“Urduri jartzen gara”

Auzokideek etxeetako leihoetatik mesfidati begiratzen diote maiz ibaiari. Gainezka egingo du? Etengabeko euri zaparradak izaten direnean, Gobela ibaiak bere gain hartzen ditu begirada guztiak.

Halaxe gertatu zen joan den asteko euriteekin. Horrelakoetan, uholdeak nozitu ohi dituzten inguruetako auzokideak kezkaturik egoten dira, eta adi-adi begiratzen diote ibaiari. 2008ko uholdeetan, Gobela Ibaiak Kalte Egindakoen Elkartea eratu zuten, eta, euritea dagoen bakoitzean, arretaz begiratzen diete Babes Zibilaren, Udaltzaingoaren eta obra brigaden ekintzei. Hala, “ontzat” jo dituzte ziklogenesi lehergarriak iraun duen bitartean egindako esfortzuak. Larunbatean, adibidez, Getxoko Udaltzaingoak 25 auto mugitu zituen inguru arriskutsuetatik. Horrez gain, hareazko zakuak ipini zituen etxebizitzetatik hurbil dauden leku arazotsuetan. Estoldak ere izan zituzten jomuga.

Arantza Gutierrezek 1990ean erosi zuen etxea, Algortan, batxilergoko institutuaren ondoan. Ondo baino hobeto ezagutzen ditu ibaiek sor ditzaketen kalteak. 2008ko uholdeez galdetuta, ez du ahaztu urte hartan gertatutako ezbeharra. Zorionez, edo zoritxarrez, asteburu hartan etxetik kanpo zeuden, oporretan. Baina, heldu bezain laster, uholdeek eragindako kalteak topatu zituzten. Gutierrezen etxean, ura 110 zentimetroko garaiera arte iritsi zen. Kanpoan zeudenez, altuera horretaraino zeuden gauza guztiak galdu zituzten. Gainera, garai hartan, bi auto zituzten, eta haietako bat erabat hondatu zitzaien, urak eragin zizkion kalteak zirela eta.

Armairuen goiko partean gordeta zeuden gauzak baino ezin izan zituzten berreskuratu. “Goiko aldean, erabiltzen ez genituen gauzak gordetzen genituen, eskura behar ez genituenak. Baina, 2008az geroztik, alderantziz jokatzen dugu; hau da, beheko armairuetan normalean erabiltzen ez ditugunak pilatzen ditugu, eta goiko armairuetan, erabiltzen ditugunak, badaezpada ere”.

Egun hauetan, hainbeste euri eginda eta ibaiaren emaria handitzearekin batera, une batzuetan auzokideek beldurra sentitu dutela azaldu du. “Berriz gertatuko ez dela pentsatzen ahalegintzen gara. Hala ere, gauean ez duzu lasai-lasai lo egiten, eta urduri jartzen gara”.

Joan den asteko martitzenean, euria barra-barra egin zuen, eta, lanetik etxera bueltan, Gutierrezek etxebizitzatik hurbil aurkitu zituen udaltzainak. Gogoan du auzokideen artean “urduritasuna eta ezinegona” nabaritzen zela; 2008ko uholde haiek errepikatuko ote ziren beldur ziren guztiak. Eguraldia hainbeste okertzen den egun horietan, auzoko bizilagunek sare sozialetan edo komunikabideetan informazioa behin eta berriro bilatzeko ohitura dutela adierazi du.

Alderatu ezin

Gobela ibaiak sortzen dituen kalteei aurre egiteko proiektua hirugarren fasean sartu da, eta auzokideak pozik daude orain arteko neurriekin. Esate baterako, lortutako onuren artean, ibaia azkarrago doala antzeman dute. “Pentsatzen dugu egoera hobeto dagoela, baina ezin da alderatu. 2008az geroztik, ez da izan pareko egoerarik”.

Gutierrezen ustez, orain arte “premiazko obrak” egin dira, eta aste honetan hasi dena izango da “zatirik potoloena”. Proiektua luzea da, eta asko falta da lan guztiak amaitu ditzaten. “Ez dugu kalte handirik nozitu, obra handi batek eragiten dituen eragozpenak baino ez”. Herritarrek kezka dute euri gehiegi egingo ote duen hasi berri diren lanek dirauten bitartean, eta, hala gertatuz gero, zer kalte edo uholde izango ote diren.

Gutierrezek gogora ekarri du Bolueko hezegunean bizi diren auzokideen egoera. 2008az geroztik, hiru aldiz izan dituzte uholdeak. Bustigune hori Gobela ibaia eta Larrañazubi erreka artean dago, eta 10 hektareako eremua osatzen du. Berezia da, kostaldean egon arren ur gaziaren ordez ur geza duelako. Geza edo gazia, bertako auzokideen amesgaiztoa hiru aldiz bihurtu da errealitate. “Laugarrena ere izango ote da?”.