Murrizketen aurka kalera irtengo dira Basurtuko beharginak

“Madrilek inposatu nahi” dizkien neurriei kontra egiteko, Basurtuko Ospitaleko langile batzordeak manifestazioa antolatu zuen iragan ostiralerako, ospitalea pairatzen ari den murrizketen aurka. Satse, ELA, LAB, UGT, CCOO, FFHE, SME, SAE eta USO sindikatuek osatzen dute batzordea, eta egoera salatu nahi izan dute. Murrizketarik ez! lelopean mobilizatu ziren ospitaleko hainbat langile. Astero biltzen da batzordea, eta hemendik aurrera, euren aldarrikapenak herritarrei ezagutzera emateko, kalera ateratzea erabaki dute.

Langile batzordea ez dago ados ospitalearen egungo egoerarekin. Izan ere, lan baldintzek “okerrera” egin dutela salatu du. Negoziaziorik ez dagoela eta inposizio bidez hartutako neurriak pairatuz egiten dutela behar azaldu dute batzordeko kideek.

Aparteko orduak egitearen aurka agertu dira langileak, milaka lagun langabezian daudela argudiatuz. “Lanaldia luzatu nahi digute, erabaki hori inposatuz, eta oso txarto deritzogu. Izan ere, erabaki horrek ondorio latzak ekarriko lituzke, hainbat behin-behineko lankide langabeziara joango liratekeelako. Hori ezin txarragoa izango litzateke gainera Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dugun egoerarako”, jakinarazi du Jose Antonio Heras Basurtuko Ospitaleko langile batzordeko kideak.

Langile publikoen soldaten murrizketari dagokionez, Osakidetzako langileek boterea galdu izana eta Gabonetako saria kendu izana ere salatu dute. “Lehengo egunean Urkullu lehendakariak, komunikabideei egindako adierazpenetan, diru hori itzuli egingo digutela esan zuen, baina ahal dutenean izango dela. Guk 2013an itzul diezaguten exijituko diegu”, azpimarratu du Herasek. “Nahiko kafkiarra iruditzen zaigun egoera bat ere badago, Gabonetako sariarekin lotuta. 2012. urteko bigarren sei hilabetekoan kontratua bukatu zitzaien behin-behineko langileek Gabonetako aparteko lansaria jaso zuten. Orain Osakidetzak diru hori bueltatu behar dutela esan die, eta lankide horiek Osakidetzaren zordun bilakatu dira. Egoera konplikatua da zinez”.

Urte honetan kalera “behar bezainbeste” aterako direla esan du Herasek; ospitaleko langileek euren eskubideak errespetatzeko eskatuko dute. “Funtsean, langileen poltsikoan eskua sartzeari uzteko borrokatuko gara, nahikoa hutsik daukagu jada eta”.

Neurri zorrotzak

Gardentasun falta eta diru publikoaren erabilera txarra, erretiroa lortzeko zailtasunak, pentsioak izoztea, lanpostuak galtzea itxaron zerrendak luzatuz, eta, ondorioz, herritarrei arreta txarragoa eskaintzea… Neurri horiek guztiek osasun sektorearen moduko alorrak zigortzen dituztela salatu du batzordeak. Osasun langileek eta osasun langileak ez diren bestelako beharginek lan baldintzen okerragotzea sufrituko dutela dio. Eta erabiltzaile guztiek ere igarriko dutela ohartarazi du, osasun zerbitzuen kalitatearen jaitsiera pairatuko dutelako. Botere publikoek “egungo krisia eragin dutenen aurkako neurriak” har ditzatela eskatzen dute; hau da, finantza merkatuen, espekulatzaileen eta banketxeen kontra mugi daitezen. Era berean, ekonomia bultzatzeko, konponbideak emateko eta neurri egokiak hartzeko eskatu diete.

Neurri horien aurka egiteko argudio gisa oinarrizko lau ardatz hartu ditu enpresa batzordeak. “Beharrezkoa eta premiazkoa da osasun sistemaren eraginkortasuna hobetzea, kalitatea eta eskubideak galdu barik”. Osakidetzan lan egiten duten pertsonek euren esfortzuarekin lan egiten dutenen kolektiboa osatzen dutela nabarmendu dute. Euskal osasun sistema oinarrizko eskubidea dela nabarmendu dute, baita egungo krisitik ateratzeko indarra ere. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 30.000 lanpostu baino gehiago daude osasun arloan. “Langile publikoak ez gara krisiaren errudunak, baizik eta sektorearen etengabeko aldaketen biktima”, gaineratu dute.