Iaz, 144 hektarea erreta

Bizkaiko Foru Aldundiak iazko baso suteen berri eman du. Herrialde historikoan, 80 sute piztu ziren 2012an. Osotara, 144 baso hektarea erre ziren.

Piztutako suteetan, gehienetan —51 sute— hektarea bat baino gutxiago erre zen, hasierako fasean harrapatu eta itzaltzea lortu zelako. Beste 23 sutetan, hektarea bat eta bost hektarea arteko eremua erre zen. Gainontzeko sei suteetan, 5 hektarea baino gehiago erre ziren, baina haietako bakar batean ere ez ziren erre 35 baino gehiago.

Nekazaritza Sailak gogora ekarri duenez, iazkoa urte zaila izan zen. Apiriletik urrira ia ez zuen euririk egin, eta udazkena ere ohi baino lehorragoa izan zen. Gainera, tenperaturei dagokienez, abuztuan muturreko hainbat beroaldi izan ziren, eta, oro har, uda osoan, bero egin zuen. Suteak pizteko arriskua, bada, normalean baino handiagoa izan zen. Hala ere, erretako eremuen kopuruak ez du gora egin. Gainera, nabarmendu dute nahita edo arduragabekeriaz piztu diren suteen kopuruak behera egin zutela.

“Ezinbestekoa da basoen kudeaketa eta zaintza egitea. Suteak saihesteko neurriak hartu behar dira aurretik”, azaldu du Irene Pardo Nekazaritza ahaldunak. Baso pribatu zein publikoak zaintzearen garrantziaz ohartarazi du Pardok. “Basoko jarduerak beharrezkoak dira mendia emankorra izan dadin; horrez gain, sua hedatzea oztopatzeko modu bat ere bada. Hala, suaren berotze ahalmena gutxitu egiten da, eta sua itzaltzeko lanak eraginkorragoak dira”, azaldu du.

Bizkaian sua piztu ahal izateko baimena eskatu behar da, Base Gorrira deituta —94-446 52 97 eta 94-446 50 12 telefono zenbakiak—. Foru basozainek Galdakaoko Ganguren mendian daukaten egoitza da. Iaz, 5.000 dei jaso zituzten baimena eskatu edo sua pizteko baldintzen berri jakiteko.