Galdames
Ogia jaki gozoen artean gozoen gisa duen jende asko da. Eta Galdamesen mendeetan zehar gizakiaren elikagai iturri nagusi izan den jaki horri merezi duen protagonismoa eman nahi diote aurten ere. Ogi Eguna ospatuko dute, urtero legez, abenduaren 24an, datorren astelehenean. Aurtengoa 25. Ogi Eguna izango da; azokak zilarrezko ezteiak ospatuko ditu, beraz.
San Pedro plazan ogia eta ogitik eratorritako jakiak prestatzen dituzten eskulangileen 30 saltoki inguru jarriko dituzte, ohi bezala. Taloak, erroskilak eta euskal pastelak izango dira dastatu ahal izango diren beste produktuak. Ogiari dagokionez, gainera, hainbat motatakoak izango dira ikusgai eta salgai.
Bestelako eskulangileak ere izaten dira Ogi Egunean. Hain zuzen, besteak beste, keramika, otzarak eta egurrezko tailuak jarriko dituzte eraskusgai.
Lehiaketa
Ogi onenaren lehiaketa izaten da, zalantzarik gabe, bisitarien artean ikusmin handiena sortzen duen ekitaldia. 09:00etan hasi eta 11:00etara bitartean izena eman daiteke txapelketa horretan parte hartzeko, udaletxe azpian. Sari banaketa, bestalde, 13:30 edo 14:00 aldera egingo dute.
Lehiakideek kontuan hartu behar dute oinarrizkoa dela modu artisauan egindako ogiak izan behar dutela txapelketara aurkezten dituztenak. Bestalde, ahal dela, biribilak egin ditzaten eskatzen diete. Azkenik, kilo eta kilo eta erdi arteko pisua izan behar dute. Orain arte, 45 ogi inguru aurkezten zituzten lehiaketara. Antolatzaileek aurten ere kopuru hori gaindituko dutela aurreikusi dute.
Etxeko txikienek ere ez dute aspertzeko astirik izango, eta gozatzeaz gain, ogia zelan egiten den ikasteko aukera ere izango dute. 11:00etatik 13:00etara bitartean ogia egiten irakasteko tailerra prestatu dute. Haurrek orea oratzeko aukera izango dute. Ostean, San Pedro plazan bertan egun horretarako propio jarriko duten labe batean ogia zelan egosten den eta handik zelan ateratzen den ere ikusi ahal izango dute.
Goiz osoan zehar giroa alaitzeko musika jarriko dute feriaren eremu osoan.