Gazteen lokalak arautzeko, erabilera gida aurkeztu du Bilboko Udalak

Bilboko Udalak ez ditu ordenantza bidez arautuko gazteen lokalak. Nahiago izan du gazteokiko elkarlana sendotu, lokalak erabiltzeko gida argitaratuz. “Ordenantza bat edukitzeak zigor neurriak hartzera behartuko gintuzke, baina ez ditugu gazteen inguruko mitoak elikatu nahi. Beraz, ez dugu lokaletarako berariazko araudirik egingo; zarata egiten badute, badaukagu hori arautzen duen ordenantza bat”, azaldu du asteon Sabin Anuzitak, Euskara, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak.

Izan ere, gazteen erantzukizuna bultzatu nahi du udalak. Eta datuak baikorrak dira: Gazteria Sailak zenbatuta dauzkan 230 lokalen artean %85k betetzen dituzte gomendioak. “Gazteek arduraz jokatzen dute; eurei interesatzen zaie, beste inori baino gehiago, lokaletan denak ondo funtzionatzea”, esan du Anuzitak. Batik bat bizigarritasun eta segurtasun neurriak ematen ditu gidak, hau da, lokalen ezaugarri fisikoei, komunen ekipamenduei, botika ontziei, argindar instalazioari eta aseguruei buruzko jarraibideak. Ildo horretan, udalak aurreratu du erraztasunak emango dizkiela, adibidez, lokal guztietan su itzalgailu bat edukitzeko.

Horrez gain, aholkularitza zerbitzua ere abiatu du Anuzitaren taldeak. Bizilagunekiko arazoak konpontze aldera, bitartekari lana egiteko prest agertu da. Bi telefono zenbaki eta helbide elektroniko bat ere helaraziko die gazteei, harremanak errazteko.