Irabazleari Jon Lopategik jarriko dio txapela bihar

Bihar erabakiko da nor den aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlea. 17:30ean igoko dira zortzi finalistak Bilbo Arenako oholtza gainera. Irabazleari Jon Lopategik jarriko dio txapelka. Pozik dago, denak gertuko dituelako.

Duela bi urte txapeldun izandako Arkaitz Estiballesek finala pasatzea nahi du, nahiz eta ukatu egin duen “gogo barik joango” denik. Igor Elortza ez dago pozik finalaurrekoan erakutsitako mailarekin. Hala, “Elortzarik onena eta lehiakorrena” eramango du Miribillara.

Lehenengoz, lau mutil eta lau neska izango dira lehiakideak. Miren Amuriza sinetsita dago parekidetasun hori “igarri egingo dela”. Onintza Enbeitak ere “argazkia historikoa” izango dela dio. Iratxe Ibarra pozik dago finalean bueltan delako: “Orain bi urteko arantza atera dut”. Jone Uria gozatzera joango da, 2010ean bezala: “Bada nahiko sari finalera sailkatu izana”. Etxahun Lekue “egun on bat” igarotzera doa. Fredi Paiak “esperantza transmititu” gura du, “hiru orduz bada ere”.

Goizetik egongo dira sarrerak leihatilan eta aurrez bertsosarrerak.eu orrian.