EAJ, PSE-EE eta PP alderdien anbiguotasuna salatu du Bizkaiko Fracking Ez taldeak

Bizkaiko Fracking Ez plataformak salatu du instituzio publikoek eta zenbait alderdi politikok jarrera anbiguoa agertzen dutela fracking-arekin erlazioa duten gaiak jorratzerakoan.

Asteartean, Bizkaiko Batzar Nagusiek arauz besteko bi proposamen onartu zituzten PSE-EE, EAJ eta PPren botoei esker. Proposamen bat EAJk eta PPk aurkeztu zuten, elkarrekin; bestea PSE-EEk bultzatu zuen. Bizkaiko Fracking Ez taldearen arabera, ez batak ez besteak “ez dute argi azaltzen teknika honen inguruan etorkizunean izango duten jarrera”. Izan ere, taldeak adierazi duenez, “agertutako testuek ez dute eskatzen fracking-a debekatzeko neurririk hartzeko”.

Plataformaren aburuz, “etorkizunean, teknika honen erabilera bermatuko dute”. Bere ondorioak ateratzeko, alderdiek aurkeztutako testuen zehaztasun faltan oinarritu da Bizkaiko Fracking Ez. “Gure geologia eta lur azpian ditugun baliabide naturalak ezagutzeko jarduera batzuk egin behar direla esaten dute”, ohartarazi du plataformak. Horrez gain, “Eusko Jaurlaritzari gas ez-konbentzionala ateratzeko teknologiaren inguruko etengabeko azterketa egiteko ardura izango duen batzorde zientifikoa eratzeko eskatu diote batzar nagusiek”, azpimarratu du.

PSE-EEk aurkeztutako idazkiak, batetik, fracking hitza aipatu ere ez duela egiten adierazi du plataformak. Bestetik, uste du testuak aditzera ematen duela gas ez-konbentzionala ustiatzeko erabil daitezkeen tekniken inpaktuak neurri zuzentzaileekin desagerraraz daitezkeela; “baina ez da horrela”. Bi proposamenak onartu izanak “benetan kezkatzen du” Fracking Ez plataforma. Haren ustez, “etorkizunean teknologia hau erabiltzeko aukera badagoela argi geratzen da”.

Hein berean, batzar nagusietako osoko bilkuran Bilduk aurkeztutako proposamena baztertu izana salatu du plataformak. “Talde honek fracking-aren debekua eta orain arte emandako baimen guztiak bertan behera uztea eskatzen zuen”.

Fracking-aren aurkako taldeak teknika honen aurkako iritzia agertu nahi izan du. “Administrazio publikoei eta alderdi politikoei teknika hau debekatzeko eta baimen zein proiektu guztiak bertan behera uzteko” eskatu die, bai ikerketa baita ustiaketa helburu dutenak ere. Petrolioa, gas naturala eta era horretako substantziak lurzorutik erauzteko sortutako prozesuak ingurumenean eta giza osasunean inpaktu larriak dituela gogorarazi du.