“Erabaki okerren ondorioak”

Bizkaiak duela 20 urte sufritu zuen azken krisia. Ezkerraldea izan zen lurralde historikoko eskualdeetan zigorrik handiena jasan zuena. Industria astunak hondoa jo zuen: labe garaien eta ontziolen gurutze bidea izan zen garai hura. Orain ere, igualtsu dabiltza, %20tik gorako langabezia tasarekin. “Orduan txarto egindakoa ordaintzen ari gara”, dio Aingeru Azpioleak. Sestaoko Langabeen Asanbladako kidea da. Harena da Hego Euskal Herrian langabezia tasa handiena duen herria: %26.

Dio agintariek ez zutela asmatu industria salbatzen. “Hiltzen utzi zuten. Ez zuten jakin zelan kudeatu geneukana. Labe garaiak babestu behar izan ziren. Navaleko ontziolak ere publiko iraun behar zuen, pribatizatu ordez. Eta irabaziak enpresan inbertitu, gaurkotzeko eta egokitzeko, lehiakor izan ahal izateko”.

1980ko hamarkadako krisiari aurre egiteko, agintari politikoek industriaren birmoldatzearen aldeko apustua egin zuten. Azpioleak dio “akats nabarmena” izan zela. Haren esanetan, industria albo batera utzi eta Ezkerraldeko ekonomia zerbitzuen sektorean oinarritzea “erabaki okerra” izan zen. Hain zuzen, gaur eguneko langabe gehienak alor horretatik datoz. Hona Sestaoko datuak, adibide modura: 3.360 langabetutik, 74 dira nekazaritza sektorekoak, 401 industriakoak, 524 eraikuntzako behargin izandakoak eta 2.023 zerbitzuetakoak. Askok eta askok, gainera, bi urte baino gehiago darama langabe. “Horrek erakusten du zerbitzuen aldeko apustua ez zela zuzena izan”.

Asanbladako kideek ez dakite seguru zerk eragin duen merkataritza alorraren gainbehera. “Izan daiteke kontsumoak behera egin izana krisiaren eraginez. Baina merkataritza gune handiek ere izango dute zer esana, kontsumoaren zatirik handiena kendu baitiete herriko merkatari txikiei. Ikusi besterik ez dago kaleetan zenbat lokal dauden itxita, eta geroz eta gehiago”, azaldu du.

Lana banatzeko premia

Babcocken itxierak, ACB Aceria Compacta de Bizkaiaren erregulazio espedienteak eta Navalen lan karga faltak ere eragina izan dute. Azpiolearen esanetan, enpresa horiek eman diote jaten eskualdeari eta horien aldeko apustua egin behar da. Dagoen enplegua hobeto banatu behar dela ere iruditzen zaio. Izan ere, erakunde publikoek ez dutela enplegu politikarik dio. “Ezin da esan txarrak direnik ere. Zuzenen esanda, ez dute ezer. Dirurik ez duten aitzakian, enplegu planak eta formazio ikastaroak kentzen dituzte”.

Eurek proposamen sorta bat egin zioten Sestaoko Udalari: Besteak beste, lan poltsa sortzea, kontratazio mahaia eratzea eta herrian dauden enpresa eta obretan ordu osagarririk ez sartzea. Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek onartu zuten. “Seguru gaude Navalera lan karga iristen denean ordu osagarriak sartu beharko dituztela beharginek. Hori ekidin behar du udalak. Lan hori banatu egin behar da. Herrian dauden obretan ere herriko langabeak sartu behar dira.

Egoera salatu eta konponbideak eskatzeko, elkarretaratzea deitu dute gaurko: 12:00etan, Sestao, Lanbideren bulegoetan. Ezkerraldeko eta Bizkaiko 11 kolektibok hartuko dute parte. “Jende asko ari da sufritzen eta zerbait egin beharra dago. Kalera atera, borroka egin eta politikariei konponbideak bilatzeko exijitu behar diegu. Horretarako aukeratu ditugu, ez arazoak sortzeko”.