Meatzarien aldarrikapenak

Alfonso Calvo Burnia Espeleologi Elkarteko kideak honela azaldu du zerk eragin zuen Bizkaiko meatzaritzaren arorik oparoena: “Bessemer bihurgailuarekin, burdinaren ekoizpena nagusitu zen. Bizkaiko meatzeetako mineralak berun gutxi zuenez, egokia zen bihurtzaile horretarako. Gainera, 1876an, Foruak abolitu eta [Espainiako] Meatzeetako Lege Estatala ezartzeak modua eman zuen atzerrira esportatzeko”. Frantziara, Ingalaterrara, Belgikara eta Alemaniara esportatzen zuten altzairua.

Meatzeek ustiapen industrialari ekin ziotenean, jende asko hasi zen meatzeetan lanean. Euskal Herriko eta Espainia iparraldeko nekazari inguruetako milaka lagun etorri ziren Bizkaira. “Bilbon ere bazeuden meatzeak, Miribillan esaterako, baina Triano eta Zugaztietako meatzeetan zegoen mineral gehien. Leku horietan, meatzeetako langileak agertu arte jende gutxi bizi zen”. Meatzariak joan ahala bihurtu ziren haien bizileku. Calvoren esanetan, Gallartan ere jendea bizi zen auzoren bat bazegoen, baina meatzariak bertan lanean hastean nabarmen egin zuen gora biztanleriak. Jende asko bizi zen meatze auzoetan, baina egoera ankerrean zeuden. Txaboletan bizi ziren meatzariak; kuartel esaten zieten.

Ustiapenaren hasierako urteetan jabeak zuten “nagusitasunaz” aprobetxatzen zirela dio Calvok, langileen kaltean: “Ohe berean bi langilek txandakatuz lo egiteraino”. Janaria jabeen kantinetan eskuratzen zuten. Soldatetatik kentzen zieten lo egiteko lekuagatik eta janariagatik zegokien partea.

1890. urtean maiatzaren 1eko II. Internazionalaren ospakizunetan, abenduaren 4an manifestazioa egin zuten meatzariek Zugaztietan. Zortzi lanordu, zortzi atsedenerako eta 8 heziketarako lelopean antolatu zuten. Handik egun gutxira, manifestazioaren antolatzaileak kaleratu zituzten. “Ondorioz, meatzariek greba egitea erabaki zuten, eta gainontzeko meatzeetara zabaldu zen greba deialdia”. Helburua etxolak, kuartelak, desagertzea zen; bizi eta lan baldintza egokiak lortzeko. “Garai hartan, zigor kodeak grebak egitea galarazten zuen”. Langileak kementsuak ziren, eta meatzarien amorruak “eztanda” egin zuen, Calvoren aburuz. Meatzeetako ekoizpena geldiarazteaz gain, hainbat ekinaldi egin zituzten. Esportazioetatik meatzeetako enpresaburuak dirutza irabazten zebiltzala salatu zuten.

Orduan, nagusiek hala eskatuta, Espainiako Gobernuak armada bidali zuen. Hala ere, meatzariek iritzi publikoan beren egoera latza erakustea lortu zuten; jendea “errukitzea”. Orduan, Loma jeneralak aintzat hartu zituen meatzarien eskaerak. Lanorduak mugatu zituen, aurretik egun osoko lanaldia baitzuten, 12 ordukoa. “Eguzkia ateratzen zenetik ezkutatu arte egiten zuten lan”, zehaztu du Calvok. Era berean, enpresariei txabolen erabileraz aprobetxatzea debekatu zien.

1890. urteko greba hura, gainera, hasi berri zen industriara ere hedatu zen. Ez zen izan, baina, egungo grebak bezalakoa. Greba “politikoak” ziren ordukoak. “Sindikatuak, oraingoen eran, ez ziren existitzen. Meatzarien elkarteak zeuden: Erresistentzia Elkarteak deiturikoak. Horiek UGTri lotuta zeuden, estatutuei zegokienez”.

Gerora, beste zenbait greba partzial eta orokor egin zituzten. Esaterako, 1902. urtean, Zugaztietan soilik egin zuten greba. Langileek eskatu zuten aurretik Loma jeneralak ipinitako baldintzak bete zitezela. Izan ere, meatze batzuetan betetzen ziren, baina beste batzuetan ez. Soldaten inguruko eskaeraren bat ere egin zutela dio Calvok. 1903an beste greba bat egin zuten, baina ez zuen askorik iraun, arrakasta izan baitzuen. Ordurako, Bizkaiko Meatzarien Elkartea sortua zuten. 1906. urtean gehieneko lanaldiaren inguruko greba egin zuten. Bizkaiko Meatzarien Elkarteak biltzarrean adostu zituen eskariak. “Ordurako, txabola penagarriak ia desagertuta zeuden”.

