Emozioen sortzaileen eskolak

Bizkaian hainbat antzerki talde eta antzerki eskola daude. Antzerkigintza, aisialdiko jarduna baino askoz gehiago baita zenbaitentzat; lanbidea da. Aspaldi profesionalizaturiko lana. Horren adibide ditugu, besteak beste, BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegia eta Artebi Musika, Arte eta Ikus-entzunezkoen Bilboko Eskola. Biak ala biak asmo edota helburu berarekin sortu ziren: antzerki ikasketak eskaintzea. Beharrizan hori betetzeko zabaldu zituzten ateak.

BAI Bizkaiko Antzerki Ikastegiak hamasei urte beteko ditu aurten. Ibilbide oparoa egin du eskolak. Egungo euskal aktore ezagun asko han ikasitakoak dira, eta Euskal Herrian zein atzerrian dabiltza lanean; zineman, antzerkian zein telebistan. Joseba Lazkano da zuzendaria, Fernando Montoyarekin batera. Lazkanoren berbetan, “15 urte hauek arin pasatu dira, ia konturatu gabe. Beti aurrera begira jardun dugu, gogoz, gustura eta lan egokia, sakona eta gogotsua eginez”.

Eskola antzerki talde batetik sortu zela azaldu du Lazkanok. Barakaldon, Santurtzin, Leioan, Bilbon eta beste hainbat herritako institutuetan eskola orduetatik kanpo antzerki eskolak ematen zituzten orduan. Institutuetako ikasle horiek bultzatuta jaio zen eskola bat martxan jartzeko asmoa. “Ikasketak amaituta, antzerki eskolekin segitu nahi zutela-eta guregana hurbildu ziren. Horrela, hausnarketa egin, eta eskola sortzea erabaki genuen”. Barakaldoko Udaleko Kultura sailera jo, proposamena aurkeztu, eta baiezkoa eman zieten. “Berehala izan zen, ez ziguten inolako oztoporik jarri. Naturalki irten zen dena”, gogora ekarri du.

“Juan Antxietaren antzerki eskolaren oinordekoa da Artebi, 2000.urtean sortua”, azaldu du Jose Miguel Elvirak. 2009tik dabil han lanean, eta, ordutik, antzerki saileko koordinatzailea eta interpretazio irakaslea da. Gainera, besteak beste, 2004an EHUren Antzerki eta Arte Eszenikoen graduondokoa sortzen ibili zen. 2004-2005koa izan zuten lehen ikasturtea, eta, orain artean, 100 lagun inguruk eginak dituzte goi mailako ikasketa horiek.

Ibilbide luzea darama Elvirak antzerkigintzan, eta ondo gogoratzen du zelan hasi zuen bere ibilbidea. 1976. urtean hasi zen ikasten Errekaldeko Herri-Unibertsitatean.”1970eko hamarkadan antzerkia desertua zen; ez zegoen ezer”, dio. 1976. eta 1977. urteen inguruan, Durangoko Antzerki Eskola sortu zen, eta han ikasi zuen, Alex Angulo aktore ezagunarekin batera, besteak beste. Eskola hura urtebetez soilik egon zen zabalik. Eta, ondoren, 1977-1978ko ikasturtean sortu zen Basaurikoa. Han ere ikasi zuen. “Gustuko genuena egiten genuen, ez genekien etorkizunean zer pasatuko zen”. Geroago, 1983. urtean, Getxoko Antzerki Eskola sortu zuen beste kide batzuekin batera, eta hango zuzendari eta irakasle izan zen 1995.urtera arte. Halaber, Portugaleteko Antzerki Eskola ere sortu zuen, 1996an.

Eskola “praktikoak”

Barakaldoko Arauti kaleko bosgarrenean dago BAIren egoitza. Lehendabizi, ondoko eraikin batean egon ziren, baina azken sei urteotan antzinako Musika Eskolaren eraikinean daude. Bi solairu ditu eskolak. Horietan dituzte, besteak beste, ikasgelak, liburutegia eta bideoteka, emanaldiak egiteko oholtzak eta aldagelak. Egun, 150 ikasle daude Bizkaiko Antzerki Ikastegian. Haur eta helduentzako ikastaroetan dabiltza gehienak, 120 bat, eta besteak aktore izateko ikasketak egiten dabiltzanak dira. Hasieratik gaurdaino, ikasle eta irakasle kopurua antzekoa izan da urtez urte. “Bost irakasle izaten hasi, eta hamabi genituen berehala”, dio Lazkanok. Bestalde, Artebik Deustuan du egoitza, eta, orotara, 500 ikasle inguru dituztela esan du Elvirak. Horietatik, antzerkigintzan 100 bat daude. Gehienak bizkaitarrak eta gipuzkoarrak direla dio, baina bada errusiarren bat eta Hego Ameriketakorik ere. “Antzerki sailean 15 irakasle gaude”.

