Euskara, ikusiz ikasi

Ikuskizunak

Bilbo

Hiru eta zortzi urte arteko gaztetxoen artean euskararen erabilera sustatzea helburu hartuta, abian dago, Bilbon, bederatzigarren Ikusi eta Ikasi programa. 43 ekitaldiz osatutako programa prestatu du aurten udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol sailak Euskara Elkarteen Topagunearekin batera.

Antzerkia, magia, musika, pailazoak, ipuin kontalariak, familia osoak parte hartzeko tailerrak eta bestelako ikuskizunak izango dira martxoaren 23ra bitartean. Aurten, gainera, programako jarduerak Errekalde eta Abandoko udaltegietara ere zabaldu dituzte.

Gaur eta bihar, esaterako, Jolasen Txokoa egongo da zabalik Deustuan. Gaur, 17:30etik 19:30era zabalduko dute, eta, bihar, 10:30etik 12:30era. Jostailuak, bideo jokoak, liburuak, filmak, musika eta komikiak egongo dira ikusgai erakusketa dinamiko horretan.

Magiak ere tartea hartuko du jarduera horien guztien artean. Datorren martitzenean, esaterako, Kidam Magoa ikusteko aukera izango da, 18:00etan, Begoñako udaltegian. Datozen asteetan ere izango dira magia saio gehiago.

Eguenean, bestalde, Pon eta Pa pailazoen ikuskizuna izango da, 18:00etan, Tiboliko ikastetxean. Pailazo eta zirku ikuskizun gehiago izango dira otsailean eta martxoan ere. Abenturak, txotxongiloak eta bestelako istorioak ez dira faltako programaren barruan. Datorren asteko zapatuan, esaterako, Hala bazan! antzeztuko dute Rosa Martinezen txotxongiloek Deustuko Udaltegian, 11:00etatik aurrera.

Bestalde, aurretik ere egin izan duten sukaldaritza tailerra errepikatuko dute, seme-alabekin errezetak prestatzeak ahozkotasuna eta gaitasun komunikatiboak garatzeko “aukera paregabea” eskaintzen duela iritzita. Hilaren 29, 30 eta 31n egingo dituzte Begoña, Errekalde eta Castañoseko udaltegietan, 18:00etan. Otsailaren 2an, Deustuan izango dira, 11:00etan. Horrez gain, pailazo baten mozorroa sortzeko tailerra egingo dute Begoñako udaltegian, otsailaren 5ean.