Gabon opariak

Maddi hipnotizaturik gelditzen da Gabonetako opariak agertzen diren telebistako iragarkiei begira. Maddik lau urte baino ez ditu, eta, bere gurasoen desesperaziorako, ezin da bost minutu geldi egon. Telebistan Gabonetako iragarkiak botatzen dituztenean, ordea, txikle murtxikatua kalean bezala lurzoruan itsatsita geratzen da Maddi. Ia hamabi minutuz egon da gaur goizean, ahoa zabalik pantaila karratuari so, mugitu ere egin gabe. Txintik egin gabe. Eskuak eta hankak geldi, bere guraso harrituen pozerako. Goizeko programazioan Gabonetako iragarkiok behin eta berriz errepikatzen dituztenez, Maddik goiz erdia eman du telebistaren aurrean, begiak gero eta irekiago dituela. Bere aitak pozik hartu du hasieran, etxeko eginbeharrak lasai eta ganoraz egiteko astia eman ahal izan diolako, begi bat ezkaratzeko eltzean eta bestea umearen gainean eduki beharrik gabe. Ostean etorri dira komeriak. Umeak aitari praketatik tira eginez, belarrira zerbait esan behar ziola esan dionean. Zer eta Olentzerori, erabaki duela zer eskatu: Monster High panpina, arrosa koloreko printzesa arropa eta ileko trentzak egiteko panpina-buru bat.

Maddiren aita ez da inoiz opari egin zalea izan. Maddiren amari ere, elkarrekin daramaten urte guztietan, behin edo birritan oparitu izan dio txikikeriaren bat. Maddiren aitak hozkia die dendei. Ez daki beharrezkoa denetik haratago erosten. Alabari nola ezetz esan, ordea. Nola esan Olentzerok ez duela Maddi takoi luzedun munstro txiki bilakatzerik nahi, ezta ere printze urdinaren zain dagoen printzesa arrosa izaterik nahi, ez duela gura burua ilea eramateko bakarrik erabil dezan.

Bere gurasoekin oroitu da Maddiren aita. Amak, garai zailenetan ere, beti aurkitzen zuen zer edo zer seme-alabei oparitzeko. Aita, ordea, esku-hutsik agertzen zen beti opariak zabaltzeko unean. “Aita, zer opari dakarzu?” galdetzean, “Musu bat” erantzuten hasi zen arte. Maddiren aitaren aitak, urte guztian zehar ematen ez zituen musuak (zehatzago esanda musu bakarra seme-alaba bakoitzarentzat) errepartitzen zituen Gabonetan.

Maddiren aitak orduko hartan ez zituen oso gustuko. Gaur egun, inoiz jasotako Gabonetako opari ederrenaren gisa oroitzen ditu.

Eta berak ere Maddiri aitari ikasitakoa oparitzea erabaki du. Musu bat Olentzeroren partez. Maddiren amak asmatuko du zer egin.

Lasai asko eta pozik geratu da Maddiren aita bere erabakiarekin. Emazteari ere eman dio erabakiaren berri. Deia jaso dute orduan etxean, Maddiren aitonarena. Umeari erosi diola Gabonetako oparia esateko. Garaiz ibili nahi izan duela, behingoagatik aurreratu egin dela, inork ez diezaion oparia kopiatu. “Telebistan agertzen den panpina horietako bat egin diot”, esan dio aitonak semeari irrikaz. “Monster High bat”, ahoskatu du dikzio perfektu batean.