“Espainiako banderak airean ibili beharko du kanpoaldean, eta barnean lehentasunezko lekua izango du estatuko administrazio zentral, autonomiko, herrialdeetako edo herri administrazioetako eraikinetan”. Horrela jasotzen du 39/1981 legearen hirugarren artikuluak. Espainako bandera eta beste ikurren erabilera arautzen duen lege horretan oinarritu dira udalen aurkako salaketak jartzeko.
Beraz, legearen arabera, Espainiako banderak erakunde publiko guztietan egon behar du. Baina, horrez gain, Espainiako ikurrak nola kokatuta egon behar duen ere azaltzen du banderen legea deiturikoak. Seigarren artikuluaren arabera, beste batzuekin batera dagoenean, leku “nabarmena, ikusgarria eta ohorezkoa” izan behar du Espainiakoak. Gehiago ere zehazten du: bandera kopurua bakoitia denean, Espainiakoak erdian egon behar du; bandera kopurua bikoitia denean, berriz, erdian eta eskumaldean egongo da Espainiakoa. Banderen tamainari dagokionez, legeak ez du aipatzen zein neurri izan behar duen banderak; halere, beste banderak ezingo dira Espainiakoa baino handiagoak izan.
Espainiako banderaren esanahia ere definitzen du 39/1981 legearen lehen artikuluak: nazioaren ikurra dela dio, beraz, “aberriaren burujabetza, inde- pendentzia, batasuna eta osotasuna” adierazten ditu; Konstituzioan jasotako balore nagusiak ordezkatzen dituela ere jartzen du.