Sukarrietan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako gune babestuan dago Txatxarremandi uhartea. Gaur egun, parke botanikoa eta Azti Itsas eta Elkagaien Zentro Teknologikoa daude bertan. Hala ere, gutxi batzuek dakite 1896an Txatxarremendi hotela eraiki zutela bertan. Bainuetxea zen, hain zuzen ere. Txatxarremendi uharteak 2,7 hektareako azalera du, eta bista ederrak eskaintzen ditu. Itsasaldiaren arabera, urak edo hondarrak inguratzen du uhartea.
Itsasbeheran oinez joan daiteke uhartera ibilalditxo polit bat eginez. Bestela, hara joateko beste modua, eta gehienak erabiltzen dutena, gainera, Sukarrieta eta uhartea lotzen duen zubia da. Egun dagoen zubiak ez dauka zerikusirik lehen zegoenarekin; izan ere, lehen zubiak Sukarrietako tren geltokia irlan zegoen hotelarekin lotzen zuen. Zubi hori joan den mendean bota zuten, 1940. urtean.
Inguru etnografiko pribilegiatuan dago uhartea. II. mendean kabotaje portu modura erabili zuten erromatarrek. Egun, oraindik, uhartearen hegoaldean geratzen da haren aztarnarik.
XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran Sukarrieta udaldia pasatzeko lekurik famatuenetakoa zen Bizkaian. Uhartea ingurutzen duen ingurunea eta uhartea bera atsedena hartzeko lekuak izan ziren Sabino Aranarentzat eta Indalecio Prietorentzat.
1896an eraiki zuten uhartean Txatxarremendi hotela; bainuetxea zen. Haren inauguraziora orduko hainbat kargudun joan zirela esaten dute. Hotelak 60 gela zituen, jatetxe handi bat ere bazuen, erdian iturri bat zegoelarik ur jauzi eta guzti. Handik beha zitekeen paisaia ezin hobea zen. Txatxarramendi hotelak sustatu zuen herrian turismoa. Sukarrieta izan zen, beraz, eskualdeko turismoaren aitzindaria. Horri esker iritsi zen, gainera, trena eskualdera.
Sukarrietan turismoa goraka zihoala ikusita, apur bat geroago, Paco ostatua ere eraiki zuten. Ostatu hori Txatxarramendi uhartearen aurrean kokatu zuten 1919. urtean. 1930ean, gainera, itsaski haztegi bat egin zuten. Paco ostatuak erabiltzen zuen, itsaskia fresko mantentzeko, eta Busturiko Itsasbegiko tren geltokiaren ondoko eraikinean zegoen kokatuta.
1947. urtea zen Txatxarramendi hotela zarratu zutenean. Paco ostatua, berriz, 1968an itxi zen, eta azken hori itxi zutenetik itsaski haztegiaren egoera okerrera zihoan. Horrela, 2002. urtean Urdaibaiko Galtzagorriak taldeak horren berreskurapenari ekin zion, eta Txatxarramendiko Itsaskitegiaren Itsasgela bihurtu zuten. Gaur egun, Busturiko Udalak eta Aixerrekuk (Urdaibaiko Natur Giden Elkarteak) kudeatzen dute. Bertako interpretazio tauletan azaltzen da zein izan zen birgaitutako eraikuntza zahar horren erabilera.
Txatxarramendi uhartea Kanala auzotik heltzen ziren harea eta karea hartzeko kargalekua ere izan zen, besteak beste.
Parke botanikoa eta Azti
Egun, ordea, Txatxarramendi uharteak ez du zerikusirik lehengo harekin. Izan ere, bertan aurki daitezke artadi kantauriarreko parke botanikoa eta Aztiren egoitza.
Urdaibaiko artadi multzorik zaharrenetarikoa da Txatxarremendi uhartekoa. Hotela egon zenean gunea ondo zaindu zuten, eta, geroztik, zenbaitetan ere mantentzeko lanak egin omen dituzte. Hainbat dira urtean uhartea bisitatzen dutenak. Hori kontuan izanda, 2000. urtean Txatxarremendiko parke botanikoa bertako espezieak interpretatzeko eta identifikatzeko eremu modura egokitu zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak. Egokitzapen lan horietan zuhaitz espezieak identifikatzeko plakak ezarri zituzten, eta uharteak dituen natura eta fauna balioak azaltzen dituen interpretazio panelak ipini ere.
Osotara, 25 bat landare espezie desberdin aurki daitezke Txatxarramendi uhartean. Gehienbat, artadietakoak dira. Gainera, adituen arabera, uretako hegaztiak behatzeko leku ezin hobea ere bada.