Usansolok herria izan nahi du!

Azken hilabeteetan Usansolo, oraindik ere, Galdakao herritik bereizteko borrokan jarduela birgogoratu digute bertako herritarrek.

22 urte pasatu dira Iurreta gure herria Durangotik desanexionatu genuenetik, eta ez dugu inolako damurik, are gehiago oso harro gaude hartutako erabakiarekin.

Iurreta ez da izango Bizkaiko herri politena, ez handiena, ez txikiena, ez erakargarriena, ez … Baina gure herria da!

Herri guztiak bezala gure alde onak eta hobetu beharrak dauzkagu, eta horretan dihardugu, gure eguneroko lanean, agian herriaren kudeaketa ez da guk desio genukeena; baina herritarrak aukeratutakoa den neurrian errespetatzen dugu.

Gaur egun, azken hamarkadatako askatasun borrokaren ondorioz hainbat herri berri gaude Bizkaian; elkarrekin borrokatu genuen herrien izenak datozkigu burura: Alonsotegi, Erandio, Arratzu, Bolibar… Usansolo ere gurekin batera borrokan ibilitakoa da. Tamalez, arrazoi ezberdinak medio, Usansoloren askatasun borrokak intentsitate maila ezberdinak eduki ditu denboran zehar; baina ezin da ukatu usansolotarren herri nortasunak itxaropenaren txingarra mantentzen lagundu dietela, eta gaur da eguna non, azken bultzada emateko erabaki irmoa hartu dutela.

Ez gara arrazoi ekonomizista, edo pragmatikoak eztabaidatzen hasiko, zeren eta luze joko zuen debateak, eta ziur asko nekez helduko ginen denon arteko adostasun batera.

Baina Usansoloko kasuak hausnarketa burutsu eta sakonetatik haratago, oinarrizko planteamendura garamate:

—Azken urteetako desanexio, eta banaketa prozesu guztiak bukatuta daude. Adostasun eta akordioen bidez konpondu dira denak.

—Herri nortasuna eskuratu edo berreskuratu duten herri guztiak oso gustura gaude, bat ere ez da damutu, inork ez du atzera egin.

—Banaketa edo desanexioaren ondorioz, lurralde zatiren bat galdu duten herriak ere, oso ondo moldatu dira egoera berrira.

—Usansolo, Galdakao herritik bereiztu eta herri bat izateko borroka, aspaldidanik dator.

—Usansolo da gaur egun herri nortasuna eskuratzeko borrokan segitzen duen herri bakarra.

—Gaur egun eta epe laburrera ez da aurre ikusten beste herri bereizketa prozesurik Bizkaia osoan.

—Usansolotarren herri nortasuna erabatekoa da.

—Galdakao herriarentzat, Usansoloren banaketak ez lioke aparteko arazorik erakarriko.

Beraz, beste herri askok gure askatasuna eskuratu edo berreskuratu genuen bezala, Usansolok ere bere nahia gauzatzeko eskubidea daukadala deritzogu; azken baten ez ote da demokraziaren oinarrietako bat herritarren erabakia errespetatzea? Bada, errespeta dezagun usansolotarren erabakia.

Sinatzaileak: Amatza Abasolo, Liher Aiartzaguena, Zorion Agirrezabal eta Miguel Zenigaonaindia.