Aktore izateko BAIko ikasketak lau urtekoak dira. Antzezle izateko beharrezko diren tresnak ematen zaizkie ikasleei. “Guk aktorea ez dugu ulertzen interprete soil moduan, sortzaile gisa baizik”. Ondorioz, sorkuntza bultzatzen saiatzen direla dio Lazkanok. Horregatik, besteak beste, interpretazioa, inprobisazioa, Stanislavski metodoa, ahotsa, kantua, gorputza, soinu adierazpena, akrobazia, esgrima, dantza eta idazketa lantzen dituzte. Ikerkuntza eszenikorako gune bat ere badute, eta antzerkiaren historia eta teoria ere ikasten dituzte. “Eskola oso praktikoa da. Aukerak eskaini, eta bakoitzak bere bidea topa dezan saiatzen gara”.

Halaber, eskolan bertan eta handik kanpo ere ikasleen lanak aurkezten dituzte. “Gerora topatuko dutena ondo ezagut dezaten eta ikus ditzaten antzoki eta publiko askotarikoak”. Euskal Herritik kanpo ere erakutsi izan dituzte euren sormenak. Bestalde, bekei esker, BAIko ikasleak Indian, Polonian zein Amsterdamen ere egoten dira zenbait hilabetez. Azken bost urteotan, Amsterdamgo eskola batekin dute hitzarmena, eta bina ikasle eta irakasle trukatzen dituzte. “Irakasleak hamabost egunerako joaten dira; ikasleak, hilabeterako”.

2012-2013ko ikasturte honetan, gainera, PAP Performing Arts Programme izeneko nazioarteko ikasketak ematen hasi dira, ingelesez. Aktore lanetik haratago, sorkuntza lantzeko graduondoko ikasketa da. Urtebeteko iraupena du, eta ikasturte honetan bederatzi ikasle dituzte; bost euskal herritar, ingeles bat eta hiru italiar. Ikasketetan ikasitakoa lantzeko aukera bikaina izango dute aktore horiek. “Bakoitza lan batekin aterako da graduondotik, eta Europa osoan bira bat egingo dute”.

Askotariko eskaintza

Artebiko Arte Dramatikoko Eskolan hiru urteko ikasketak dituzte, eta eskolak arratsaldez izaten dira. Sei irakasgai eskaintzen dituzte bertan: Interpretazioa, Ahotsa, Gorputz Adierazpena, Antzerkiaren Historia, Dantza eta Kantua. “Gure helburua interpretazio sinesgarriak egitea da, egiazkoak. Aktoreek egiten dutena bizitzea; senti dezatela, emozionatu eta diberti daitezela”. Lana eta ahalegina azpimarratu ditu Elvirak. Era berean, teknika ikastea eta denetariko egoeretan moldatzeko gaitasuna ere ezinbestekoak direla esan du.

Umeentzako zein helduentzako ikastaroak ere eskaintzen dituzte bi eskoletan. Haurrak antzerkian murgiltzeko tailerrak dira, eta euskara hutsean ematen dituzte BAIn. Txotxongilo tailerrean, adibidez, “primeran” pasatzen dute. 16 urtetik gorakoentzakoak, ostera, gaztelaniaz dira, eta interpretazioa lantzen dute. Ikastarook asteburuetan egiten dituzte. Ikastaroen helburua, berriz, antzerkirako grina sortzea dela dio Lazkanok. Artebin, astean behin izaten dira tailerrak, bi edo hiru ordukoak. Lau urteko umeetatik hasita, 55 urtetik gorako helduetara, adin guztietako ikasleentzako moduko proposamenak eskaintzen dituzte. Magia tailerra, ingelesekoa, film laburrena, gidoigintzakoa, eta beste hainbat ikastaro daude, besteak beste, eskaintzen dituztenen artean.