“Nerabeen desafioa ez da gurasoen kontrakoa, eurek behar duten gauza bat baizik”

Mungialdeko Gizarte Zerbitzuen Partzuergoko Drogamendekotasun eta Prebentzio Sailak 12 eta 16 urte arteko nerabeen gurasoentzako tailerrak antolatu dituzte aurten ere. Martitzenean abiatu zituzten tailerrok, eta gidaria Ongi Izan taldeko Igor Fernandez da (Barakaldo, 1980).

Gurasoen eta seme-alaben arteko harremana lantzen duzue zuek.

Nerabeek harreman seguruak izan ditzaten, euren buruak seguru sentitu, baliotsu, munduan eragiten ari direla senti dezaten… Horiek lortzea zen helburua. Gero eta gehiago landu harreman horiek, drogek planteatzen dituzten ihes egiteko aukeretan erortzeko arrisku txikiagoa izango dute. Hori da tesia.

Tailer horien berezitasuna da gurasoentzat direla. Nerabeek era askotako eraginak dituzte. Institutuan ordu asko ematen dituzte, eta etxe barruko harremanak dira, gure ustez, seguruenak. Aldi berean, desafio gehien horiek sortzen dituzte.

12 eta 16 urte arteko adin horren aurretik egiten den lana ere oso garrantzitsua izango da, ez? Nola gauzatu errespetuzko harremanak?

Gurasoen zalantza nagusietako bat izaten da mugak zelan jarri; zelan lortu aginteari eustea. Nire ustez, babesleak diren mugak behar dira. Azken finean, arauek babesteko balio behar diete. Mugak maitasunaren aldetik jarri behar dira, benetan baliozkoak izango diren ikuspuntutik. Baldintzak eta arauak izan behar dituzte, baina zorroztasunik gabe.

Egia da nerabeek zarata asko egiten dutela, nabarmendu egin behar dute etorkizunean nortzuk izango diren probatzen hasteko. Helduek arazoak soilik ikustea erraza da: “Errespetua galtzen ari zait”, pentsatzen dute sarri, esaterako. Baina, batzuetan, muga bat ezin dela gainditu konturatzeko, gainditu egin behar da, behin edo birritan. Eta hor norbaitek egon behar du esateko: “Ez, hau errespetatu egin behar duzu, guztion onerako delako”. Presentzia da beharrezkoa, eta, batez ere, honetaz guztiaz gozatzea. Gazteek oraindik helduon beharra dute. Ez da egia gizon edo emakume bihurtzen ari direlako behar ez gaituztenik.

Zerk kezkatzen ditu gurasoak gehien? Kezka horiek bat al datoz gazteen euren kezka eta ardurekin?

Honetan ari garenok gehien entzuten dugun galdera ondoko hau da: “Zer egin dezaket nire semeak edo alabak hau edo beste egin dezan?”. Nerabezaroan, zalantza ugari dituzte gazteek, oraindik ez dakitelako non kokatu behar duten. Sarri azaltzen diet gurasoei: Gazteek duten egoera da norbait etxez aldatzen denekoa bezalakoa. Hau da, etxe zaharra utzi behar duzu, maleta guztiak eskuan dituzula, baina oraindik ezin duzu etxe berrian sartu. Igarobide sentipen eta nahasketa hori dute; dagoeneko ez dira ez haur, baina ezta heldu ere.

Nerabeen nahasmen horrek gurasoengan ere nahasmena sortzen du: “Ume gisa tratatu behar dut? Heldu gisa denetarako? Izan ere, gauza batzuetarako heldutzat du bere burua, eta beste batzuetarako, ez”, pentsatzen dute. Bada, hala da, bai. Igarobide hori zelan egin probatzen ari dira jarduteko era horrekin. Guraso batzuengan antsietate handia sortzen du egoera horrek. Nerabeak etapa horretan dauden pertsonak direla gogorarazi behar diet gurasoei. Sarri, ordea, telebistaren bitartez helarazten digute nerabeak motzean lotu behar direla. Hori bidegabea da.

Eta nerabeei dagokienez?

Nerabeen kezka da ea zein leku hartu behar duten helduen munduan. Heldu izateko garapenean ari dira. Besteek eurei buruz pentsa dezaketenak ere kezkatzen ditu. Izan ere, besteek pentsatzen dutena izaten buka dezakete. Iritzi guztiak dira baliagarriak. Horregatik jartzen dute arreta berezia etxean, nahiz eta, itxuraz, ezerk kezkatu ez edo esaten direnak entzuten ez dituztela iruditu.

Produktibitateak ere asko kezkatzen ditu. Hau da, zertarako balioko duten etorkizunean. Horrek ikasketekin eta norberaren ahalmenekin dauka zerikusia.

Nerabezaroa bizitzako krisirik handiena da: aldaketa fisikoak daude, eta hormonek ostikada handia ematen digute mundura ateratzeko eta kasu egin diezaguten. Eta hori ezin da saihestu. Horrekin batera, hainbat aldaketa gertatzen dira: psikologikoak, harremanen alorrekoak…

Zelan lagundu dakieke aldaketa guzti horiei aurre egiten?

