Janaritegia betetzeko eguna

Neguko jaiak atzo hasi ziren Mungian, San Antonen omenez Santantoi baselizan emandako mezarekin. Dena dela, egun handia gaurkoa dute: San Antontxu. Mungiarren eta eskualdeko herritarren egutegian gorriz markatuta dago. Milaka lagun elkartuko dira, bada, erdiguneko kale eta plazetan zein ferilekuan.

Ortuariak, ogia, txakolina, sagardoa, eztia, gazta, kontserbak, gozoak, pastelak eta txerrikia egongo dira Foruen plazan, Matxin plazan eta Trobika, Alkartasuna eta Itxaropena kaleetan egongo diren erakusmahaietan. Bentades eta Iturribide kaleetan, berriz, eskulangileak egongo dira, zurez, zumez, larruz, beiraz zein burdinaz egindako lanak saltzen. Zelan behar egiten duten ere ikusi ahal izango da, bertatik bertara.

Ferilekuan, azkenik, abere feria egongo da. Mungia da Bizkai osoan maiztasun erregularreko ganadu feria duen herri bakarra. San Antontxu eguneko hau, ordea, denetan bereziena izaten da. Behiak, txerriak, ahuntzak, ardiak, oiloak… denetarik ekarriko dute abeltzainek. 11:00etan, Euskal Herrian hazten diren hainbat behi arrazaren erakustaldia egingo dute, eta bakoitzak dituen ezaugarrien inguruko azalpenak emango dituzte. Nahi duten ganaduzaleek salerosketarako aukera izango dute. Baserriko makinak, lanabesak, fruta arbolak eta loreak ere salgai izango dira.

Euskadiko Odoloste eta Txorizoen XVII. Sariketa ere jokatuko da gaur. Andra Mari plazan egongo dira epaimahaikideak, eta, 11:00etatik aurrera, produktuak dastatzen ibiliko dira. Ordu berean, udaletxe aurrean euskal txerria zatitu, eta erreta banatuko dute. Odolosteak zelan egiten diren ikusteko aukera ere egongo da. 13:00ean banatuko dira sariak, bai txerriki sariketakoak eta bai nekazaritza azokako ekoizle onenei dagozkienak. Guztiei ohorezko aurreskua dantzatuko diete.

Inguruko baserritarren artean tradizioa da urtarrilak 18 dituen guztietan goizean azoka ikusi, eguerdian bapo bazkaldu, eta arratsaldean pilota partida ikustera joatea. Horretaz gain, umeentzako antzerkia, Eganen erromeria eta Betagarri taldearen kontzertua ere izango dituzte gaur Mungian bilduko direnek.