“Lan premiak eta denbora edukitzeak ahalbidetu du proiektua”

Etxez etxeko fisioterapia zerbitzua jarri dute martxan Leire Goitisolo eta Maite Zabala lekeitiarrek. Eskualdean ez dago horrelako zerbitzurik. Lana noiz helduko zitzaien zain egon beharrean, beraien kabuz proiektu berri hau hastea erabaki dute.

Zer da Sendaire?

Gure eskualderako eta inguruko herri txikietarako sortutako etxez etxeko fisioterapia zerbitzua da. Buruan aspaldian izan dugun kontua da. Hala ere, une honetan proiektua martxan jartzeko baldintza egokiak izan ditugu, eta lanari ekin diogu.

Zeintzuk dira baldintza horiek?

Biok lanerako premia eta denbora izatea. Izan ere, orain arte Leire [Goitisolo] Osakidetzako ordezkapenak egiten ibili da, baina murrizketak direla eta, handik ere gero dei gutxiago jaso ditu. Nire kasuan, ni ere enpresa pribatuetan lanean egon naiz, baina beti Lekeitiotik kanpora. Sendairek herrian lan egiteko eta bizitzeko aukera ematen dit, eta hori oso garrantzitsua da niretzat. Beraz, gure egoera ikusita, buruan geneukan ideia martxan jartzeko une ezin hobea zela pentsatu genuen.

Zertan bereizten da Sendaire beste fisioterapia zerbitzu arruntetatik?

Guk pazientea etxetik mugitu barik tratatzen dugu. Lea-Artibai eskualdearen baldintzak ikusita, fisioterapeutarengana joateko herri handietara mugitu behar zirela jabetu ginen, eta, horregatik, gu geu mugitzen gara. Modu horretan, mugitzeko zailtasunak dituztenengana ere errazago heltzen gara.

Zelako gaixotasunak lantzen dituzue?

Denetarik. Hemiplejiak, alzheimerra, parkinsona, lunbalgia, zerbikalgia, ziatika, artrosia, artritisa, ebakuntza osteko osatze prozesua…

Etxez etxeko zerbitzuaz gain, beste zerbitzurik eskaintzen al duzue?

Oraindik proiektuaren hastapenetan gaude, baina etxez etxeko zerbitzuaz aparte ari gara alternatiba lantzen. Herri txikietako udalekin berba egin dugu, eta medikuaren kontsulta erabiltzen ez den egunetan fisioterapia zerbitzua eskaintzeko proposamena egin diegu. Oraingoz, Mendexako Udalaren baiezkoa jaso dugu, eta eguaztenetan han izaten gara. Udalarekin lortutako akordioari esker, Mendexan erroldatutako 65 urtetik gorako biztanleek fisioterapia zerbitzua prezio merkeagoan jasotzeko aukera dute. Horretaz gain, ikastaroen eskaintza ere badaukagu, elkarte edo instituzioren bat interesatuta egonez gero.