“Krisia nabaritu egiten da, eta gero eta arrain gutxiago erosten da”

Mundakako arrantzaleen lonjak bitartekaririk gabeko arrainaren salmenta zuzena egiteko modua ematen du. Herriko portuan dago, Kasinoaren atzeko aldean, hain zuzen ere. Itsasoan harrapatu ondoren, kontsumitzaileen eskuetara iristen da zuzenean, beste inoren eskuetatik pasatu gabe. Asko eta askotan, lehorrera iristerakoan ere, bizirik ikus daitezke arrainetako batzuk. Oraindik erdi bizirik kutxetan egoten diren arrainek ematen dituzten jauziek ustekabean harrapatzen dituzte erosle asko. Bitartekaririk gabeko salmenta zuzen hori herriko familia batek eskaintzen du. Marije Romero Romeo (Bermeo, 1956) da, hain zuzen ere, Mundakako arrantzaleen lonjako saltzailea, eta senarrak egunean bertan arrantzatzen dituenak saltzen ditu.

Herrian horren ezaguna den arraina erosteko txoko hori, baina, ezin dute egunero ireki; izan ere, egunero ezin dute arrantzatzen atera. “Horrek erakusten die erosleei gurea arrain freskoa dela, itsasotik zuzenean portura iristen dena”, azaldu du Romerok.

Zortzi urte daramatza Mundakako portuko arrantzaleen lonjan arraina saltzen. Bere senarra arrantzatzen ateratzen den egunetan, 09:00etan zabaltzen du lonja. Herri txikia denez, badakite ohiko bezeroak zeintzuk izaten diren. “Horien gustuak zeintzuk izaten diren ere badakigu dagoeneko”. Modu horretan, saltzeko modurik ohikoena arraina sartzen den egunetan bezeroei dei egitea dela jakinarazi du Romerok. “Egunean zer sartu den esaten diet telefonoz, eta interesa izanez gero, gorde egiten diet bila etorri arte. Hala eta guztiz ere, denborarekin badakit zein den bezero bakoitzak gura duen arrain mota, eta, hortaz, sartzen denaren arabera, batzuei edo besteei deitzen diet”. Bezero finkoak izatea gauza “ona” dela uste du Romerok; “haiek badakite zelako arraina den gurea, hau da, ezin freskoagoa dela”.

Saioa eta Olaia familiako itsasontzian ahal duen egun guztietan arrantzan ateratzen da Romeroren senarra. “Bi joaten dira, nire senarra eta beste bat. Portura iristen direnean, beti dago lagunen bat arraina ateratzen laguntzeko prest. Gaur, [joan den barikua, otsailaren 15a], esaterako, txitxarro asko harrapatu dute, eta jende gehiago behar dute harrapatutakoa porturatzeko”.

Goizean goiz, eguraldiak uzten duenetan, esnatzen da Romeroren senarra itsasontzia hartu eta eguneko lanaren bila joateko. Neguan 06:00 aldera itsasoratzen direla dio; uda sasoian, berriz, 04:00 inguruan; “eguna goizago egiten baita”. Egunsentian atera, eta 09:00ak inguruan Mundakako portura bueltatzen dira, bertan egunean harrapatutakoari irtenbidea emateko. Romeroren eskuetan uzten du senarrak arraina, garbitzeko eta saltzeko. “Hori da gure bizimodua”, dio saltzaileak.

Sasoika, arrain mota desberdinak arrantzatzen dituzte: “Udaberrian, merlanka eta txitxarroa izaten dira ugarienak; udan, barbarina. Trismailuarekin, bestalde, neguan mujarrak, lupiak, urraburuak eta halako espezieak arrantzatzen dituzte”.

Portuan arraina saltzen daramatzaten zortzi urteetan, Romerok nabaritu ditu zenbait aldaketa; batez ere, arrain kopuruan. “Uste dut arrainak gutxituz doazela urteekin. Kontuan izatekoa da, hala eta guztiz ere, urte guztiak ez direla berdinak, baina egun arrain gutxiago dagoela esango nuke”. Arraina erosteko ohiturak ere aldatu direla nabarmendu du, eta azaldu du gero eta gutxiago erosten dela. “Krisia nabaritzen dela esango nuke, asko gainera”. Mundaka herri txikia da, eta Romerok dio herritar askok Bermeon erosten dutela arraina. “Guk ezin dugu egunero itsasora joan; beraz, eguneroko salmenta ezin dugu bermatu, eta horrek ez digu laguntzen”.

Hamabost egunean itsasora atera gabe egon ostean, joan den barikuan itsasoratu zen Saioa eta Olaia ontzia arrain bila, eta pozik zeuden harrapatutakoarekin. Mundakako portuko arrantzaleen lonjak bazuen zer saldu, beraz, joan den barikuan, eta herritarrek gustura egin zuten bisita; zer ekarri duten ikustera batzuk, eta erostera ere beste hainbeste. Romeroren telefonoa ere, geratu barik ibili zen goiz osoa, eta hark pozik hartzen zituen deiak: “Hainbat egunetan ez garenez egon, gure ohiko bezeroak galdezka ditut gaur”, zioen, irribarretsu.

Hainbat egunez itsasora arrantzan atera barik egon ondoren, joan den asteburuan arrantzan ateratzeko baimena zuten, baina asteburuetan arrantzatu ahal izatea ez da ohikoena. “Eusko Jaurlaritzak ematen digu baimena, haiei baimena eskatu behar diegu eta”. Hala eta guztiz ere, barikuetan arraina sartuz gero soberan dagoena zapatuetan ere saltzen dutela azaldu du.

Romerok ez daki zer den bere ogibidearen onena. “Nori gustatzen zaio kalean arraina garbitzen eta saltzen ibiltzea? Neguan, gainera, hotza egin zein euri egin, arraina sartzen bada, gu hemen gaude. Eta gogorra da; eskuak gogortzen zaizkigu”. Hala ere, arrain asko harrapatzen dituzten egunak atsegin dituela dio. Baita lupiak eta urraburuak izaten dituztenak ere. “Lupiak eta urraburuak prezio handiko arrainak dira; batez ere, neurri handikoak badira”.