Funikularra babestu nahi dute

Larreinetako funikularra ondare babestu izendatzea aztertzen ari dira. Meategietan milaka langile ibiltzen ziren sasoietan, bidaiariz lepo ibiltzen zen. Orain, ordea, ia beti hutsik egiten ditu bidaiak. Haren etorkizuna bermatzeko babestu gura dute. Horretarako, prozedura martxan jar dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Baliteke udarako prest egotea izendapena.

Modu horretan, garraiobide hau Euskal Kultur Ondarearen Inbentario Orokorrean sartzea ikertzen ari da egun Eusko Jaurlaritza; baina alderdi politiko guztiak ez daude ados egindako planteamenduaren xehetasun guztiekin. Hala, EAJ alderdiak zuzenketa bat ipini zuen otsailaren 1ean, PPk aurkeztutako ez-legezko proposamenaren inguruan. Proposamen horretan PPk “funikularraren eguneroko funtzionamendua bermatzea” eta “ondare industrial moduan babestea” eskatzen zuen, besteak beste. EAJk, ostera, aldez aurretik “ikerketak eta txostenak” egitea eskatu dio Jaurlaritzari. Hala eta guztiz ere, “funikularraren funtzionamenduan ez eragitea” ere eskatu du. Trapagarango Udalak ere funtzionamendua ez aldatzearen alde egin du, eta “gaur egun indarrean dagoen zerbitzua mantenduko” dutela adierazi dute.

Aurkeztutako mozioak direla eta, joan den astean, Trapagarango Udaleko ordezkariak eta Imanol Agote Eusko Jaurlaritzako Ondare Kulturalaren zuzendaria elkartu ziren auziari buruz eztabaidatzeko. Ainhoa Santisteban zinegotziak azaldu duenez, funikularraren balio kulturala eta gorde beharreko elementuak aztertuko dituzte, ondare babestuko maila juridikoa eman ahal izateko. Modu horretan, katalogoan egongo litzateke datorren udarako.

Beste alde batetik, inguruetako auzokideak kezkaturik agertu dira funikularraren etorkizunarekin, eta, Bizkaian egoera ezagut dadin, hainbat ekintza egiten ari dira. Esate baterako, ez dute nahi zerbitzuak edozein motatako murrizketak izatea, eta, horren aurka kexatzeko eta babesa eskatzeko, 26.000 sinadura bildu dituzte Bizkaiko hainbat udalerritan.

Andoni Redondo sinadura bilketan parte hartu duten herritarretako bat da. Haren familia osoa Larreineta auzoan bizi da, eta, kontatu duenez, “zerbitzuaren erabilerak beherantz egin du nabarmen Abra industrialdeko errepide berria zabaldu zutenetik”. Redondo ia egunero igotzen da Larreinetara familia bisitatzera, baina bidaia autoz egiten du. Elurra egiten duenean, ostera, funikularra hartzea “seguruagoa” dela dio. Aurreko belaunaldiei erreparatuz, lehengoek funikularra beti erabiltzen zutela gogoratu du. Haren familiak sarri hartzen du oraindik ere. “Asteburuetan jende gehiagok erabiltzen du. Beharbada, txangoak antolatzen dituzte mendira, eta familiek erabiltzen dute gehien. Autoa behean utzi, eta funikularrean igotzen dira hemengo inguruetan paseatzeko”, esan du, asteburuetako ohitura deskribatzeko.

Historiari lotua

Larreinetako funikularrak urtean 100.000 bidaiari baino gehiago garraiatzen ditu. Trapagarango Escontrilla geltokitik, Larreinetara igotzen da, itsas mailatik 404 metrotara dagoen auzora.

Bizkaiko meatzaritzaren historiarekin estu-estu lotuta egon da funikularra. XIX. mendearen bukaera adera, Triano eta Galdames arteko eremuko mendiak Bizkaiko industriaren motore bihurtu ziren bertako meatzeen ustiapenagatik.

Urteek aurrera egin ahala, etorkin familia asko elkartu ziren Zugaztieta, Larreineta eta inguruko auzoetan. Bizkaiko meategiak eskualdeko etorkizun ekonomikoaren erdigune bihurtu ziren, eta, ondorioz, pertsona askoren ogibide. Langileak mendira eramango lituzkeen garraio baten premia sumatu zuten azkar. Hala, 1926an zabaldu zuten funikularraren geltokia. Gaur egun, Larreineta eta Zugaztieta auzoetan bizi diren auzokideek erabiltzen dute batez ere.

Funikularra Euskotren garraio enpresak kudeatzen du, eta Eusko Trenbide Sarearen 5. linea da. Orotara, trenbideak 1.100 metro baino gehiagoko luzera dauka. Bi ibilgailuk funtzionatzen dute egun, eta orduko 7,2 kilometroko abiadura har dezakete gehienez. Batak igotzeko bidea egiten du, eta bestea Trapagaranera jaisten da. Maiztasuna 30 minutukoa da. “Ordutegia bere horretan mantendu beharko lukete. Izan ere, asteburuetan turismoarentzako erakargarria da, baina badira goialdeko auzoetan urte osoan bizi direnak, eta haientzak ezinbestekoa da”, gaineratu du auzokideak.