Azken barikuetako kontua da. Arrastian, izan euri izan ateri, egurrezko kutxa baten gainera igo eta mikrofonoa eskuetan hitz eta pitz jarduten du gizon batek. Gaztea da, hogeita hamarren bueltan egongo da. Alboan beste gizon bat, gaztea hau ere, aterkinari eusten euria ari duenean, edota laguntza morala ematen, ateri denean. Zara dendaren aurrean eta Kukuxumuxuren alboan paratzen dira. Kasualitatea izan liteke, baina zer da kasualitatea eta zer ez? Jainkoaren ernegazio eta koleraz aritzen da jauzkor. Txarraren bidetik ari omen goaz, deabruaren besoetan goxo gabiltza, haragikeri eta lizunkerietan baino ez ei dugu burua, etika oro ahaztu dugu, albokoaren mina ez dugu sentitzen, ontasunaren bidetik aldendu gara eta Jainkoak ez du parkatuko. Jainko mendekariaren begirada kontatzen du bere pulpitu hezurduratik. Uste dut inoiz infernuaren sugarretako amaiera mingarriaz esan duela zeozer, baina hau ezin dut ziurtatu. Ikusi nituen lehenengo barikuan umorezko grabazioren bat edo izango zela pentsatu nuen; arte dramatikoa ikasten ari ziren antzezle batzuen saio erdipurdikoa, praktikaren bat edo. Bigarrenengoz ikusi nituenean jaramon apur bat gehiago egin nien, eta neure kolkorako pentsatu nuen “benetakoa ete?”. Harrez gero, inoiz gelditu izan naiz entzuten, distantzia zuhur batean, izan ere entzule nauela ikusiko balu harrotuko litzatekeela pentsatu dut. Eta harrotuz gero, zer ez ote duen esango koittadu horrek! Joxemari Iturraldek badu liburu bat (Hyde Parkeko hizlaria) eta barikuko berbalaria ikusten dudanero liburuaren azalarekin gogoratzen naiz. Iturralderen azalak entzule gehiago baditu, bai; baina gauzak esateko modu eta estiloan, indarrean, badute antzekotasunik. Bai, nik ere anakronismo itzela ikusten diot, Fringe telesailean sentitzen naiz minutu batzutaz, mundu paralelo bitan ikusle. Zerk bultzatzen du gizon hau kutxa baten gainean Jainkoaren mezua zabaltzera? Espejismoa ote? Espaziotik gure mundura egindako kolonizazio ahalegina da? Zer pentsatuko du gaiztakeria guztien jabe garenok albotik pasatu eta ikusi ere egiten ez dugunean? Itsu-mustuko fedearen arrakalak non daude, noiz hasten dira, zein paralelotan? Oraindik ere ez dakit benetan ari den edo soziologiako doktoradutzarako proiektua den. Barikuro ikusten dudanean zalantza-malantza denak datozkit. Eta berarekin berba egiteko tentazioari eusten diot ostiral batean eta bestean ere bai. Bien bitartean bizitza pasatzen da. Hiritarrak doaz, joan; eta datoz, etorri. Jainkoaren minak Unamuno plaza alboko hizlariaren ahotsean entzun litezke, baina oraindik, inork ez du alboetara begiratzen.