“Zineman ere hanburgerrak eta goi mailako sukaldaritza daude, gastronomian legez”

60 urteko ibilbidea beteta, lehenengoz hartu du FAS Zineklub elkarteko presidentetza kargua emakume batek. Txaro Landa (Bilbo, 1959) ari da lan horretan. Denboraldi berria hasi dute zineklubean, saio bakoitzeko film labur eta luze banarekin. Martitzenetan dira saioak, 19:45ean.

FAS Zineklubeko lehenengo emakume presidentea zara. Ekarpen berriren bat egin dezakezula uste duzu?

Norbaitek kultur elkarte baten kargua hartzen duenean, ikuspuntu pertsonal bat ematen dio, berdin dio emakumea zein gizona izan. Sentsibilitatea eta norbera hezten doan oinarriak, ordea, baliteke jatorrian pixka bat desberdinak izatea. Ekarpena hori izan liteke.

Kultur elkartea pertsona talde batek osatzen dugu. Niri dagokidanez, lehenengo emakume presidentea naiz, bai. Taldean ez genuen proiektu hau hiltzen utzi nahi, eta lan egitera animatu ginen. Pentsatu zuten interesgarria izan zitekeela behingoz emakume bat iristea kargu horretara. Izan ere, gizartearen erdia emakumeak gara, eta, kulturari dagokionez ere, zinemara edo antzerkira joaten diren gehienak emakumeak dira. Kezka hori badago andreon artean; gero, ordea, zerbait kudeatzeko erabakia hartzerakoan ez da gauzatzen.

Aurreiritzi batzuei ere aurre egin behar zaie. Izan ere, kultura matxista da oraindik. Baita emakumeon aldetik ere; ez gara ausartzen karguak hartzen. Zineklubak proposatu zion lehenago ere emakumeren bati, baina ez zen ausartu —baliteke denbora faltagatik edo zailagoa gerta litzaiokeelako—. Nire kasuan, ausartu egin naiz, baina talde lana eratu dugu, oso zaila delako lan guztia pertsona bakarrak egitea, kontuan hartuta, gainera, boluntarioak garela.

Zelakoa izan zen FASen sorrera eta zelan aldatu da?

Asko aldatu da. Aldatu egin da komunikabideetara gerturatzeko modua eta baita zinema bera ere. Lehen, 35 milimetrotan filmatzen zen gehienbat, eta orain digitala da guztia. Guk, zineklub gisa, aldaketa horiek integratu behar ditugu. 1950eko hamarkadan jaio zen, oso egoera korapilatsuan, diktadura garaian.

Garai hartan, pentsatzen dut zinema erlijiosoa izango zela nagusi. Gurasoen elkarte katoliko batek eratu zuen zinekluba. Euren helburua lan didaktikoa zen, jarrera moralak aztertzea eta zinemaren bitartez hausnarketa bultzatzea. Proiekzioak eman ahala, publikoari zabaldu zitzaion, solasaldiak egiten hasi ziren, gainerakoan ikus ezin zitezkeen filmak ikusteko aukera eman zuten…

Urteek aurrera egin ahala, gizarteko eta politikako gorabeherek ere aldarazi zuten zinekluba. Francoren diktaduraren ostean dagoeneko ez zegoen zentsorerik; beraz, libreagoa zen filmak ikustea eta ematea. Eta gaur egunera iritsi arte. Programazioak ere desberdinak dira egiten den zinema ere desberdina delako.

Zelan irauten duzue teknologia berrien lehiarekin?

Egia esan, ez gara lehiatzen. Gure lana ez da ohiko zinema bat izatea. Ematen ditugun filmak jatorrizko bertsioan ematen ditugu, eta, ostean, ikusitakoari buruz berba egiten dugu. Filma ikusteaz gain ideiak trukatu nahi dituztenek jotzen dute guregana. Martitzenetan ematen dugu film bakoitzaren pase bakarra.

