Bilbo
Hizkuntza bat ikasterakoan, sarri, gramatika, sintaxia, morfologia eta horrelakoak barneratu behar ditu ikasleak. Entzumen eta idazketa ariketak ere ez dira falta; baina, zer gertatzen da eskolako atea itxi eta kalera irteterakoan? Hizkuntza bat ez da soilik gelan ikasten, kalean ere erabili behar da. Ahalegin eta ekintza asko egin dira euskara kalean heda dadin. Era horretako hurrengo topaketa Bilbon egingo da, Zazpikaletarrok taldearen eskutik.
Talde horrek “euskaraz aritzea garrantzitsua dela” deritzo, eta “hizkuntza sustatzeko ekintzak atsegin” ditu. Hala, datorren asteazkenean, otsailaren 13an, 19:00etan, euskaltzaleek hitzordua dute Plaza Barrian, Euskaltzaindiaren egoitzaren aurrean. Bildutakoek, euskaraz hitz egiteko aukera izango dute. Izan ere, helburua hizkuntza ikasten dabiltzanei gaitasunak hobetzen laguntzea da. Hortaz, euskaraz hitz egiteko ohitura gutxi duten pertsonek praktikatzeko abagunea izango dute.
Festa giroan
Gelako ikasketa metodologiaz urrun, ekintza jai giroan antolatuko dela adierazi dute Zazpikaletarrok taldeko arduradunek.
Elkarrizketei eta praktikari heldu baino lehen, Arkaitz Estiballes bertsolari txapeldunak bertso batzuk botako ditu Plaza Barrian, jendea animatuz joan dadin. Estiballesek lehen euskal doinuak ipinita, bertaratzen diren euskaltzaleei pasatuko die lekukoa. Ostean, hiru edo lau pertsonak osatutako taldeak eratuko dira, eta mintza poteoari ekingo diote enparantzako arkupeetatik. Bultzatzaileek azaltzen duten moduan, “jomuga kalean euskaraz hitz egitea denez, Plaza Barrian hasiko gara, eta, ondoren, alboko kaleetatik ere ibiliko gara. Erritmoa taldea osatzen duten euskaldunek markatuko dute”.
Beraz, pintxoak jaten eta tragoxka batzuk hartzen diren heinean, euskaraz aritzeko aukera dago Bilbon, datorren asteazkenean.
BERBALAGUN KALEAN
Noiz. Otsailaren 13an, 19:00etan.
Non. Bilboko Plaza Barrian.
Antolatzailea. Zazpikaletarrok taldea.