“Lanak sekulako bizitasuna dauka enkantean: joko bat da”

Arrain kaxa artean pasatzen ditu eguneko ordu asko eta asko Angel Arkotxa Eluk (Ondarroa,1963). Ondarroako Kalare Deuna kofradiako salmenta arduraduna da. 1988. urtea zen behar horretan hasi zenean. Aurretik, aitaren bitartez, ezaguna zuen arrain mundua. Kofradian lan egiten zuen gizonezko baten gaixotasun bat tarteko, bentan lan egitea eskaini zioten; hasieran, hiru hilabeterako, antxoa kostera bat egiteko. Laguntzen hasi zen: karroak jaso, mantenua egin… Antxoa sasoia amaitu zen, hiru hilabeteak joan ziren, eta bertan jarraitu zuen. 1990ean egokitu zitzaion bere lehen benta egitea. Iñaxio Urkiaga eta Jesus Mari Bengoetxea Berde-gaz hasi zen ofizioan; haiek erakutsi zioten dakiena. “Ez nekien nondik hasten zen benta bat. Sekula ez dut tilarik hartu, baina goizero-goizero hartu nuen hantxe hastean”. Urduritasunak urduritasun, ondo joan zitzaion guztia. Salmentak informatizatuz joan ahala, boligrafoa alde batera lagaz joan ahala, berak hartu zuen benta tokiaren ardura.

Turrunak noiz joko

“Turruna jotzen da Ondarroan arraina portura sartu dela jakinarazteko”. Horrela egin da urte askoan. Orain dela 50 urte, erosleak emakumeak ziren; etxean egoten ziren, eta haiei abisatzeko jotzen zen. Turrun bat jotzen denean, hegaluzea edo hegalaburra sartu dela esan nahi du; bi turrunek, txitxarroa, berdela, sardina, boba… sartu direla. Hiru turrun jarraian jotzen denean, antxoa sartu da; orain ez, baina lehen lau turrun jotzen ziren. Antxoa txikia zetorrela adierazteko izaten zen. Bostetik aurrera, arazo larri bat bazegoen, sutea edo ezbeharren bat.

Benta tokiko lana goiz hasten da, 06:00etan. Eguneko lehen turruna 06:30ean jo behar izaten da, betiere arraina baldin badago. Orduantxe hasten da martxa. Lehenengo benta 07:00etan egiten da. Orduan hasi, eta, arraina baldin badago, ordu erditik behin egiten dira salmentak. Eta azkena, 24:00etan. Orain momentuan sasoi lasaia da, eta nahikoa goiz amaitzen dira salmentak.

Hiru motako erosleak egoten dira bentan. Txikizkariak: arrandegietakoak izaten dira horiek; eskualdekoak, Mutrikukoak, Durangaldekoak, Basauri bueltakoak, Bergarakoak, Eibarkoak, Zumaiakoak eta Arrasatekoak etortzen dira. Handizkariak dira besteak, esportatzaileak, Espainiako hiriburuetara eta atzerrira kamioietan arraina eramaten dutenak. Arrain jakin batzuk eramaten dituzte haiek: boba, berdela, txitxarro apur bat. Kontserba fabriketakoak dira beste erosleak, arraina latetan saltzeko erosten dutenak.

Interesatzen zaien arraina erosteko, adi-adi egon behar izaten dute erosleek. 74 jesarleku daude bentalekuaren beheko aldean, eta beste batzuk goian. Beheko aulki guztiak betetzen dira eguneko lehenengo bentan. Erosle bakoitzak bere aulkia dauka jesartzeko, txirrin bategaz.

Saltzaileak ipintzen du arrainaren hasierako prezioa, beste kofradietakoekin hartu-emanetan egonda, zein prezio ezarri erabakitzeko. Salmenta bat egindakoan, saltzen denak ematen dio erosleari jakitera zein preziotan erosi behar duen.

“Txalupaka egiten dira salmentak: txitxarroa eta boba ekarri baditu ontzi batek, lehenengo txitxarro guztia salduko da, eta gero boba”. Arrantzaleak lehenengo pisura botatzen dituen garauak onenak izango dira normalean. “Saldu, kutxaka saltzen da bentan, eta ordaintzen den prezioa kiloari dagokiona izaten da”. Eta sistema azkarra da: bentak bizkorrak dira Ondarroan. Gabezia batzuk egon badaude ere, “benta eta pisatze sistema arinak dira”. Ondarroan egitekoak diren lonja berriak ekarriko ditu aldaketa bat edo beste, baina salmenta sistema bera izango da.

Bentak, euskaraz ez, gaztelaniaz egiten dira. Beti egin izan dira horrela. Kanpotarrek, dena dela, hein batean, landuta daukate euskarazko harremana. Arkotxak euskaraz egiten ditu elkarrizketa asko eta asko, eta gero, berba egindakoa azaldu.

Beharrean gozatu

Lanbidea gustukoa duen galdetuta, baietz dio. “Enkantearen unean, lanak sekulako bizitasuna dauka: joko bat da”. Sarri, estresagarria ere bada: Galizian hasi eta Hondarribira bitarteko itsasontziek ekartzen dute arraina Ondarroako kofradiara, eta gauza asko egoten dira egiteko kanpaina batzuetan. Sasoirik “zoroena” antxoa sasoia da, eta berdelena ere bai, nahiz eta motzagoa izan. Polita da, baina, egoten den bizitasuna. “Antxoa egon ez denean, oso txarto pasatu dugu; gaur egun enpresa batzuetan dagoen krisiaren parekoa izan ziren bost urte horiek”. Sasoirik aberatsena izan beharrekoa tristeena izan zen: herri osoan igar zitekeen.

Eta sasoia edozein dela ere, bentalekuan bat egiten dutenekin harreman ona izatearen garrantzia azpimarratu du benta arduradunak. Ofizioa bera moduan, harremanak lantzearen garrantzia Urkiaga eta Bengoetxeak erakutsi ziotela aitortu du. “Jendeagaz egon behar zara. Denak ez dituzu maite, baina denekin bizi behar da. Ikastola batean irakaslea izatea modukoa da”. Haserreren bat edo beste dagoenean, beharrezkoa da esku ona edukitzea. “Negozioak ez dira beti ondo ateratzen, eta kafe bat baino gehiago hartu behar izaten da gorabeherak konpontzeko”.