Zineklubeko kideen kuotei esker antola ditzakegu saiook. Diru horrekin aztertzen dugu zenbat film eman ditzakegun urtean.

Zein da zuen aretora jotzen dutenen profila eta zeren bila joatean dira?

Zinema desberdina ikustera. Jendea publizitatearen arabera joan ohi da film bat edo bestea ikustera. Areto komertzialetan film txikiago batzuk ere izaten dira, baina lehenengo asteburuan ez badute nahikoa ikuslerik, kendu egiten dituzte. Eta guk, batzuetan, jaso egiten ditugu. Film bereziagoak bilatzen ditugu. Ikuspuntu desberdina eskaintzen duten filmak dira, gero eztabaida interesgarria pitz dezaketenak.

Jatorrizko bertsioak eskaintzen dituzue beti. Zein ekarpen egiten du horrek?

Niretzat, guztia. Izan ere, hizkuntza orok egitura berezia du, bai lengoaiari dagokionez, baita tonuei dagokienez ere. Hizkuntza bakoitzak xehetasun desberdinak ditu emozioa erakusteko orduan, besteak beste. Zuzendariek eurek ere interes berezia dute tokian tokiko hizkuntza lantzeko. Horretaz jabetzeko, bikoiztutako film bat eta jatorrizko beste bat ikusi behar dira, tonu edo aldaketa horiek antzemateko. Istorioa sinesgarriago egiten dute xehetasun horiek.

Hasieran, ikusleei kostatu egiten zaie azpidatziak irakurtzea, eta irudiren bat galtzeko beldur izaten dira. Azkenean, ordea, osagarriak dira.

Proiekzioak zelan aukeratzen dituzue?

Filmen zerrenda bat dago. Beti saiatzen gara ados jartzen erabakia hartzen dugunon artean. Zinema eta kultura uztartzen dituzten filmak bilatzen ditugu. Gastronomiaren antzera, hanburgerrak eta goi mailako sukaldaritza daude zineman ere. Zinema klasikoa jasotzen ere saiatzen gara, gero eta zailagoa delako pantaila handian ikustea. Baita zinema mutua ere, gazteek ere oso interesgarriak diren gauzak ikus ditzaten. Hori eta zinema garaikidea tartekatzen saiatzen gara. Programazio homogeneoa osatzeko ahalegina egiten dugu.

Zer-nolako etorkizuna iragartzen diozu FASi?

Ona, espero dut. Gero eta zailagoa da film txiki horiek saletara iristea, eta jendearengan zinema desberdina ikusteko nahia haztea espero dut.

Zer dakar FASen denboraldi berriak?

Saio gehienetan film labur eta film luze bana ematen saiatuko gara. Film laburrak betidanik eman izan ditugu. Gertuko egileen sormenera hurbiltzeko aukera bat da. Baita jendeak ikus ditzan ere, zinema komertzialetan ez baitituzte ematen. Egileak eurak ere ekarriko ditugu, euren lanen berri eman diezaguten.

Interesgarria izango da eurekin filmari buruz eztabaidatzea, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Batzuetan, filmak ikusten ditugu, baina ez gara jabetzen atzean zer lan dagoen. Ahaztu egiten zaigu aktoreez gain askoz lan gehiago dagoela.

Esfortzua eta ilusio handia beharrezkoak dira filmak aurrera ateratzeko. Gazteek, gainera, lan oso ona egiten dute, daukaten aurrekontua kontuan hartuta.

Zer-nolako harrobia dago Bizkaian?

Ona dagoela esango nuke. Gauzak oso zail daude. Esan eta esan ari dira kulturarentzat ez dagoela dirurik. Hori da gure salaketa. Administrazioak beti murrizten ditu itxuraz beharrezkoak ez diren diru sailak, eta kulturarekin ere gertatzen da. Baina industria bat ere bada, eta horretan jende asko ari da lanean.