Martxan da Durangaldeko lehen maketa lehiaketa

Iurreta, Durango, Abadiño eta Zornotzako udalek Durangaldeko lehen maketa lehiaketa antolatu dute. Dagoeneko martxan dago, eta parte hartu gura duten taldeek martxoaren 8ra arteko epea izango dute aurkezteko. Euren lana posta elektronikoz bidali beharko dute, maketa.udalgaztegi@gmail.com helbidera.

Lehiaketan parte hartzeko baldintza batzuk bete beharko dituzte musika taldeek. Batetik, taldekideen erdiak gutxienez 15 eta 35 urte bitartekoak izan behar dira. Lehiaketak Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi planaren babesa daukanez, plan horren kide diren eskualdeko udalerrietakoren batean erroldatuta egon beharko dute. Gainera, aurretik diskoren bat grabatuta daukaten taldeek debekatuta daukate lehiaketa honetan parte hartzea.

Musika adituz osatutako epaimahai batek entzungo ditu posta elektronikoz jasotako kanta guztiak. Denen artetik bederatzi aukeratuko dituzte. Talde horiek kontzertuak eskainiko dituzte Durango, Zornotza eta Abadiñoko aretoetan. Lehiaketaren irabazle suertatuko den taldeak, gainera, Durangoko Plateruena kafe antzokian emango du kontzertua.

Lau udal horietako webguneetan dago izena emateko bete behar den orria. Orriarekin batera, hiru kanta bidali behar dira. Informazio gehiago nahi duenak, hala ere, eskuragarri izango du udalotako Gazteria Zerbitzuetara deituz gero.

Lehiaketa guztietan legez, honetan ere sariak egongo dira. Irabazleek 1.800 euro jasoko dituzte. Euskarazko kanturik onena sortu duen taldeak, berriz, 500 euro eramango ditu.