Ikara hutsean geratu da dena

Joan den asteburuan hasi, eta azken astean euria etenik barik egin du Bizkaian. Martitzenean, gainera, gogotsu bota zuen. Ibaiek gainezka egin ohi duten lekuetan larritu egin ziren, baina oraingo honetan ez da sortu aparteko arazorik. Ikara hutsean geratu da.

Gobela ibaiari begira ibili ziren Uribe Kostan. Berango inguruan gainezka egin zuen. Sabino Arana kaleko lokal batzuetara ura sartu zen. Getxon ere larri ibili ziren arratsalde osoan, ibaiari begirik kendu barik. Baina azkenean Gobelak ez zien disgusturik eman. Gazteluzarrako argindar estazioa busti egin zen, eta 3.000 etxe ilunpetan geratu ziren.

Ibaizabal ibaiak ere gainezka egin zuen. Goizean, Abadiñon, Matiena inguruan. Izan ere, goizaldean 26,5 litro bildu ziren inguru hartan metro koadroko. Iurretan ere hazita zegoen ibaia. Galdakaon arazo gehiago sortu zituen. Mercadillo zubia itxi egin behar izan zuten, eta Uretan badaezpada autoak ateratzeko agindu zuen Galdakaoko Udalak. Basauri eta Etxebarri artean ere arazoak egon ohi dira, baina oraingoan, Ibaizabalen ibilgua egokitzeko lanei esker, salbatu egin dira.

Bilbon ez du arazorik sortu ibaiak, baina Unibertsitateen Etorbidean arazoak izan ziren, menditik behera jaitsitako urak sortutako putzuen ondorioz. Errepidea urpean geratu zen, eta Deustuko Unibertsitateak arratsaldeko eskolak bertan behera utzi zituen, badaezpada. Ordubetean bakarrik 15,4 litro bota zituen Deustuan.

Butroe ibaia ere harrotuta ibili zen, Uribe Butroe eskualdean. Mungia herrigunean gainezka egiteko zorian egon zen arratsaldean, itsasgora izan zenean. Mungia eta Jatabe arteko errepidea, Jatabetik Gatikara doana eta Mungia eta Gamiz-Fika artekoa itxi egin behar izan zituzten.

Txorierrin, berriz, arazoak eragin zituen Asua ibaiak. Derio eta Sondika artean bere bidetik irten eta inguruko belardietan uholdeak eragiteaz gain, industrialdera ere iritsi zen. Erandioko Asua auzoan ibili ziren larrien. Supermerkatu handi bat hustu egin behar izan zuten, eta errepidean hainbat auto harrapatu zituen urak.

Busturialdean, ur puntzuek arazoak sortu zituzten zirkulazioan; bereziki, Muruetan. Busturiako San Kristobal auzoan Mape errekak gainezka egin zuen, eta Foruan, Upeta errekak. Lea-Artibain, Lea ibaia bere bidetik irten zen Oletan (Amoroto) eta Artibai Errenterian (Ondarroa). Luiziek arazoak sortu zituzten eskualdean. Baita Arratian ere: BI-4531 errepidea itxita utzi zuen lurrak, Igorre parean.

Barakaldon, Bi-3739 eta BI-4743 errepideak itxi egin behar izan zituzten arratsaldean, ur putzuak zirela eta.