Bilboko Udalak %57 handitu du beharrizanei erantzuteko laguntza

Bilboko Udalak %57 handitu ditu herritarren elikagai, higiene, arropa, etxebizitza eta halako oinarrizko beharrizanei erantzuteko aparteko baliabideak. Laguntza horien xedea gizartean arrisku gehien dutenengan krisi ekonomikoak eragindako ondorioak arintzea da. Modu horretan, Gizarte Ekintza eta Etxebizitza Sailak 470.000 euro bideratuko ditu aurten zeregin horretara; iaz, 300.000 euro erabili ziren.

Dirua gehitu aurretik, udalak beharrizanak ezagutzeko ikerketa bat egin du hainbat entitate publiko eta pribaturekin batera. Azterketa horri esker, hainbat arlotako arreta hobetzeko ekintzak zehaztu dira. Gainera, udal gizarte zerbitzuek Banakako Atentzio Plana ezarriko dute lagunduko diren familien hileroko jarraipena egiteko.

Txostenetan ongizate sistemaren oinarrizko alorretan krisiak izandako ondorio adierazgarrienak bildu dira. Adibidez, beharrezkotzat jo dute etxerik gabeko pertsonei bazkaria eta afaria ematea; diru sarrera bermatzeko errenta jasotzen ez duten emakumeak laguntzea; esku hartze soziohezitzailea handitzea eta arropa eskaintza handitzea. Elikagai eta higiene arloan, produktuak eskuratzeko aukera gehiago izango dira.

Beste alde batetik, arropa zerbitzura bideratutako diru saila hazi egingo da, gehiago banatu ahal izateko. Etxebizitzari dagokionez, beharrizan handia dagoenean etxea lortzeko edo ez galtzeko aukerak zabalduko direla adierazi du Bilboko Udalak.