Erriberako merkatu eraberritua, martxan

Bilboko itsasadarraren aldamenean dago Erriberako merkatua. Merkataritza erreferentzia ezinbestekoa izan da Bizkaia osoan. 1926an eraiki zuen merkatua Pedro Ispizua arkitektoak. Merkatuaren azken birmoldaketa, 1983. urtean egin zen, hiriak izandako uholde larriek eraikinean egindako kalteak konpontzeko. Hiru urtean lanetan egon ostean, martitzenean ireki zituzten merkatu eraberrituaren ateak.

Egunotan jende andana dabil Erriberako merkatu berriztuan, Europako handienean. Ilara luzeak eta erosketa gurditxo zein plastikozko poltsak bete-bete eginda daramatzate bezeroek. “Apur bat saltzeatzera” etorri dira Bermeotik merkatura Yolanda Estebanez eta Bibi Astoreka. Produktu “ekonomikoagoak” aurki daitezkeelako etorri dira, eta txipiroiak erostea dute buruan. Merkatuari buelta pare bat eman ostean, ondorio batera iritsi dira: “Jende asko dagoen saltokietan neurrizko prezioak daude, jende gutxi dagoenetan, aldiz, prezioak garestiagoak dira”.

Lehen zeuden 59 saltokiek jarraitzen dute merkatuan, baina lekuz aldatuta. Batzuk ez dute izan gustoko aldaketa hori. “Merkatuak lanak egin baino lehen zuen antolaketa gehiago gustatzen zitzaidan, arraindegi guztiak solairu berean zeuden eta harategiak eta barazki eta fruitu dendak ere batera egoten ziren. Orain nahastuta daude guztiak”, azaldu du Astorekak. Eskailera mekanikoak eta igogailuak jarri izana ondo deritzo bermeotarrak. Alde horretatik merkatua erosoagoa dela aitortu du, baita saltokien arteko pasabideak zabaldu izana ere. Estebanezek ez du lagunaren iritzi bera, pozik dago Erriberako merkatuak duen itxura berriarekin. “Ez dit axola produktuak nahastuta egotea, horrela solairu berean aurki dezaket nahi dudan guztia”.

Bigarren solairuan erdi-erdian daude baserritarren erakusmahaiak: porruak, letxugak, kuiatxoak, tipulak… Ortuko edozein produktu dago bertan salgai. Lezamako Miren Ansoleaga baserritarra dago salmahaiaren atzean. Bere ustez obrak egitea beharrezkoa zen, merkatu zaharrak mantenimendu txarra zuelako, baina egin dutena luxuzkoegia iruditzen zaio. “Sinpleagoa ere izan zitekeen”, gaineratu du lezamarrak. “Esan beharra dago eraberritze lanen ostean, lehen baino leku hobean kokatu gaituztela, oso begi bistan eta jende asko pasatzen den tokian”.

Hala ere, Erriberako merkatuan baserritarrak “benetan egoera kaskarrean” daudela salatu nahi izan du Ansoleagak. Egunero generoa etxetik saltokira eraman behar izaten dute, eta merkatua itxi ostean, bueltan eraman behar izaten dute guztia etxera. “Oso nekagarria da eta joan-etorriak autoz egitera behartuta gaude”, nabarmendu du baserritarrak, haserre.

Gabonetarako erosketak

Oro har jendeak Gabonetarako okela eta arraina erosten baditu ere, baserritarrek letxuga eta fruitu lehor gehiago saltzen dituzte abenduko egun hauetan. Jendeak saltsak egiteko erabiltzen ditu gehienbat.

Gabonetarako jaki arrakastatsuena arraina dela dirudi. Izan ere, sekulako jende ilarak daude merkatuko arraindegietan. Peñamar arraindegiak arrainak eta itsaskiak saltzen ditu, eta Raquel Peña saltzailearen hitzetan, “jendea azaro amaieran hasi da Gabonetarako janaria erosten”. Denetik eskatzen dute bezeroek; bisigua, urraburua, txibihezurra, lupia, rapea… “Orain ondo saltzen ari gara, baina beste urte batzuetan baino gutxiago”. Lanei dagokienez, merkatarien eskariei kasurik egin ez izanaz kexu da: “Ez dute gurekin kontatu”.

Okela zaleak ere badaude merkatuan. Hala esan du behintzat Txomin harategiko Andoni Ibarrak. “Orain dela hilabete eta erdi hasi da jendea Gabonetarako okela erosten. Hutsean ontziratutako produktuak saltzeko prest ditugu: azpizuna, txuleta, entrekota, arkumea…”.