Ezkor ikusten dute bizkaitarrek etorkizuna. Krisi ekonomikoa eguneroko gaia den garai honetan, 2013. urtea berdintsu edo okerrago datorrela uste dute gehienek, Bizkaiko Foru Aldundiak egin duen inkesta batek azaleratu duenez. Azterlanaren ondorio nagusien arabera, datozen hilabeteetan egoera ekonomikoak okerrera egingo duela uste dute herritarrek, eta aurrekontuetako murrizketak kritikatu dituzte, gizarte zerbitzuetan eta enpleguaren sustapenean mozketarik egin beharko ez litzatekeelakoan.
Legegintzaldi honetako bigarren soziometroa egin du aldundiak, lurraldeko herritarren “iritzia eta ebaluazio sozial sakona” lortzeko xedearekin. 2012ko azaroaren 19 eta 21 bitartean osatu zuten inkesta, Bizkaiko 1.600 bizilaguni telefonoz elkarrizketa eginda.
Lehen atalean, norberaren egoera ekonomikoari buruzko balorazioa jasotzen du lanak. Gainditua den arren (5,26 puntu 10etik), aurreko ikerketaren aldean okerrera egin du datu horrek; halere, lurraldearen egoera ekonomiko orokorraren pertzepzioa txarragoa da orain ere: 4,68 puntu 10etik. Gainera, bizkaitarrek uste dute bertako egoera Gipuzkoa eta Arabakoaren parekoa dela, baina, era berean, %80,4k pentsatzen dute Bizkaia Espainia baino hobeto dagoela. Dena den, inkesta erantzun dutenen %82ren iritziz, datozen hilabeteetan krisi ekonomikoa areagotu egingo da.
“Doitze ekonomiko” deitutakoei dagokienez, galdetutakoen %82,7k uste dute krisiaren ondorioz murrizketa ekonomiko gehiago egongo direla, eta horiek gizarte zerbitzuetan izango dutela eragina. Ildo horretan, herritarrak politikarien gastuak gutxitzearen alde agertu dira, eta diru sarrera handiak dituztenei zergak igotzearekin ados.
Izan ere, inkestan parte hartu dutenen %84,2k uste dute presio fiskala ez dagoela egoki banatuta gizartean, eta %65en iritziz, zergak handiak dira. Bestalde, iruzur fiskalari buruz galdetu zaienean, %86k adierazi dute iruzur mota hori “oso handia” dela, eta azaleratu dute erakundeek iruzur fiskalaren aurka egindako lana hobe daitekeela: 10etik 4,92 puntu jaso ditu, aurreko soziometroan baino 0,05 gehiago.
Aurrekontuen inguruan ere galdetu diete bizkaitarrei. Galdekatuen iritziz, bi arlotan ez litzateke aurrekontua murriztu beharko: batetik, gizarte zerbitzuetan (%51,6), eta, bestetik, enpleguaren sustapenean (%42,3). 2013rako aurrekontuetan kirol profesionalari laguntzak kentzea erabaki zuen aldundiak, eta gizarteak gogo onez hartu du irizpide aldaketa hori: galdekatuen %65,3k erabakiaren berri dute, eta 10etik 7,02ko balorazioa eman diote laguntza kendu izanari.
Egungo krisian diputazioko sailek duten garrantziari dagokionez, honako hauek ageri dira lehen postuetan, bizkaitarrek egindako zerrendan: Gizarte Ekintza, Ogasuna eta Finantzak, Ekonomia Sustapena eta Kultura. Politikariak ere baloratu dituzte aldundiak egindako inkestan. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak jaso du baloraziorik onena, 10etik 5,75 punturekin; aldiz, Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak dauka babesik txikiena, 2,11 punturekin.
Proiektuen balorazioa
Bizkaiko “proiektu estrategikoak” aztergai hartuta, Bilboko Metroko hirugarren linea erabilgarritasun handikotzat jotzen dute (7 puntu 10etik). Metroaren atzetik, beste hainbat obrak jaso dute herritarren onespena: egiten ari diren edo proiektuan dauden saihesbideak, Bilborako sarbideak handitu eta hobetzeko lanak, eta Sabino Aranako (Bilbo) bidezubia eraisteko lanak.
Haatik, gizartean babes txikiagoa du San Mames Barria Athleticen futbol zelaiak. Azpiegitura horrek ez du gainditu galdekaturiko bizkaitarren balorazioa: 4,48 puntu jaso ditu 10etik.