‘Gurean gaur’, albisteen harian

Bi modutara. Bi eratako emankizunak eskaintzen ditu Hamaika telebistaren ikasturte honetako berritasun nagusiak. Hasteko, Gurean gaur orain albistegiak egunean bi emisio izaten ditu, 15:00etan eta 19:00etan, eta eguneko albiste esanguratsuenen metaketa egiten da horietan, aurkezlerik gabe; iluntze partean,berriz, 20:45ean, albisteei erreparatzeaz gain, horietan sakontzeko aukera eskaintzen du Nagore Uriarte kazetariak Gurean gaur saioan. Emankizun horretan erreportaje bat eta elkarrizketa bat ere eskaintzen dituzte, gaurkotasunari neurria era osoagoan hartzen laguntzeko. Ordu eta laurdeneko saioa izaten da, astelehenetik ostiralera. Iluntzeko emanaldian leku egiten zaie tokiko hainbat telebistak igorritako albisteei ere. Hain zuzen ere, Goiena Telebistak, Goierri Irrati Telebistak, 28 Kanalak, Erlo Telebistak, Xaloa Telebistak eta Oizmendi Telebistak igorritako berriak ere tartekatzen dituzte albisteen artean.

Irailean ekin zioten eskaintza honi Hamaika telebistan, eta oraingoz lanaren balorazio ona egiten dutela dio Hamaika telebistako kide Inaxio Esnaolak. “Albistegi diferente” bat egitea dute helburu, bestela telebistan nekez agertzen diren albisteei eta ahotsei hitza ematea. “Eta orain arteko saiakera ona da”, ondorioztatu du Esnaolak. Oraindik ere albistegiak uzta ederra eman dezakeen susmoa du, gainera. “Martxa hartzen ari den egitasmoa da”. Hamaika telebistak lantzen dituen albisteen alboan tokiko telebistek igortzen duten eskaintza integratzea ez dela beti lan erraza izaten aitortu du, baina erronka zinez erakargarria dela. Eta emankorra. “Berriki, esaterako, CAF enpresari buruzko albisteak jorratu ahal izan ditugu Goierri aldera joan gabe”.

Nafarroan emisio lizentziarik ez du Hamaika telebistak, Ipar Euskal Herrian ere ez. Horietan Internet bidez besterik ezin da ikusi. Baina Nafarroako albisteek lekua izaten dute albistegian. Xaloa Telebistarekin duten elkarlanerako akordioak, horretan erruz laguntzen die. “Eta Iparraldearekin ere berdin”, esplikatu du Esnaolak. “Kanalduderekin harremana dugu; gainerako tokiko telebistekin dugun erako hitzarmen zehatzik ez dugu, baina noizean behin trukatzen ditugu edukiak haiekin”. Telebistaren Internet bidezko emisioan, gainera, aitzindariak direla dio: “Eskaintzen dugu Internet bidez oso jende gutxik eskaintzen duena: zuzeneko emisioa, eta mantentzen eta hobetzen saiatuko gara”. Telebista nahierara ikusteko aukera ere eskaintzen dute sarean.

Gurean gaur saioa Bilbon egiten da. Elkarrizketa bat eta erreportaje berezi bat eskaintzen dituzte saio bakoitzean. “Eta tarteka bi elkarrizketatu ere izaten dira, bestelako gaiak jorratzeko”, esplikatu du Esnaolak. Hona Hemen izeneko atalean eskaintzen dituzte saioko erreportajeak. “Euskal Herriko edozein txokotako gaiak jorratzen ditugu; herri handietakoak, txikietakoak. Nahasketa handia izaten da, eta hor dago aberastasuna”. Ostiraletako erreportajea beti izaten da teknologia berriekin lotua, Hamaika.bit saioak eskaintzen baitu bere alea, euskararen eta teknologia berrien inguruko Hamaika telebistako emankizun bereziak.

Indartzeko asmoz

Gurean gaur saioa eta Gurean gaur orain albistegiak, egunero eskaintzen dituzten hiru emanaldi horiek indartzea da Hamaika telebistarentzat ikasturte honetarako helburu nagusia. “Telebista egiteko beste era bat lantzea da asmoa”, azaldu du Esnaolak. Horretarako, etenik gabeko hobekuntzaren ildoan sakondu nahi dute. “Dena findu nahi dugu; bide luzea dugu oraindik egiteko”.