“Kideak dira zubia eta itsasoa, paisaia beraren parte”

Bilboko itsasadarraren itsasoratzea bete-betean ikus daiteke Bizkaiko Zubiaren goiko aldeko pasabidetik. Alde batean, Bilbo ezkerraldea dago, garai bateko industriaren lekuko. Bestean, berriz, Getxoko etxe dotoreak eta Aixerrotako paisaia basatiagoak. Ekialderantz begiratuz gero, berriz, Bizkaiko hiri handiaren harana dago aurrez aurre. Mendebaldean, azkenik, Kantauri itsasoa dago, eta Ibaizabal bokalea. Lehorra batera eta ura bestera, baina Ainhoa Sarriegi zubiko langileak dio gorenera ailegatu eta bidaiari guztiek itsaso aldera so egiten dutela: “Argi dago, beraz, itsasoari begira dagoela zubi zintzilikaria. Kideak dira itsasoa eta zubia, paisaia beraren parte”.

Sarriegi bera bederatzi hilabetez aritu zen pasabidera igotzeko igogailua gidatzeko lanetan. Gaur egun, ordea, Bizkaiko Zubiko bulegoetan egiten du behar. Askotan alboan dagoenaz ez da askorik gozatzen. Kasu honetan ere antzeko zerbait gertatzen da. Zubiko goiko pasabidera gehienbat turistak igotzen direla dio Sarriegik. “Lanpostu atsegina zen. Igogailuko beroa jasan behar izaten nuen, baina igotzen ziren gehienak oporretan eta umoretsu zeudenez, ez zen lan txarra”. Horrez gain, oroigarri dendan ere saltzaile aritu zen.

Hala ere, Bizkaiko Zubian hasi zenean lehorreratu egin zen Sarriegi; izan ere, itsasoan bertan urte mordoa igarotakoa baita. Bilbon jaioa, gaztetatik Erromon bizi izan da. Itsasoarekin harreman esturik izan ez zuen arren, lanaren premiak bultzatu zuen urbildu erraldoira. Santurtzi eta Portsmouth (Erresuma Batua) arteko bidaia egiten zuen ferryan hasi zen beharrean. Lehenengo, gelak garbitzen zituen. Gero, harreran egoten zen. Azkenik, solairuak ikuskatzen jarri zuten.

Orain, zubiko beharlekuan dagoela itsasotik hurbil sentitzen bada ere, faltan sumatzen ditu itsasontziko garaiak. “Ura bare zein zakar egon, iluntzeak izugarri politak ziren. Ahaztu ezin diren paisaiak ikusten genituen. Baina, bai, lana bera oso gogorra izaten zen, eta ordu luzez aritzen ginen lanean…”.

120 urtez, egiteko berbera

Ingurua erabat aldatu bada ere, 1893tik zeregin berbera egiten du Bizkaiko Zubiak: bidaiariak Bilboko itsasadarren alde batetik bestera garraiatzea, alegia. Egitura duela gutxi berritu dute. Aldaketa itxuraz haratagokoa izan da. Garai berrietara moldatu dela dio Sarriegik. “Herritar askok ezinbesteko garraiobidetzat dute. Lanera joateko, paseoan aritzeko… edozertarako erabiltzen dute. Portugalete eta Getxoren arteko lotura da gure eguneroko bizitzaren zati”.

Sarriegiren iritziz, merezitako aitorpena egin zion zubiari Unescok 2006an gizateriaren ondare izendatu zuenean. “Azpiegitura bera izugarria da. Eta, gainera, ez da ahaztu behar nola eraiki zuten, egun existitzen diren baliabide asko gabe”. Errematxeak jarri ditu adibide Erromoko bizilagunak, horietako 400.000 pieza inguru baititu egiturak. Gaur egun lotura horiek egiteko erabiltzen da, baina orduan ez zegoen horrelako baliabiderik. Errematxeak konpontzeaz gain, kolorea ere aldatu zioten zubiari 2011. urtean egindako zaharberritze eta lehengoratze beharretan. Egun tonu gorrixka du metalezko egiturak. “Ez da estetika kontu hutsa izan”, dio Sarriegik, “kolore hori gutxiago higatzen dute kresalak zein eguzkiak”. Meatzaldeko meategietatik ateratzen zuten burdin mearen kolorearen antza dauka. Hainbat aukera eskaini zituzten, eta herritarrek hura aukeratu zuten, omenaldi gisa.

Etxekoak eta turistak

Azkenaldian, gero eta bidaiari gutxiago ditu zubiak. 2012an, adibidez, 10.000 inguru galdu dituela jakinarazi berri dute zubiko arduradunek eurek. Sarriegik uste du bi aldagairen ondorioa dela beherakada: krisia eta, bereziki, Bilboko metroaren lehiakortasuna. “Hala ere, batez beste, egunero 3.400 pertsona eta 1.000 auto inguru igarotzen dira itsasadarraren alde batetik bestera”. Hau da, zintzilik dagoen zubiak 30 joan-etorri egiten ditu, egunean. Ibaiak inguru horretan dituen 160 metroak behin eta berriz zeharkatuz, 9 kilometro baino gehiago osatzen ditu egunero.

Etxeko bidaiariak zein kanpotik datozenak beharrezkotzat ditu Sarriegik. “Urte osoan, eskoletako taldeak edo adinekoak hurbildu ohi dira, eta uda partean, turista oldea gero eta ugariagoa da”. Gehienak euskal herritarrak izan ohi dira; Herrialde Katalanetako, Madrilgo eta beste hainbat txokotako bisitariak ere ohikoak direla dio. “Japoniarrak gero eta gehiago etortzen dira, euren argazki kamera aldean dutela”, gaineratu du.

Kanpokoen bisita eskertzen duen arren, eguneroko bidaiarien meritua azpimarratu nahi du zubiko beharginak. “Eurak bermatzen dute, lanera, eskolara, edo edonora bidean, ondare honek irautea. Eurak barik ez legoke zubirik”.