ERALDATZAILEA GOGOAN

Hirurehun saltokitik gora izango ditu gaur Areatzan eta Plaza Barrian egingo den San Tomas eguneko azokak. Gabonen atarian etxejabeei errenta ordaintzera etorri ziren baserritarrek euren produktuak saltzeko aprobetxatzen zuten Bilbora egindako bisita. Berez sortutako salerosketa hori 1915ean bihurtu zen azoka. Felix Garci-Arzeluz izan zen eraldatzearen eragilea. Bilboko Konpartsek eta Txarriduna txerriaren akademiak omenaldia egin zioten joan den domekan, Plaza Barrian 1922tik duen armarrian. Ohorezko aurreskua dantzatu ostean, lore sorta jarri zuten oroitarrian. Gaur azokara joango direnei baserritar jantzita irteteko deia egin zieten.