Negua

Negua. Hotza, elurra, euria eta txingorra. Negua umela da. Horrela ikasi genuen aspaldi. Lezio batzuk ez dira sekula ahazten. Mendi tontor zuriak eta atzamarrik ez zituzten eskularruak ditut nik akorduan. Katiuskak ere bai; orain hain modernotzat hartzen diren botek erakusten dutena da gu abangoardia izan ginela. Uda. Beroa, lehorra, eguzkia, hondartza. Horrela ikasi genuen; bainujantzia eta betaurrekoak udarako dira. Gure arteko askok maite du uda. Denaren gainetik. Gure arteko askok gorroto du negua. Denaren azpitik. Gorrotatu ez eze, harritzen da hiruzpalau egun jarraian euria botatzen duenean (bale, edo dozena bat egunen ostean), edo itzelezko hotza egiten duenean. “Neguan hotza! Falta zitzaiguna”. Neguaren lakartasuna esaten diote horri, eta gomutapen iheskorrak berretsi egiten die: sekulako negua da aurtongoa. Eta gero neguaren sekretua lau haizeetara zabalduko dute: hotz eta umela da giroa. Harritu egiten ditu hotzak. Nik maite dut euria. Negua, elurra eta inatazia maite ditudan lez. Itzelezko hotza egiten duten egun eguzkitsuak liluragarriak zaizkidan bezela. Eurite azpian dantzan izan ostean mela-mela eta blai-blai ailegatzen ginen etxera. Eta ozeanoak bezain handiak ziren putzuetan plisti-plasta egiten genuen. Orain heldu gara, eta lotsa ematen digu horrelakorik egiteak. Gure inguruko batzuk kexatiago entzun ditut. Uraren kontra itzelak eta bi bota dituzte. Onena metro sarreran entzun nuena: ez dago eskubiderik! Euria, eskubideak urratzen dituen zera hori. Alferrik esan diet ura derrigorrezkoa dela, berdeguneen berdetasuna ezinezkoa zatekeela euri barik; alferrik esan diet neguan gaudela. Cool izateko euria eta negua gorrotatu behar dituzu, eguzkiarekin egin behar duzu amets, sonbrilladun hondartzekin. Nik beti maiteago izan ditut neguko hondartza hutsak, kresalaren usain sarkorra, itsasoaren orro-moroak. Zoratuta ei nago, gure inguruko batzuk esana. Erabakia sendoa da: eguraldi onak eguzkia esan nahi du; eguraldi txarrak, ostera, euria. Eguraldi informazioetan ere sailkapena onartu dute. Zelan egin dakioke aurre horrelako ebazpen bati? Negurik bako munduarekin egiten du askok amets. Lankide batek, esaterako, sakelakoan Zea Maysen Negua joan da kantua jarri du. Negua uxatuko/ezorzizatuko duelakoan egin du. Frantses iparrak jo du gaur, negua gozatzen ari da, eta nik kale bazter bateko paperontzira bota dut nire aterki berdea. Haizeak bahitu nahi izan du, eta nik askatasuna eman diot. Orain ez dut aitzakiarik: etxera bueltan busti egin beharko naiz.