Herritarrak ardatz

Herriko Greba Batzordean emandako hasunarketaren ostean sortu zuten Leioako zenbait bizilagunek Leioan Bagabiz plataforma. “Mugimendu feministako kideak, gazte mugimendukoak, sindikalistak… Hainbat gizarte eragilek osatzen dute herri bilgunea, arlo ezberdinetako jendeak; mugimendu jakin batean ez daudenak ere badaude, baina guztiok parte hartzen dugu banako gisa”, azaldu dute plataformako kideek.

Lan baldintza eta bizi-baldintza duinen aldeko borroka egitea du xede Leioan Bagabiz taldeak. “Alde batetik, lan munduaren inguruan dauden baldintza prekarioak salatu nahi ditugu, eta lan eta bizi-baldintza duinen alde borrokatu”, azaldu dute plataformako kideek. Uste dute gauza asko barneratzen dituena, eta orain dabiltza plataformaren ildo nagusiak zehazten. Helburu nagusia da egungo krisi garaian lan eta bizi-baldintza duinen alde borrokatzea.

Azaroaren amaieran, modu iraunkorrez eta jarraitutasun batekin aurrera jarraitzea erabaki zuen herri bilguneak. “Ordutik, bi asterik behin bildu izan gara, eta orain astero egiten ditugu bilerak”, jakinarazi dute taldekideek. Gabonetan aurkeztu dute ofizialki plataforma. “Leioa izango da plataformaren lan esparru nagusia, baina Uribe Kostako eta inguruko sozioekonomia arloko gainerako eragileekin ere elkarlanean aritu gara. Besteak beste, Euskal Herria Martxan lan duinaren eta eskubide sozialen aldeko egitasmoa antolatzeko, harremanetan egon gara”, azaldu dute plataformako kideek. Aurrerantzean ere, haiekin elkarlanean aritzeko asmoa dute.

Solasaldiak antolatuz

Urtarrilean, hainbat solasaldi antolatu ditu Leioan Bagabiz plataformak. Udal kiroldegiko erabilera aniztuneko gelan egin dituzte hizketaldiak. Horietan, Euskal Herrian zehar martxan dauden hainbat esperientziaren berri jaso, eta euren aburuz herrian landu beharreko lehentasunen inguruan gogoeta egin dute.

Hiru gairen bueltan ibili dira, batez ere. Batetik, etxebizitza eskubideari buruz aritu ziren lehenengo solasaldian. Desjabetzeen gaiak duen gaurkotasuna ikusirik, ezinbestekoa iruditu zitzaien hori hizpide izatea. “Jende askok oso ideia orokorra du desjabetzeei eta etxebizitza eskubideari buruz; hedabideetan agertzen dena baino ez daki”, azaldu du herri plataformak. Hartara, beste hainbat alternatiba daudela erakutsi nahi dute solasaldietan. Proiektu bi azaldu zituzten jardunaldian. Batetik, Bilboko Okupazio Bulegoko kideek okupazioak ematen dituen aukerez informatu zuten han bildutako jendea. Izan ere, okupatzea erabaki dutenentzako aholkularitza tekniko eta juridikoa eskaintzen du bulego horrek. Bestalde, Gasteizko Judimendi auzoan Gazte Asanbladak, Auzo Elkarteak eta Elkartzen taldeak bultzatutako Judimendin Bizi egitasmoaren berri eman zuten, non etxe hutsen jabeen eta etxea behar zutenen arteko harremana sortzen zen, bitartekorik gabe. Elkartzen taldeak Gasteizko proiektua zertan datzan jakinarazi zien hara joandakoei.

Zaintza eta gizarte zerbitzuen gaia ere jorratu zuten beste solasaldi batean. Sektore horrek ere murrizketa latzak pairatu ditu, eta horren gaineko informazioa eman zuten. “Prekarietate sozialaren inguruan ere, bizi-baldintza hobeak lortzeko alternatibak aurkeztu genituen; horretarako, Berri-Otxoak taldeko zenbait kide gonbidatu genituen”.

Oraindik ez dute ezer baztertzen: “Oraingoz, geure burua aurkezten gaude, gure ildo ideologikoak zehazten. Elkarlanean arituko gara eskualdeko hainbat eragilerekin, eta Leioan egin nahi dugu lan gehiena. Batez ere, kalea izango da borrokatzeko esparrua”. Blog bat ere sortu dute, eta sare sozialetan ere badaude. Oraingoz, hori da plataformak duen ibilbide laburra.

Datorren urtarrilaren 17an, Kafe herrikoia deituriko eztabaida antolatu dute plataformako kideek. Aurreko solasaldi horietan parte hartu zutenen arteko hizketaldia izango da. “Bertan, aurrerantzean Leioan Bagabizen zer gai landu nahi dugun ere erabakiko dugu”, azaldu dute.