“Uholde eta elurteak modu indartsuagoan gertatuko dira”

Ingurumen ekonomian trebatu eta Basque Center for Climate Change (BC3) klima aldaketari buruzko euskal zentroan dihardu Unai Pascual Ikerbasqueko ikertzaileak. Zientziarako euskal fundazioak komunikabideekin hilean behin antolatzen dituzten Gosari zientifikoetan parte hartu du asteon ikerlariak. Klima aldaketari buruz hitz egin du bertan.

Erresuma Batuan hasi ziren ekonomia eta ingurumena uztartzen. Mundu ezberdin bi diruditen zientziak dira, apenas harremanik dutenak. “Hainbat ikerlarik euren ikerketetan ikusi zuten baliabide naturalen urritasunak eragina zuela ekonomia ezberdinetan; gizakiaren ongizatea urritasun horren eta sortzen ari garen kutsaduraren menpe zegoela”, azaldu du Pascualek. Ekonomia ekosistema globalari atxikitako azpisistematzat jotzen du ingurumen ekonomiak. Ingurumen ekonomiako ikerketek ekonomia eta ingurumenaren arteko noranzko bikoitzeko harremanak ulertzen laguntzen dute, arduradun politikoei irtenbide egoki eta orekatuak eskaini ahal izateko. Hala dio Pascualek. “Ingurumen ekonomiaren helburua elkarri lotuta dauden era askotako arazo konplexuei irtenbide orekatu, eraginkor eta bidezkoak ematea da. Azken finean, gizakiak bizirik irauteko duen gaitasunari erreparatzen dio, planetak ezarritako ingurumen alorreko mugapenen barruan”.

Egun, BC3 zentroari atxikitako fundazioko irakasle gisa dabil, eta tarteka maila globaleko nahiz eskualde eta tokiko ikerketa lanak egiten ditu. Bakarka lan egiten dute, kanpotik proiektuak ekarrita. Baina baita taldean ere, beste ikerlari batzuekin. “Sistema ekonomikoa eta gu geu ekosistema baten barnean gaudela ulertarazten saiatzen gara, erlazioak ulertzea klima aldaketaren testuinguruan. Izan ere, mundu mailako arazoa da, hainbat mailatan presente dagoena; nazioarte mailan, herrialde mailan, eskualde mailan eta tokian tokiko mailan. Hain arazo konplexua nola konpondu, edo hobetu, hainbat esparrutako ezagutzak integratuz? Nik, esaterako, ekonomialari gisa, nola egin dezaket?”.

Arazo horien artean aipatu ditu baliabide naturalen agortzea, emisio kutsakorrak, hazkunde bidean dauden herrialdeen garapen ahalmena eta ekonomia ereduaren iraunkortasuna egungo mundu globalizatuan.

Klima aldaketari aurre eginez

Klima aldaketa da diziplina honen garapenean bultzatu nahi duten faktore bat. Komunitate zientifikoak irtenbideak bilatzeari ekin dio buru-belarri, indarrean dauden portaera sozialetan eta eredu ekonomikoetan eragina izango duten esperoan. Klima aldaketaren eragile nagusia “energia erabiltzeko modua” dela adierazi du ikerlariak. “Gure indar higiarazlea da, gizarte gisa mugitzeko, baita ekonomia gisa ere, eta kanpoko energiarik gabe ez gara funtzionatzeko gai”, dio. “Hainbat energia iturri daude, baina erregai fosilen menpe bizi gara”, Pascualen hitzetan. “Erregai mota honekiko menpekotasunak eta erabilera masiboak eragin du klima aldaketa”.

Kutsadurak eta beste hainbat faktorek ere eragin dute, jakina; baina, ikerlariaren esanetan, “arazo nagusia erregai fosilen iturrien gehiegizko erabilera da”. Garraioetan, industrian, kontsumoan… Herrialde garatuetan, norbanakoen zein gizartearen ia pauta guztiak energia kontsumo horri lotuta daude. “Munduko biztanleen %20k baino erabiltzen ez duen arren, kontsumo hori ari da eragiten egungo egoera”. Ongizatea bera kontsumora lotuta dago. “Garraio zerbitzu onenak eta azkarrenak ditugu, industria produkzio potentea… Baina, aldi berean, eragin handia du ingurumenean eta, beraz, gizartean ere bai”.

Baina erregai fosilak ez dira mugagabeak, eta ustiatzen ari diren erritmoan ez da denbora asko falta izango agortu daitezen. Pascualen esanetan, egungoa “une erabakigarria da”. Izan ere, jada hasi dira hitz egiten petrolioaren mugari buruz. “Erregai fosilekin eguneko ateratzen duten petrolio upelen erritmoaren puntu gorenera heldu gara, edo heltzear gaude. Iritzi ezberdinak dauden arren, argi dagoena da egunez egun petrolio ateratzea murriztuz joango dela”. Ezin da jakin zenbat petrolio geratzen den, hori ateratze tasaren eta prezioaren araberakoa baita. Petrolioak eskari inelastikoa du, hau da, nahiz eta salmenta prezioa igo, eskariak pixka bat baino ez du behera egingo. “Gure gizartea baliabide horren menpe dago”.

Pascualek jakinarazi duenez, petrolioaren eta erregai fosilen inguruan mugitzen diren enpresak dira horretaz konturatu diren lehenak, eta beste energia iturri batzuetan inbertitzen hasi dira. Izan ere, badakite negozioa dibertsifikatzen hasi behar dutela, baliabide mugatu batekin funtzionatzen dutelako.

Paradoxa baten aurrean

Klima aldaketa iritsi dela dio, bizkortzen ari dela. “Munduko Bankuak ere esan du mundu mailan produkziorako estrategia ekonomikoak aldatzen ez baditugu klima aldaketaren ondorioak lehenago pairatuko ditugula. Gainera, elkarte hori ez da zifra alarmistak ematen dituen horietakoa”. Ebidentzia bat da, beraz, ez dago dudarik, baina hor paradoxa bat dago Pascualen ustetan. “Politikariek zergatik ez dituzte hartzen orduan erabakiak? Hori guztia jakinda, zergatik ez dago martxan Kyotoko Protokoloa?”.

Batez besteko tenperaturaren igoera planeta jasaten ari den aldaketen adierazlea da: klima sistema, ozeanoetako korronteak, lurrazala… Elurteak eta uholdeak beti gertatu izan diren klima nahasmenduak dira, baina orain modu indartsuagoan gertatuko dira, baita maizago ere. Munduko toki bakoitzean modu ezberdinean eragingo du klima aldaketak. Euskal kostaldean bi arrisku nagusi eragin ditzake: itsasoaren maila igotzea eta uholdeek eragin handiagoa izatea. Batez ere Bilbon.