Ur eskasiari aurre egiteko

Ura baliabide urria da. Desertu lehorrean zein Euskal Herri euritsuan, ezinbesteko lehengaia da ura izaki bizidun guztientzat, eta, beraz, hurbiletik zaindu beharrekoa. Busturialdeko biztanleek ere egunero zabaldu behar dute uraren txorrota. Baina nondik dator txorrotatik irteten den ura? Iratxe Arriola Busturialdeko Ur Partzuergoko presidenteak azaldu duenez, lur azpiko putzu batetik eta lurrazaleko 57 hartunetik heltzen da ur edangarria eskualdeko etxeetara. Lurrazaleko ur hartuneak erreka ondoan daude, eta lur azpiko putzu bakarra Gernika-Lumo azpian dago.

Busturialdeko ur edangarri gehiena inguruko erreketan hartu behar denez, lehorte luzeak daudenean uraren mailak behera egiten du, eta inguruko biodibertsitatearentzat oso kaltegarri bihurtzen da. Aurtengo udan, esaterako, lehorte luze bat egon zen, eta ur emariak nabarmen egin zuen behera. Hala, uda amaieran, zenbait neurri hartu behar izan zituen partzuergoak, eta giza kontsumoari eman zion lehentasuna. Besteak beste, hondartzetan ur murrizketak egin zituen, eta lur ureztapenak gelditzea agindu zuen. “Neurri txikiak diruditen arren, eragin oso positiboa izan zuten ur murrizketek”, azaldu du Arriolak.

Aitortu duenez, neurri horiek “beranduegi” jarri zituzten martxan, ordurako Busturialdeko erreketan uraren maila “oso baxu” baitzegoen. Ez ziren ur emari ekologikoak mantendu, eta ur partzuergoko presidenteak jakinarazi duenez, “ezin da horrelakorik berriro gertatu”.

Arriolak dioenez, aurten “behin-behineko zenbait neurri txiki” hartu dituzte, baina plangintza zehatz bat adostu behar da lehortean erreketako ur emariak maila egokian manten daitezen. Protokolo batek “agorraldietan zelan jokatu behar den zehaztuko luke”, eta, hortaz, lehentasun bat da partzuergoko kideentzat. Protokolo bat adostu aurretik, hala ere, eskualdeko ur baliabideen diagnosi zehatz bat egin behar da, Arriolaren ustez. Dioenez, diagnosi txiki bat egin zuten bere garaian, baina alternatiba plan bat falta zaie.

Busturialdeko Ur Partzuergoko presidenteak nabarmendu duenez, uraren hornidura bermatzeko lurralde ekintza planik (LEP) ez duen eskualde bakarra da Busturialdea. LEP horrek ur falta saihesteko irtenbide integrala zein den zehaztuko luke, baina, oraingoz, ez da egin. Ura Uren Euskal Agentziaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta partzuergoaren artean adostu behar da LEPa, baina, zenbait arrazoi tarteko, proiektua geldi dago aspalditik. LEPak zundaketak egitea edo ur baltsak egitea gomendatu dezake, besteak beste.

Arriolak azaldu duenez, Ura Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ur baliabideen diagnosia egiten dabil, eta jadanik Busturialdeko egoera aztertzen hasita daude. “Ez da LEPa besteko azterketa landua eta sakona izango, baina lanean hasteko lehen pausoa izango da”.

Partzuergoko ordezkariek bat egin dute Urak egindako lehen diagnosiagaz, eta baieztatu dute ez dutela ur nahikorik agorraldietan. “Egia da lehorte luzeak daudenean ur nahikorik ez dugula, eta, horrenbestez, ezinbestekoa da irtenbide bat aurkitzea”.

Arazoen zergatiak

Busturialdeak ez du ur hornidura bermatzeko arazo handirik izan iraganean, baina azken urteetako lehorte garaietan, partzuergoa estuago ibili da ur edangarria etxebizitza guztietara eroateko. Arriolak nabarmendu duenez, uda garaian bakarrik izan dituzte arazoak ur horniduragaz. Haren berbetan, “eskualdeko biztanle kopurua asko handitzen da, eta lehorteetan ez dago ur nahikorik guztiontzat”.

