Bilbobuseko zazpi lineatan murrizketak egingo dituzte

Bilbobus autobus zerbitzura ere iritsi dira murrizketak. Bilboko Udalak zerbitzu horretan erabiltzen duen diru sailean aldaketarik izan ez bada ere —28.041.684 euro —, 43 lineetako zazpitan aldaketak izango dira. Murrizketak datorren astelehenetik aurrera sartuko dira indarrean.

Autobus lineen egokitze horiek “KPIaren eta azken lau urteetan erregaiaren prezioan izandako igoeraren ondorioz” egin behar izan dituzte, Asier Abaunza Zirkulazio eta Garraio zinegotziaren arabera.

Sei lineatan, maiztasunean nabarituko dira murrizketak. Neurri horren ondorioz, aldi baterako kontratatuta zeuden zortzi langile kaleratuko dituzte, lanegun eta jaiegunetan bost autobus kenduko dituzte, eta zapatuetan, bestalde, bi eta erdi.

Honako linea hauetan izango dira maiztasun aldaketak: 40, 72, 13, 48, 11 eta 76an. Zain egon beharreko denbora, batez ere, larunbat eta jaiegunetan luzatuko da. Abaunzaren esanetan, kontuan hartu dute autobusa hartzen duten kasuen ia erdietan bidaiariek lanera joateko erabiltzen dutela.

18 zenbakiko linean, bestalde, zeinak San Ignazio eta Zorrotza lotzen dituen, ibilbidean egingo dituzte aldaketak. Iparragirre kalearen parean orain arte egiten zuen ibilbidea laburtze aldera, Moyua plazarantz abiatuko da, Zabalbururaino joan beharrean.

2014an murrizketa edo egokitze gehiago egin beharko dituztela uste du Zirkulazio Sailak, ekitaldi horretako gastuak aurreikusita.

Bildu koalizioak, bestalde, murrizketak gaitzetsi egin ditu. Helena Gartzia zinegotziaren esanetan, “maiztasunak gutxituko dira urrunen dauden auzoetara”, eta gal daitezkeen lanpostuak ere gogora ekarri ditu. Bilduren ustez, argi dago enpresa pribatuak ez duela publikoak baino hobeto kudeatzen, eta zerbitzua udalak zuzenean hartzea aztertu beharko luke. Artxanda eta Santa Marinako lineekin zer gertatuko den ere argitu gabe dagoela esan du.