Astra arma lantegia izandakoa, egun, kulturarako fabrika sozial bihurtu dute gernikarrek, zazpi urtean lan eta lan eginez. Herrian sortutako mugimenduari esker, 2006an Gernika-Lumoko Udalak ordura arte pribatua zen eraikina publiko bihurtu zuen, hura erosita. Hala, Astrarako proiektua erabakitzeko parte hartze prozesua jarri zuten martxan, eta, horrekin batera, Astra koordinakundea sortu. Johana Olabarriak eta Oier Plazak, koordinakundeko kide diren heinean, Astraren inguruko xehetasunak kontatu dituzte.
Noiz eta nola hasi zenuten Astra berreskuratzeko ibilbidea?
JOHANA OLABARRIA. Duela hamar bat urte, musika taldeek, Gazte Asanbladako jendeak eta beste zenbait kultur eragilek espazio beharra ikusten zuten herrian, eta, hori dela eta, Astra okupatzea erabaki zuen Gazte Asanbladak.
2005. urtean okupatu zenuten Astra, eta orduan sortu zenuten Astra Gernikentzako egitasmoa. Zeintzuk ziren egitasmo haren euskarriak?
OIER PLAZA: Lehenengo, eraikinari erabilera publikoa ematea zen asmoa. Gerora, erabilera soziala eta kulturala ematea. Eta, azkenik, herriko gazteek eta gizarte eragileek erabakitzea euren etorkizuna. Zazpi urte hauetan, hasieran finkatutako urrats horiek betetzen joan dira.
Lehenengo okupazioa nahikoa izan al zen helburuekin aurrera egiteko?
PLAZA: 2005eko abenduaren 24an okupatu genuen lehen aldiz Astra, baina hamabi ordura eraikina hustu beharra izan genuen. 2006ko otsailaren 18an, eraikina berreskuratzeko aukera zegoela ikusita, berriro okupatu genuen. Horren ondorioz, berriro ere arazo legalak izaten hasi ginen. Nola edo hala, arazo horiek gainditu eta eraikina okupatuta egotea lortu genuen. Hainbat ekintza antolatu genituen, zailtasunak tarteko, eta urte eta erdiko erabileraren ostean, udal gobernu berriak eraikinaren egoera aztertzeko txostena egin zuen.
Zer zioen txosten horrek?
PLAZA: Txosten horren arabera, eraikina egoera larrian zegoen, eta horiek konpontzeak gastu handia ekarriko zuen. Hori zela eta, Astran egiten ziren jarduerak etetea erabaki zuen Astra koordinakundeak. Eraikineko jarduerak eten bai, baina Astra hitzarmena udalarekin adostu arte ez zen eraikina hustu.
Baina, azkenean, sinatu zuen Astra hitzarmena udalak.
OLABARRIA: 2008an sinatu zuen hitzarmena udalak, Astra koordinakundeagaz. Hitzarmen horretan, Astra Proiektua onartu zuen, eta, horrez gain, behin-behineko espazio bat izatea ere onartu zuen. Dena den, ez zen argi geratu hitzarmenean zein izango zen espazio hori.
Orduan erabaki zenuten Pasealekua okupatzea?
OLABARRIA: Gazte Asanbladak okupatu zituen Pasealekuko eskolak 2008ko irailean. Bitartean, Astra koordinakundeak lanean jarraitu zuen, parte hartze prozesuko erdigunean. Bitartean, hainbat bileraren ostean, Gernika-Lumoko Udalak eraikina konpontzeko 1,3 milioi euroko diru laguntza jaso zuen, Eusko Jaurlaritzaren Sormen Lantegien programaren barnean. Obrak 2011ko abenduan hasi eta 2012ko abuztu eta iraila bitartean bukatu ziren.
Lanak bukatuta, zer biltzen du Astrak gaur egun?
PLAZA: Astrak lau faktoria ditu. Batetik, eskulan eta arte faktoria. Bigarrenik, ikus-entzunezko eta komunikazioko faktoria. Hirugarrenik, gorputz eta arte eszenikoen faktoria dago. Eta, azkenik, hitz faktoria deritzoguna dago. Azken hori ez dago inon kokatuta, baina uste dugu hemen egongo diren sorkuntza prozesuak elikatzeko presente izango dela, berbaren eta letraren sorkuntzaren bidez.
Aurrerantzean zer eskainiko dio Astrak herriari?
PLAZA: Espazio ireki bat da Astra, eta bertan parte hartzeko aukera eskaintzen dio herritarrari; gainera, beste aukera bat ere ematen dio: dauden azpiegiturei gehituta, hainbat ekintza antolatzeko aukera ematen dio, alegia. Aukeraz beteriko espazio bat da Astra. Antolakuntzarako, sorkuntzarako… espazio malgu eta aldagarri bat ere eskainiko dio. Azken finean, baliabide material eta immaterialak eskainiko dizkio; parte hartzea eta eraikinaren historia, esaterako. Bestalde, sinbologia ere eskainiko dio; zerbait antolatzean, diskurtso bat izateko aukera emanez. Eskaintzen dituen baliabide immaterial horiek dira, hain zuzen, espazio hau erakargarri egiten dutenak.
OLABARRIA: Proiektuaren filosofiaren barruan, norbanakoak pentsatutakoa norberak bideratzeko aukera ematen du. Gero, gainera, horretarako laguntza dago, bai era emozionalean, baita azpiegiturei dagokienez ere.
Nola antolatzen zarete Astra aurrera eramateko?
OLABARRIA: Astran biltzen gara egitarau lantalde bat, komunikazio lantalde bat, barra lantalde bat, Hab Lab lantalde bat… Gero, kudeaketa lantalde bat ere badago, egunerokotasunean ditugun zailtasunak, beharrak, gatazkak eta beste bideratu ahal izateko. Horrez gain, batzarrak egiten ditugu; hitz egiteko, eztabaidatzeko, erabakitzeko eta hausnartzeko biltzen gara horietan. Lantalde horietan zein batzarretan edonork parte har dezake, nahi duen heinean eta nahi duenean.
Astra martxan jarrita, zein da gaur egungo erronka?
PLAZA: Idatzita dagoen proiektu hori teoriatik praktikara eraman behar dugu orain. Gure erronka nagusiena eraikina bera ondo kudeatzea da, aurreikusita dagoen proiektuaren arabera. Gainera, espazio publikoa ulertzeko eta antolatzeko beste era bat badagoela frogatu behar dugu. Hori da, azken finean, Astra: gauzak egiteko beste eredu bat, jendea antolatzeko, kultura egiteko beste eredu bat. Horretarako, kudeaketa oso garrantzitsua da. Denon artean parte hartzea da gure erronka, gaur egun, proiektu hau aurrera eraman ahal izateko.
OLABARRIA: Edonork sortzen du Astra. Ez du axola nola, gehiago edo gutxiago, edo era batera edo bestera. Ematen duen horrek sortzen du Astra. Elkarrekin erabaki ditugun gauzak errespetatuz bideratu behar ditugu orain.