Bertoko ur baliabide gehienak lurrazalekoak dira. Hala, lehorte luzeek gehiago eragiten diote ur-hornidurari. Erreken ur emaria asko jaisten da, eta, beraz, ur gutxiago batzen da eskualdeko hartuneetan. Partzuergoko presidenteak azaldu duenez, gainera, Euskal Herriko erreken ur emaria nabarmen jaitsi da azken hogei urteetan, hainbat arrazoirengatik.

Ur baliabideak gutxitzeko hainbat arrazoi egon daitezke, baina batek eragiten du bereziki, partzuergoko kidearen ustez: basoen kudeaketak. Pinuek eta eukaliptoek ur asko behar dute, eta eukaliptoak batez ere kalte egiten die ur baliabideei, egunean hogei litro inguru behar baititu arbola bakoitzak hazteko. Hala, Arriolak deritzo ur baliabideetan eragin ezkorra duela arbola mota horien monolaborantzak.

Eukalipto asko, gainera, erreka hegaletan landatu dituztela salatu du. Dioenez, babes perimetro bat ezarri gura zuen Urak, baina, oraingoz, neurria ez da bete beharrekoa. Hala, baso ustiategien jabeek erreka ondoan landatzen jarraitzen dute, eta horrek arazoa areagotu du. Duela gutxi, esaterako, Busturiako hartune garrantzitsuenaren ondoan eukalipto landaketa bat egin zuten, eta, Arriolaren ustez, politikariak ez dira ausartzen babes perimetroaren neurria betearaztera, basogintza sektoreak indar handia baitu Euskal Herrian. “Politikariek ez dute gatazkarik izan gura egurraren sektoreagaz”, dio.

Arazoa konpontzeko

Agorraldi garaietan ur hornidura bermatze aldera neurriak hartu beharko direla deritzo partzuergoko presidenteak, baina ez du edozein neurri hartu gura. Dioenez, hainbat neurri aztertu behar dituzte, egokiena aukeratzeko.

Gehienek Zadorratik ura hartzea gomendatzen diote Busturialdeko Ur Partzuergoari, baina, Arriolaren arabera, “ez da aukera egokiena”. Haren berbetan, Zadorratik ura hartzea ez da behin betiko irtenbidea, menpekotasun handia sortuko bailuke neurriak. “Gainera, Bizkaiko zati handi batek Zadorratik hartzen du ura jada, eta guztiok handik hartuz gero, ez litzateke ur nahikorik egongo”.

Arriolaren ustez, neurri errealistagoak dira Oizetik ura hartzea edo zenbait ur putzu egitea, uda sasoian bakarrik izaten baitituzte arazoak. Dioenez, “berton dauzkagun baliabideak aprobetxatu behar ditugu, baina abusatu barik”. Hala, aukera guztiak oso ondo aztertu behar direla deritzo. Oizen, esaterako, badakite lur azpiko ur putzu handi bat dagoela, baina partzuergoko kideek zehazki jakin gura dute zenbat ur dagoen. Izan ere, gaur egun, Durangoko paper enpresa batek eta Zornotzako Udalak hartzen dute ura mendiaren erraietatik.

Nabarmendu duenez, Oizeko ura agorraldi garaietan baino ez litzateke erabiliko, eta hango uragaz nahikoa izan ezean, zenbait ur putzu egitea aztertu beharko lukete.

Arriolak jakinarazi duenez, Munitibar inguruan ur putzu bat egiteko asmoa zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, baina, oraingoz, proiektua geldirik dago. Munitibarkoa, baina, partxe bat izango litzateke, hiruzpalau egunetan bakarrik bermatuko bailuke ur hornidura.

Hala, Arriolak uste du ur putzuen bidea hartuz gero bat baino gehiago egin beharko liratekeela. Hala ere, partzuergokoek deritzote ur putzuek ez dutela izango etorkizunik, neurri oso garestia dela eta.