gauden aztertu eta zer ekintza egin ditzakegun pentsatu behar dugu. Instituzioek egingo dutenari edo emango digutenari itxaron barik, une honetan geuk geure aldetik hasi behar dugu beharrean.

Zer motatako sortzaileak elkartu zarete lehen bilerotan?

Hasieran, pentsatu nuen arte munduko sortzaile guztiak elkartu behar genituela: artea, musika, literatura… Baina ohartu naiz oso zabala izango litzatekeela, zabalegia. Azkenean, artista plastikoak elkartu gara.

Zein izango dira hurrengo pausoak?

Talde erakusketa bat egingo dugu maiatzean. Oraindik ez dugu zehaztu noiz, baina bizpahiru aste egongo da zabalik. Sortzaile bakoitzak bizpahiru lan ekarriko ditugu. Artista guztion sormenera gerturatzeko aukera txiki bat izango da. Polita izango dela iruditzen zait, oso eklektikoa izango delako, estilo asko uztartuko dituen zerbait. Udaletxeko erakusketa aretoan jartzea gustatuko litzaiguke.

Beste alde batetik, lehiaketa bat egin nahi dugu. Bakion aspalditik egon da ume eta gazteen margolan lehiaketa. Babesleek aurten bertan behera uztea erabaki dute, eta guk pentsatu dugu geuk bultza dezakegula. Azken batean, ume eta gazteak gure herriaren eta herriko sormenaren etorkizuna dira. Sariak sinbolikoagoak izango dira; adibidez, margo kutxa bat. Kontua lehiaketa ez galtzea izango da.

Bakiotik kanpo izango al du jarraipenik erakusketa horrek?

Hori da asmoa. Ni banabil harremanetan beste herri batzuetako aretoekin. Gure helburua Bizkai osora zabaltzea da.

Bilera gehiago izango al duzue?

Noski. Martxoaren 23an egingo dugu hurrengoa. Erabaki dugu hilean behin egitea. Zapatuetan, 18:00etatik 20:00etara egingo dugu. Une aproposa da eten bat egin eta denok elkartzeko.

Hurrengo bileretara Bermeoko, Lemoizko, Mungiako, Jatabeko edo inguruetako beste herriren bateko sortzaileren batek joan gurako balu, ateak zabalik izango lituzke?

Talde moduan Bakion gabiltza. Herrian badira egin beharreko gauzak, eta horretan gabiltza. Inguruko herriak antzekoak dira; beraz, nik uste dut gure ekimena euren gustukoa izango dela eta herriotako artistak ere lanean hasiko direla. Elkarlanean asko egin dezakegu. Ez da proiektu itxia. Ezagutzak truka ditzakeen edonor ondo etorria izango da. Artistak ez gara irla bakartuak. Harremanak izan behar ditugu, eta gizarteari momentu bakoitzean behar duena eman.

Beraz, gizarteari, oro har, ekarpena egin gura diozue.

Gizarteak bereziki orain behar du artea. Artista bere garaiko narratzailea da, kezkak sortzen dituen pentsalaria. Ezin gara kulturarik bako edo bizkarra ematen dion gizarte batean bizi. Jendeak kulturari gizartea hobetzeko proposamenak eskatzen dizkio. Sortzaileok ekarpen izugarria egin diezaiokegu gizarteari.