ACT jaialdiak hamar urteko ibilbidea beteko du aurten

Nazioartean harremanak sortzeko abagunea eskaini dio ACT jaialdiak Bizkaiko Antzerki Ikastegiari. Antzerki eskolen jaialdi gisa sortu zuten duela hamar urte. Baina, berehala bihurtu zen eszena sortzaile berriak sustatzeko eta ezagutarazteko plaza. Hemengo zein kanpoko sortzaileak. BAIko kideek beti izan dute interesa Euskal Herrian zein kanpoan egiten dena ezagutzeko. Mundu osoko sortzaileak pasatu dira jaialditik. Elkarren artean truke asko sortu dira hari esker. Izan ere, antolatzaileen berbetan, lehiaketarako baino gehiago, aktoreen topagune, erakusleiho eta trukerako esparrua izan nahi du jaialdiak. Aurtengoa, ekainaren 3tik 9ra egingo dute, Bilbo eta Barakaldo artean.