Egunak labur-labur, kaleak oso-osoan argituta eta sukaldeetako egutegiak ia orririk barik: Gabon gaua ate-joka dago. Eta Olentzero Euskal Herriko herri eta auzoetara etortzeko prestaketa beharrean dabil. Datorren astelehenean igaroko da Euskal Herriko etxe guztietatik. Bizkaiko herri eta auzoetan makina bat ekitaldi prestatu dituzte ongietorria egiteko. Hona horietako batzuk.
Durango
Mari Domingik lagunduta joango da Olentzero Durangoko herritarrek egingo dioten harrerara. Ertzilla Musika Eskolan egongo dira bien zain, 17:00etan. Durangarrak ez ezik, trikitilariak, musikari banda, abesbatzetako kideak eta beste hainbat lagun izango dira. Handik kalejiran abiatuko dira. Astarloa kalea, Andra Mari, Zumalakarregi eta Ermodo igarota, Landako gunean bukatuko dute. Bukatutakoan, Landako gunean bertan, Olentzero eta katu miragarria emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da.
Getxo
Udalerria osatzen duten auzoetako bakoitzak harrera berezia prestatu dio Olentzerori. Erromon, 17:30ean agertuko da, Ezequiel Agirre kalean. Handik kalejiran abiatuko da. Bitartean Gabon kantak abestuko dituzte, eta gozokiak banatuko. 19:30ean iritsiko dira Santa Eugenia plazara. Dantza erakustaldia egin ostean, erre egingo dute panpina.
Andra Mari auzoko kiroldegian 17:00etan hasiko da kalejira. Bidea egiten lagunduko dioten bizilagunek abesteko eta dantzatzeko aukera izango dute. 19:15ean iritsiko dira helmugara, Malakatera, eta han txokolatea banatuko da suaren bueltan.
Areetan, berriz, Eskoletako plaza izango da kokagune garrantzitsuena. 12:15ean Berantzagi dantza taldeak emanaldia egingo du. 13:00ean bertso saioa izango da. 14:00etan Gabonetako otzara zozkatuko dute. Olentzero bera 18:30ean agertuko da. Kale Nagusitik abiatuko da, eta Eskoletako plazan bukatuko du.
Algortan, azkenik, Benantzion izango du abiapuntua kalejirak, 17:00etan, eta Geltoki plazara arte joango da. 18:00etan, Vilamonten, hezur-haragizko Olentzero bera agertuko da, eta umeekin egingo du berba. 19:30ean Portu Zaharrean txalapartariak, bertsolariak eta abesbatzak ibiliko dira girotzen. 20:00etan erreko da Olentzeroren panpina.
Gernika-Lumo
Abenduaren 16tik dabiltza gernikarrak Gabon gaua prestatzen, goizaldeko kantu errondekin. Gaur egingo dute azkena, egun argiz. Goizean zehar kalerik-kale ibiliko dira, Marijesiak abestu eta dirua eskatzen. Olentzero, berriz, arratsaldean etorriko da. Lumotik Andra Mari elizara jaitsiko da 18:00 inguruan. Kalejira Pasealekuan bukatu du. Behin hara iritsita, Gabon kantak abestuko dizkiote gernikarrek eta gaztaina erreak banatuko dira.
Mungia
Herri berezia da Mungia Olentzerorentzat, Landetxo Goikoa baserrian etxea atondu baitiote. Eta Gabon gaueko ibilbidea, halabeharrez, hantxe hasi behar izaten dute mungiarrek. 16:30ean abiatuko dira kalejiran. Herriko kale nagusienak zeharkatuko dituzte, txistulari, trikitilari eta abeslariek lagunduta. Bidean gaztaina erreak eta gozokiak banatuko dira. Gutxi gorabehera, iritsiko dira Olentzero, astoa eta kalejiran parte hartu gurako duten guztiak 18:00etan iritsiko dira udaletxe aurrera. Han ongietorri ekitaldia egingo diote, eta umeek azken orduko eskariak egiteko aukera izango dute.
Ondarroa
Goizean iritsiko da Olentzero Ondarroara, Mari Domingik lagunduta. 12:00etan abiatuko dira ondarroarrekin batera kalejiran. Kamiñazpitik Musika plazara arteko bidea egingo dute. Euria eginez gero, zuzenean Kafe Antzokira joango dira Olentzero eta Mari Domingi, eta han jasoko dituzte herritarrek egindako eskaerak. Arratsaldean, berriz, musika nagusituko da. 18:00etan Unanue Kamara Kolara kalerik kale ibiliko da, Gabon kantak abesten. 19:00etan Kantaize orfeoiak hartuko die lekukoa.
Zeanuri
Gorbeiapetik arratsaldez pasatuko da Olentzero. 17:00etan egingo diote harrera zeanuritarrek, Piedadean. Handik frontoira jaitsiko dira. Herriko txistulariek, musika eskolako umeen abesbatzak, trikitilariek eta gitarrak ikasleek gozatuko diote bidea. Bukaerako jaian gaztaina erreak eta gozokiak banatuko dituzte.
Urduña
17:00etan etorriko da Urduñara Olentzero. Foru plazan izango ditu herriko ume, gazte eta helduak zain. Musikak eta kantek girotutako kalejirarekin zeharkatuko dituzte kale gehienak, eta berriz ere plazara itzuliko dira. Olentzerok urduñarrek eskariak entzungo ditu bukaeran.
Barakaldo
Egun osoa igaroko du Olentzerok Barakaldon. Gurutzetako ospitalea eta Miranda fundazioa bisitatu ostean, 12:45ean, gurdira igo, eta Bide Oneratik Herriko plazara joango da, udaletxeko balkoitik herritarrak agurtzeko. 18:00etan egingo du kalejira: Done Bikendi plazatik Herriko plazara. Iristen denean hasiko da erromeria. Txokolatea eta gaztainak ere banatuko dituzte.