Gizarte berdea helburu

Ingurumen Iraunkortasunaren I. Euskal Azoka egingo dute asteburu honetan, Durangon. Bi egunez, hainbat enpresatako eta unibertsitatetako ordezkariak bilduko dira Landako gunean. 10:00etatik 19:00etara, ordutegi jarraia izango du azokak, eta sarrera doakoa da. Gaur goizean izango da inaugurazio ekitaldia, 10:00etan, eta, ostean, antolatzaileek Berdeago egitasmoa aurkeztuko dute.

Azoka ekologia eta berrikuntzaren aldeko apustutzat jo dute antolatzaileek. Iraunkortasunean eta ingurumenean ikerketa eta garapena sustatzeko eta horien inguruan kontzientziazioa lantzeko baliatu nahi dute azoka. Baita energia aurreztearen inguruan eta mugikortasun iraunkorraren inguruan gogoeta egiteko ere.

Bi gune ditu azokak: Hitz Berdea eta Zirkulo Berdea. Hitzaldiak eta mahai inguruak egingo dituzte Hitz Berdean; gaur, esaterako, EHU eta Mondragon Unibertsitatea unibertsitateek zenbait gradu aurkeztuko dituzte. Bihar eguerdian izango dira kutsaduraren ondorioen inguruko berbaldia eta eguneroko bizitzan aurrezteari buruzkoa. Zirkulu Berdean, berriz, zientziari eta birziklatzeari buruzko tailerrak egongo dira.

Enpresek esperientziak partekatuko dituzte azokara joaten direnekin, eta garraio iraunkorraren arloko berrikuntzak erakutsiko dizkiete. Ibilgailu elektrikoak probatzeko aukera egongo da: bizikleta eta auto elektrikoak eta kotxe hibridoak. 50 bat erakusketari eta 6.000 bisitari inguru espero dituzte antolatzaileek. Bihar, ekitaldi amaiera egin aurretik, iluntzeko 19:00etan, saltoki nabarmenenari Berdeago saria emango diote.

Berdeago proiektua

Mondragon Unibertsitateko sei ikaslek sortu dute Berdeago proiektua. “Berdeago ingurumen, iraunkortasun eta eraginkortasun energetikoaren inguruan gizartea kontzientziatzeko eta arlo horretako produktu eta zerbitzuak azaltzeko dinamizazio egitasmoa da”, azaldu dute. Horretarako, asteburu honetako azokaz gain beste hainbat ekintza egingo dituztela iragarri dute.

BERDEAGO AZOKA

Zer. Iraunkortasunaren inguruko lehenengo azoka.

Non. Durangoko Landako Gunean, gaur eta bihar.