Zazpi herrik eskatu dute jada erreskatea

Dagoeneko zazpi dira Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin gehiago zorpetuko diren udalak. Zorpetze horren bitartez hartzekodunekin dituzten zorrak kitatuko dituzte.

Bakio, Alonsotegi, Karrantza, Errigoiti, Zaratamo, Galdames eta Gautegiz Arteaga dira zazpi udal horiek, Juan Maria Aburto foru aldundiko bozeramaileak asteongo Gobernu Kontseiluaren ostean azaldutakoaren arabera. Foru aldundiak kudeatutako ez ohiko kreditu lerro batez baliatuko dira, hain zuzen, euren hornitzaileen fakturak ordaintzeko. Era horretako mailegu bat izan ezean, administrazio publiko hauek ezin daitezke zorpetu.

Zazpi udalerri horien artean badaude bi neurri bereziak izango dituztenak: Bakio eta Alonsotegi. Maileguak ordaintzeko beste guztiek duten baino epe luzeagoa onartu diete. Hau da, laguntza eskatu duten gainontzeko bost herriek hamar urte izango dituzte, eta bi hauei beste bost gehiago utziko dizkiete. Besteen antzera, ekainaren 21eko 5/2012 foru araudira jo zuten bi udalerri horiek ere. “Arauak aurreikusitako neurrietako bat zabaltzea eskatu dute bi udal horiek. Hain zuzen, maileguak hamar urtera direla ezartzen duen neurria. Epe hori hamabost urtera arte luzatzeko aukera zegoen eta foru aldundiak, Gobernu Kontseiluan, hala onartu du”, azaldu du bozeramaileak. Bi kasuoi dagokien zorrak kitatzeko epea luzatzeko eskaera hori Gobernu Kontseiluak onartu beharrekoa da. Gainerako udalerrien kasuan, ez da beharrezkoa organo horren oniritzia edo babesa.

Bestalde, Aburtok ez du baztertu urte amaieran horretarako epea bukatu baino lehen, udal gehiagok laguntza hori eskatzeko premia sentitzea. Hain zuzen, eurek aurreikusitakoaren arabera, beste bost udalerrik egingo dute eskaera. Gainerako herrietan ez dute, oraingoz behinik behin, horretarako beharrizanik. Izan ere, oro har, euren kontuetan ez dira zenbaki gorriak ageri.

Ondarearen gaineko zerga

Horrez gain, astearteko Gobernu Kontseiluak Ondarearen gaineko zerga berria, iruzur fiskalaren aurka egiteko neurri berrien aurreproiektua —75 neurri prestatu dituzte— eta 2013 ekitaldirako zergekin lotutako beste neurri batzuk ere onartu zituen.

Aburtoren arabera, proposamen biak Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak aurkeztuko ditu. Ostean, Batzar Nagusietara bideratuko dituzte, bertan eztabaida ditzaten, eta, ondoren, nahikoa babes jasotzen baldin badute, onartu egingo dira. Aburtoren esanetan, foru arau horien “helburu nagusia zerga sistema justuagoa, aurrerakoiagoa eta bidezkoagoa lortzea da; baita iruzur fiskalaren aurkako borroka areagotzea ere”.

Ondarearen gaineko zerga berri horrekin datorren udaberrian 2013ko ekitaldiko errenta aitorpene egiterakoan 7.500 zergadun izatea eta 75 milioi euro jasotzea aurreikusi dute.