Bilbo
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Sentitu, pentsatu, ekin! ikuskizuna aurkeztuko dute asteburuan, Bilboko Campos Eliseos antzokian. Orotara, sei saio eskainiko dizute hiru egunean. Gipuzkoako pailazo taldea bere 25. urteurrena ospatzen ari da, eta emanaldi ziklo bat antolatu du.
Beste behin, koloreak, abestiak eta umore ona izango dira umeentzako ikuskizunaren oinarriak. Haurren irria da pailazoen jomuga, eta abenturaz beteriko bizipen berrien bidez, gaztetxoenen parte hartzea bultzatuko dute.
Hirukotearen emanaldiak oso ezagunak dira Euskal Herri osoan. Izan ere, bere ikuskizunetan euskara eta euskal kultura sustatzen dute batez ere.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen hirukotea Aiora Zulaika, Joxe Mari Agirretxe eta Mertxe Rodriguez euskal aktoreek osatzen dute. Taldea 1987. urtean sortu zuten, Lasarte-Orian. Hasieran, Takolo, Pirritx eta Porrotx izena zuen hirukoteak. Agustin Mujika aktoreak egiten zituen Takolo lanak, baina Mujikak taldea utzi eta Marimotots bildu zitzaien ostean.
Amonaren urtebetetzea
Katxiporreta konpainiak umorez betetako ikuskizuna antolatu du. Oraingoan, pailazoek oso ospakizun garrantzitsua dute esku artean. Aurten, amona Josefinak 100 urte beteko ditu, eta festa erraldoi bat antolatuko dute egun zoriontsua ospatzeko.
Pailazoak eta gainontzeko lagunak zaharra bezain polita, argia eta irudimentsua den amonaren baserrira joango dira bere urtebetetzea ospatzera. Azken batean, guztiek zoriondu nahi dute Josefina maitagarria. Hala eta guztiz ere, norbaitek festa zapuztu nahiko du, eta, pailazoak, lagunak alboan dituztela, pertsonaia maltzurraren egitasmoak oztopatzen saiatuko dira. Zer gertatuko ote da?
SENTITU, PENTSATU, EKIN!
Non. Bilboko Campos Eliseos antzokian.
Noiz. Otsailaren 15etik 17ra bitartean. Ostiralean, 17:00etan eta 19:00etan. Larunbatean, 16:30ean eta 19:00etan. Igandean, 16:00etan eta 18:30ean.
Sarrerak. 7 eta 10 euro artean.