Plentzia zaharra, berri

Plentziako alde historikoa birgaitzeko proiektua aurkeztu dute udalak, Tecnaliak eta Ingelanek. Bertara iristeko modua erraztuko dute, azpiegiturak hobetuko dira, eta inguruak gordea duen kultur balioa eta ondarea agerian uzten saiatuko dira. Lanek zortzi urte iraungo dute, eta herriaren azaleraren %40an izango dute eragina. Hau da, 204 etxebizitza eraikin dauden 27.000 metro koadroko eremua zaharberrituko dute.

Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasun Multzo izendatu zuen 2009an. “Izendapen horrek erantzukizun bat ematen dio udalari. Inguru hori mantendu eta zaharberritu egin behar du, eta balioa eman. Zeregin horri erantzungo dio plan honek”, azaldu du Juan Carlos Espada Tecnaliako kide eta proiektuaren zuzendariak.

Herria barrutik eta kanpotik edertzeko lanak zerbitzu azpiegituretatik abiatuko dira. Batetik, ur zikinen sarea hobetuko dute. Bestetik, argindar sarea lurperatuko dute. “Kable asko ikusten dira eraikin historikoen kanpoko hormetan”. Berritze lan horiek aprobetxatuz, gainera, argiteriaren kalitatea ere hobetuko da. Kaleko argietan lanparen ordez LED argiak jarriko dituzte. “Modu horretan, fakturan %60 aurreztuko da”. Argiteria berria bi modukoa izango da: batetik, kaleak argitu eta segurtasuna bermatzeko ohiko argiak; bestetik, eraikin historikoak ikusgarri egiteko jarriko direnak.

Alde zaharreko 1.300 bizilagunen bizi-kalitatea hobetu gura dute. Eta turismoari begira ere erakargarriago bihurtu gura dute inguru hori. Hala, oinezkoei lehentasuna emango diete. Leku gehiago egongo dira, eta daudenak hobetuko dira. Aisialdirako guneak handitzeko ahalegin horretan, Arbideako ingurunearen urbanizazioa berritzea aurreikusten du proiektuak, behatokiaren erabilera sustatzeko. Baita Plazatxoarena ere. “Hara iristen dira metroz datozen herritar eta bisitariak”. Arrapala mekaniko batek lotuko ditu Plazatxoa eta herriaren goiko aldea, bi auzoak elkartuz eta iristeko modua erraztuz.

Espadaren ustez, halere, aldaketa deigarriena Ontziola plazan egingo dute. Plentziaren bihotza dela ekarri du gogora. “Izenak berak dio inguru horrek bere garaian zer-nolako garrantzia izan zezakeen”. Harmailak jarriko dituzte, bertan antolatuko diren kultura jarduerez hobeto gozatzeko. Gainera, pantalan bat eraikiko dute, herria itsasadarrarekin lotzeko. “Plentzia, are gehiago, itsasadarrari begira jarri nahi da. Bide batez, herritarrek astialdirako gune berri bat irabaziko dute”.

Gune historikoko altzariak aldatzeko asmoa ere badute. Jesarlekuak, paperontziak eta kale argiak estetika igualtsukoak jarriko dituzte, gainerako auzoetatik bereizteko. Halaber, plakak jarriko dira herriko ondare arkitektonikoa eta historikoa ordezkatzen duten elementuetan. “Teknologia berriek zeresana izango dute”, ohartarazi du Espadak. Izan ere, sakelako adimendunei esker bisitariek informazio zabala eskuratu ahal izango dute.

Espadak aitortu du lurpean beharrean hasten direnean edozer aurkitzeko prest daudela. Izan ere, alde historikoan hiriaren harresi zaharra eta Erdi Aroko sarrerak edo ateak egon daitezke; haien aztarnak. “Badakigu hor daudela, eta prest gaude halako elementuak aurkitzeko. Zer egin agertzen denarekin? Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailarekin harremanetan egongo gara, eta haiek esango digute aurkitzen dugun horrek zenbateko balioa izan dezakeen. Edonola ere, guk beti kontuz ibili behar dugu, eta prest egon behar dugu”.

Zazpi mende baino gehiago

Plentziako hiribildua Diego Lopez de Haro Bizkaiko jaunak sortu zuen, 1299an, Gorlizko elizatearen lurretan. Hasieran, harresi batek inguratzen zuen. Hainbat ate zeuzkan; besteak beste, Santiago arkua. Gaur egun, elizaren plazan ikus daiteke. Soiltasunaren arabera, balio historiko izugarria dauka, harresiaren aztarna bakarra delako oraingoz.

Horrez gain, eraikuntzen aldetik aberastasun handia dauka Plentziak. Arrantzaleen antzinako etxeak, kasurako, Erdi Arokoak dira. Alde zaharrean bertan ikus daitezke, baita ere, XIX. mendeko burgesiak eraiki zituen jauregiak. Horiek denak mantendu eta ezagutzera eman nahi dira.