1910. urtean egin zuten meatzariek lehenengo greba sindikala, Calvok dioenez. Izan ere, ordurako antolaturik zeuden, eta biltzarrak egiten zituzten. Lanaldiaren inguruko eskaria zen nagusia, Meatzeetako Lanaldiaren Legea lortu nahi zuten eta. Meatzeetako istripuak saihesteari buruzkoak ere bazeuden. Lanuzteak 67 egun iraun zuen.

Urte hartan, meatzaritzako patronala bitan zatitu zen, eta hainbat tirabira sortu ziren enpresaburuen artean. Hala ere, mineralaren prezioa gorantz zihoan, eta meatzeen jabeei ez zitzaien interesatzen meatzeak geldi izatea. Ezta gobernuari ere, esportazioaren zergak biltzen baitzituen.

Meatzariek estatu osoko lege bat erdiestea zuten helburu. Denentzat soldata bera nahi zuten, eta gutxieneko soldata finkatzea. Ez zen, ordea, erraza. “Asturiasko meatzariek ordurako gehiago kobratzen zuten, besteek proposatzen zuten gutxieneko soldata baino”. Hortaz, batzuek besteak baino lan baldintza hobeak zituzten. Asturiarren eredua jarraitu zuten Bizkaiko meatzariek; haiek ziren meatzarien sindikatua sortzen aitzindari.

Meatzaritzaren gainbehera

Lehen Mundu Gerra (1914-1918) hastean, meatzeetako ekoizpena nabarmen jaitsi zen. Calvoren berbetan, “jada ez zen horren negozio errentagarria”. XX. mendeko lehendabiziko hamarkadaren erdialdean kokatzen dute adituek Bizkaiko meatzaritzaren gainbehera. Krisi bete-betean askok miseria eta gosea gertutik bizi zituzten. Alderdi sozialistaren barne zatiketarekin batera, Bizkaiko Meatzarien Elkartea ere zatitu zen. Batzuk zuhurtasunaren alde egin zuten; besteek, grebaren alde; beren eskubideak defendatzeko eta aldarrikatzeko borrokatzearen alde, hain zuzen.

Calvoren arabera, “1914. urtean izan zen meatzaritzaren lehenengo krisia, baina, gero merkatua suspertu zen”. Lana bazegoenez, langileek presioa egiteko aukera zuten berriro, eta, horrek, aurretik banaturik zeuden bi parteak batzea ekarri zuen. Testuinguru horretan, 1917. urtean, sortu zuten Bizkaiko Meatzari Langileen Sindikatua UGTren barnean. 1937. urtera arte iraun zuen. Alabaina, Lehen Mundu Gerra amaitzean, beste krisi bat jasan zuen Bizkaiko meatzaritzak.Esportatzen zen altzairua ez zuten behar herrialdeek, haiek bazutelako burdina.

Bestalde, alderdi komunistak sortzeak ere eragin zuen meatzaritzaren sektorean. Sindikatuetako ordezkari asko alderdi komunistan sartu ziren, sindikatuko zuzendaritza aldatuz. Langabezia handia zegoen eta greba orokorra egin zuten. “Berriro, zatiketa egon zen sindikatuan”.

Miguel Primo de Riveraren diktaduraren garaian (1923-1930) meatzeak nahiko agortuta zeuden, ekoizpen gutxirekin mantendu ziren. Meatzari asko lanean ibili zen Primo de Riverak sorturiko Lan Publikoetan. Beste askok, ostera, beraien sorterrietara alde egin zuten.

Bigarren Errepublikan, meatzaritzako ekoizpena txikia zen. Hala ere, Calvok dio sindikatuei dagokienez, hainbat hobekuntza egin zituela errepublikako lehenengo gobernuak. “Esaterako,Gizarte Segurantzarako kotizazioaren inguruko legeak egin zituzten. Baina, 1933. urtean, eskuina boterera heltzean, lorturiko hobekuntzak kendu zituen”.

Egoerak okerrera egin zuen 1937an. Francoren tropak Bizkaiko meatzaldean sartu zirenean, meatzeak bereganatu, eta gerrako gatibuekin mantendu zuten ekoizpena. “1970eko hamarkada arte jardun zuten”, dio Calvok.