Geltoki eta trenetan kabitu ezinik

Maiztasunean gehiegi igartzen ez den arren, erabiltzaileek nabaritu dute azken asteon Bilboko Metroan astegunetan 50 tren gutxiago dabiltzala. Murrizketa hori 10:30etik 23:00era artean egin dute, goizeko puntako ordua salbu utzita. Urtarrilaren 10ean jarri zuen indarrean zuzendaritzak. Bidaiari gehienak haserre daude, nahiz eta badiren hain larritzat jo ez duten batzuk. Aldaketen berri komunikabideen bitartez eta berandu jakin izana ere salatu du hainbatek.

Bilbon bertan lehen hiru minutuan behin igarotzen ziren trenak orain hiru minutu eta 20 segundoan behin pasatzen dira. Lehen eta bigarren lineetan, San Ignazioko geltokitik Santurtzi eta Bidezabal artean sei minututik sei minutu eta 40 segundora arte luzatu da tren batetik besterako tartea. Plentziara doazenak, berriz, 18 minutuan behin barik 20 minutuan behin igaroko dira. Uribe Kostako azken geltoki horretan hartzen du Amaia Bilbaok metroa egunero, hiriburura etortzeko. Haren esanetan, bi minuturen alde horrek txikia dirudien arren, “kalte itzela” egiten die plentziarrei. “Bazkaltzera etxera itzultzen naiz, eta gero berriz etorri behar izaten dut beharrera. Denbora justu samar izaten dut joan, jan eta itzultzeko. Orain ordutegia hankaz gora jarri didate, eta metroa galduz gero, ez nuke astirik izango”, azaldu du. “Zerbitzua hobetu beharrean okertu egin digute”, dio. Izan ere, plentziarren artean betidaniko aldarrikapena da Bilborako trenak maizago izatea. “Lehendik genuen apur hori ere kendu egin digute!”, salatu du.

Erabiltzaileen kopuruan izandako beherakada aipatu du Bilboko Metroko zuzendaritzak murrizketa justifikatzeko. Azken urtean %2 jaitsi da bidaiarien zenbatekoa. Baina zerbitzuak izan duen beherakada askoz handiagoa izan da: astegunetako trenen %10 kendu dute.

Bilbaok ukatu egin du jende gutxi dabilela. “Goiz erdian ez dakit, baina ni bazkaltzera joaten naizenean jendez lepo joaten da trena. Orain tren gutxiago baditugu, bakoitzean are gehiago ibiliko gara”, dio.

Hori nabaritu du Begoña del Campo bilbotarrak. Deustuan bizi da, eta Abando inguruan egiten du behar. Etxetik lantokira oinez 20 minutu dituen arren, beti presaz ibiltzen dela eta metroa hartzen duela dio. “Segundo batzuk gorabehera, ez dut denbora askoz gehiagorik itxaron behar. Baina eguerdi aldera trenaren barruan kabitu ezinik joan gara. Normalean ere jende asko ibiltzen da, baina orain gehiago. Datu zehatzik ez daukat, baina nik behintzat hori sentitu dut”.

Francisco Javier Martinez leioarrak “normaltzat” jotzen du murrizketak egitea. Hark “doiketak” aipatu ditu. Baina uste du bazkalordua eta arratsaldeko azken ordua kanpoan utzi behar izan direla, goizeko puntako orduarekin egin duten legez. “Erabakiak arrazoiz hartu behar dira, eta erabiltzaileok badakigu eguerdian eta lanetik irteteko orduan ezin dela zerbitzua gutxitu. Nabari da zuzendaritzak ez duela metrorik erabiltzen”.

Langileekin adostu gabe

Beharginak ere ez daude pozik, noski. Langile batzordearen oniritzirik gabe ezarri dituzte aldaketa hauek. Salatu dutenez, Bilboko Metroan lehenengoz murriztu da zerbitzua 17 urtetan. Erabiltzaileen irudipen berbera dute eurek ere: bazkalorduan eta beharretik irteteko orduan nasetan eta trenen barruan jendetza pilatuko dela, eta arrisku egoerak sortu.

LAB sindikatuko ordezkari Raul Mendezek, kasurako, zentzugabe eta neurrigabetzat jo du erabakia. “Lanegunetan trenak kentzeko erabaki horri lehendik ekitaldi bereziak daudenean zerbitzua indartzen ez dela gehitzen badiogu, gerta daiteke bezeroak saldoka biltzen direnean beharrezkoak diren gutxieneko segurtasun neurriak nahikoa ez izatea”, ohartarazi du.

Hain zuzen ere, bi murrizketa hauek bat egin zuten lehengoz joan den barikuan: ez zen zerbitzu berezirik jarri Athletic San Mamesen jokatzekoa zen arren, eta 50 tren gutxiago zebiltzan bigarren eguna izan zen. Norgehiagoka bukatu zenean, zelai ondoko geltokia mukuru bete zen. Erabiltzaileak haserre zeuden, denbora mordoa itxaron behar zutelako. Nasak, eskailerak eta sarrerak jendez beteta egon ziren. Bai bidaiariek bai sindikatuek segurtasuna kolokan zegoela salatu dute.

Mendezen ustetan, zuzendaritza “diru etekinei adiago dago zerbitzuaren segurtasunari eta kalitateari baino”. Gizarteak eskatzen dion horretara moldatu ordez, “zerbitzuak murrizten tematuta” egotea leporatu dio zuzendaritzari. Bidaiarien lantaldea murriztu nahi izatea ere salatu du Mendezek. “Neurri honek ez du zentzurik hedatzen ari den enpresa batean. Izan ere, Bilboko Metroak 2013 amaieran beste geltoki bat izango du: Kabiezesekoa”.