Aldaketa eta gerta daitezkeen egoera guztietan kontuan hartu behar da nortzuk diren eurak: ez dira bereizi behar pertsona eta pertsonak duen egoera. Hau da, ez ditugu ikusi behar zailtasunak sortzen dizkidan seme edo alaba gisa; haientzat, egoera nahikoa nahasgarria da. Beraz, lasai egon behar dugu; jabetu behar dugu era horretako gauza edo arazoak gertatu egin behar direla, eta, hortik abiatuta, aldaketa fisikoei dagokienez, esaterako, bihurtzen ari diren gizon edo emakumea estimatzen dugula ikusarazi. Gurasoak harro daudela sentitzea garrantzitsua da; hau da, onespena ematen diegula bihurtzen ari diren emakume edo gizona izateagatik.

Arazoak sortuko dira, seguru. Hala ere, gurasoek eta seme-alabek aukera izan behar dute ondo doazen gauzak, garaipenak eta antzekoak estimatu ahal izateko. Zailasunei buruz soilik hitz egiten badugu haiekin, ez dute joko guregana lorpenei buruz berba egitera. Eta hori galera bat da. Hazten laguntzeko bidea zein den erakustea behar dugu. Ondo dauden gauzei ere erreparatu behar diegu.

Eta konplexuen edo lagunen iseken aurrean, zelan jokatu?

Guraso eta seme-alaben arteko harremanean, nerabeak gurasoen babesa, laguntza eta sostengua duela sentitzen badu, gurasoak berataz harro daudela, horrek lagun diezaioke. Babesteko modu bat izango da. Bere buruari eta gainerakoei mugak jartzen irakats diezaiokegu, betiere, nerabeak gurasoek zer estimatzen duten beregan sentitzen duelarik. Berezia eta desberdina dela erakutsi behar zaio. Horrek ez gaituela izutzen bera ikararazten duena baino gehiago. Egoera asko zailak dira, baina gurasoen esku dago baliabideak ematea.

Internet eta sare sozialei dagokienez, kontrolatu egin behar dira?

Konektatuta egotea gizakiaren beharrizan natural bat da. Nerabezaroan elkar aurkitzeko lekuak dira horiek. Etxe bakoitzean afera hori berezia da. Heldu gisa informazioa eman behar diegu, eta zein beharrizan asetzen dieten jakin.

Laguntzeko izan edo funtzio osasungarria bete dezakeen bezala, beste menpekotasun batzuen antzera, arrisku jokabide bat eragin dezakete. Dena den, ez dut uste kontrolatu egin behar denik norberak gaztearentzako kaltegarria izan daitekeela uste duenetik haratago.

Eta drogei dagokienez?

Helduok zerbaitek ikaratzen gaitunean, nerabeei esaten diegu arazoari buruz une horretan hitz egin behar dugula, gure ikuspuntua soilik kontuan hartuta. Baliteke gazte horrek uste izatea, ordea, une hori ez dela iritsi. Gurasoek larritasun hori izaten dute batzuetan; baina, sarri, kezkak telebistak edo beste norbaitek sortuak izaten dira. Egoera bakoitzaren aurrean nerabearen barne prozesua zein den ikusteko espazioa eman behar zaie.

Txipa aldatu behar dute, beraz.

Baldintza batzuk ezartzen saiatzen gara gu. Batzuek errezeta liburu bat nahi izaten dute egoera jakin batzuk aldatzeko. Horrelakorik ez dago, ordea. Nik gako batzuk besterik ezin ditzaket eman.

Lan horretan oso saiatuak izan beharko dute gurasoek, ezta?

Bai. Gauzek askoz hobeto funtzionatzen dute zailtasunak izan arren norberak dituen gauzez goza dezakeenean. Ondo konpontzen bagara, gauza zailei buruz hitz egin dezakegu. Nerabeek ikusten badute gurasoek entzun egingo dituztela haserre egon arren, ez dituztela umiliatuko, baloratu egingo dituztela desberdinak edo bereziak direlako… eurenganako konfiantza handiagoa sortzen lagunduko diegu. Ezinbesteko bitamina da hori bizitza osoan. Harremanek hobera egin dezakete, beti. Sintonian egon behar dugu beharrizan horiekin.

Amorru handia ematen didate nerabeei buruz sarri esaten direnek. Bi edo hiru urteko ume bat duten gurasoak ez dira haserretzen kaka egin duelako pardelean; neurriz kanpo haserretzen gara, ordea, nerabe bat ordu erdi berandu iristen delako. Gauza asko etapa horretako berezkotzat ikusiko begenitu, askoz hobeto joango litzateke dena. Zarata asko egiten dute, desafio egiten digute gazteek. Baina normala da. Izan ere, irizpide propioa hasten denean, bestearena desafiatzen da. Desafioa, ordea, ez da gurasoen kontrakoa, eurek behar duten gauza bat baizik. Ohorea da, gainera, gurasoekin probatzea hori, horrek esan nahi baitu estiman duten erreferentzia gurasoena dela.