Barakaldo
Barakaldoko jaiak azken txanpara iristekotan daude. Baina azken traka emateko jarduera eta ekitaldi ugari dituzte oraindik martxarako gogoa amaitu ez zaienek.
San Bizente jaiak mozorroz jantzita datoz gaur. Film bat aukeratu eta horren araberako jantzia janzteko eskatu dute jai batzordekoek, hartara Mozorro Eguna ospatzeko.
Bestela ere, arratsaldetik aurrera ez da aspertzerik izango. 18:30ean, Txiki Txokoa zabalduko dute, eta, horren barruan, xake jokoa antolatu dute Velazquez plazan. San Bizente plazan, bestalde, herriko taldeek kontzertua emango dute, ordu horretan bertan. 19:30ean, Turutarrak fanfarrea ibiliko da auzoan zehar. Bestalde, pintxo dastatzea antolatu dute Martxoaren 8a plazan Atera Euskara Kalera eta Zatoz, Sasiburu eta Barakaldoko Berbalagunek. 22:00etan, musika jaialdiaren tartea iritsiko da: Herri Oihua, Sobieht eta Feos pero Majos taldeen kontzertuak izango dira. Ordu horretan bertan, bertso afaria antolatu du Kilika bertso eskolak: Gorka Ostolaza Potxis eta Jone Uria ariko dira. Txartelak AEKn eros daitezke.
Biharko ere, egitarau oparoa dute. Goizean goiz hasiko dira jarduerak: 09:30ean, pala txapelketa jokatuko da Eguzkiagirre frontoian. 12:00etan zabalduko dute Txiki Txokoa. Besteak beste, gaztelu puzgarriak eta tailerrak izango dira bertan. 18:00etan, Laguntasunak antolatuta, dantza eta musika emanaldiak egingo dituzte. Eta, 19:30ean, fanfarre handia eta txistularien kalejira abiatuko dira Elizateko plazatik. Eguna amaitzeko, Haitzama taldeak erromeria doinuak jarriko ditu San Bizente parkean.
Domekan, nekazaritza eta eskulan azokarekin esnatuko dira barakaldarrak. 10:00etan zabalduko dute San Bizente parkea. Tortilla eta bakailao txapelketari emango diote hasiera leku eta ordu berean. 12:00etan ohorezko txupina jaurti eta gero, Berri Otxoak plataformak txorizo mokaduak banatuko ditu. Laguntasuna taldeko erraldoiak eta fanfarrea ere kalez kale ibiliko dira. 14:30ean aurkeztu beharko dituzte lehiaketarako tortilla eta bakailao platerak. Herri bazkaria egingo dute 15:00etan, San Bizente parkean, eta 20:00etan amaituko dituzte jaiak, datorren urtera arte, azken trakarekin.