“Duen irudi ezkorra aldatu eta zahartzarora iristea lorpen bihurtu behar dugu”

55 urtetik gorako Durangaldeko herritarrei zuzendutako ikastaroak emango ditu bertako Esperientzia Institutuak urtarriletik maiatzera: Gaurko munduan bizitzeko gakoak. Gaur da ikastarootan izena emateko azken eguna. Interesa dutenek 94-623 25 22 telefonora dei dezakete. Josu Novo psikologo eta hezitzaileak (Bilbo, 1973) norberaren garapenari buruzkoa emango du, martxoan.

Zer aurkituko dute zure ikastarora doazenek?

Batez ere, gai unibertsalak landuko ditugu: Batak bestearekin harremanak izateko modua, komunikatzeko daukagun erak gainerako pertsonekiko harremanak zelan baldintzatzen dituen… 55 urtetik gorako pertsonei zuzenduta egon arren, edozeinentzako erabilgarriak diren gakoak aurkituko dituzte.

Zelan aurre egin natural eta baikor zahartzaroari, eragiten dituen aldaketa guztiak kontuan hartuta?

Gure ustez, ezin daitezke banandu aisialdia, lana eta ikasteko prozesua. Bizitza, konpatimenduetan zatituta egon izan da. Bizitzako etapa batean ikasi egiten dugu. Ondoren, lan egiten dugu. Eta, azkenik, gozatu egiten dugu lan ordu eta ikasteko orduetatik kanpo. Erretiro aldia aisialdi atal horrekin lotuta egon da. Gure ustez, ordea, pertsonek hiru beharrizan horiek bizitza osoan dituzte: lan egin eta aktibo sentitzeko beharra, ikasteko beharra eta gozatzeko beharra.

Beraz, tailerra espazioak integratzeko ideiarekin planteatzen diegu. Erretiroa hartuta lanik ez duten arren, beste lan batzuk egin ditzaketela azaltzen diegu; ikasten ere jarrai dezaketela eta lan eta ikasketa horiekin goza dezaketela ere irakasten diegu.

Zeintzuk dira aldaketa gogorrenak zahartzarora iristean, fisikoak ala psikikoak?

Lotuta doaz. Izan ere, aldaketa psikiko batzuk lotuta daude ahalmen fisikoak galdu ditugula jabetzearekin. Rol aldaketarekin lotuta ere badago. Lan bizitza desagertzea, familiaren barruan gertatzen diren aldaketak —seme-alabak etxetik doaz—… Zertxobait desberdinak dira emakumeentzako eta gizonentzako aldaketa horiek; bereziki, lan-bizitza izan dutenentzat. Orain arte, gehienak, gizonezkoak izan dira. Emakumeei dagokienez, gogorrena seme-alabak etxetik joatea da.

Zelan egin aurre aldaketa horiei?

Denbora betetzeko ekintzak eta rol berri bat bilatuz. Dolu edo galera sentsazio horietatik ateratzeko modua norberaren buru berri bat sortzea da, nolabait. Eta prozesu horretan, jomuga berriak bilatu behar dituzte, atsegin dituzten, baliagarri eta aktibo sentiaraziko dituzten gauzak egin.

Eta gainerako herritarrek zelan tratatu behar dituzte nagusiak, eta zein eginkizun bete behar dute gizartean?

Gutxietsi egiten diren sentsazio gero eta handiagoa antzematen dut nik. Ikusezinak dira, hiri altzariak bezalakoak dira eta bizitza publikoan ez dira ageri, ez dute parte hartzen.

Zelan tratatu behar ditugun? Hasteko, esker onez, noski. Eta norbaiti egindako lana eskertu eta aitortzen zaionean, logikoena da leku bat ematea. Eta hori ez da egiten. Komunikabideen bitartez edertasun, gaztetasun, bizitasun eta, batez ere, produkzio adinari balio handiegia ematen zaie. Publizitzatean, esaterako, nagusiei buruz azaltzen den rola, aiton-amonena besterik ez da. Gizarteari dagokionez, ez dute inongo ekarpenik egiten.

Ekarpen handiak egin ditzakete, ordea.

Zalantzarik gabe, bai. Ni behin eta berriro harritzen naute. Zehazki, Durangon azken bi urteetan lanean aritu naizen pertsonek beti harritzen naute. Eurak ere barre egiten dute kontatzen dituzten anekdotekin. Esaterako, merkataritza gune batera joan, kamera digitalei begira daudela, sail horretako ardura duen gaztetxoa gerturatu eta esatea: “Zuri, behar bada, erabilera errazagoa duen beste hau komeni zaizu”.

Ezjakin gisa hartzen dira; teknologiak ez dituztela ezagutzen ziurtzat ematen da. Eta beti ez da hala gertatzen. Aurreiritziek bultzatuta jarduten dugu eta ile zuriak ikusten ditugunean, pertsona horrek ezintasun batzuk dituela segurutzat ematen dugu.

Etxean bertan hasi beharko lirateke, ordea, jarrera aldaketa horiek, ezta?

Bai. Etxeetan, baina, pertsonari berari dagokio arazoa, ez da gizartean ikusten den aurreiritzi sozial hori ematen. Nire ustez, oinarrizkoa da pertsona horiek edozein espaziotan tratatzen dituzten profesionaletatik hastea.

Ospitalean, esaterako, diagnosiari buruz berba egiteko adinekoari berari ez zaizkio zuzentzen sendagileak sarri. Hori nik bizi izan dut amarekin. Osasungintzan, zoritxarrez medikura sarri joan behar dutela kontuan hartuta, nagusiekiko tratua oso txarra da. Izan ere, gozotasunez eta maitasunez hitz egitea ondo dago; baita errespetuz ere, ordea.

Zahartzaroaren beldurrari dagokionez, denek dute, edo zerbaiten araberakoa da?

Gazteoi ere gertatzen zaigu. Nork nahi du zahartu? Orokorrean, publizitate kanpainetan zimurren eta ile zurien aurka egin behar dugula esaten digute eta zahartzaroa mozorrotu. Mezu horiek barneratu egin ditugu. Kezka hori betidanik izan dugu. Zahartzaroa hondatzearekin lotzen dugu eta inork ez ditu bere ahalmenak galdu nahi.

Komunikazioa arma garrantzitsu gisa aipatu duzu lehenago. Zelan hobetu?

Sarri, adinekoak kexatu egiten dira, biktima gisa ageri dira edota umore txarra izaten dute, besteen tratuaren aurrean sentitzen duten frustrazioa dela eta. Horri buelta ematea garrantzitsua da. Komunikatzen ikasi behar dute eskarien bitartez, kexuen bitartez egin beharrean. Sentitzen dutena argi azaltzea inportantea da, biktimismotik abiatu ordez. Besteei lagundu behar diete euren lekuan jartzen. Euren lana da, baina besteok ere esfortzua egin behar dugu euren egoera ulertzeko. Errazagoa da, dena den, ulertzea, eurek informazio zehatza ematen dutenean eta argi azaltzen dakitenean. Oro har, maila emozionalean, zailtasun handiak dituzte sentimenduak azaltzeko.

Zelan prestatu zahartzarorako?

Haurtzarotik landu behar den zerbait dela esango nuke. Eta prestatzeko modu aproposa zahartzaroari balioa ematea da. Irudi negatibo hori aldatu behar dugu eta zahartzarora iristea lorpen bihurtu.

Administrazioek zer lan egin behar dute horretan guztian?

Ez dago informazio argirik adineko pertsonei buruz. Sarri programak diseinatzen dira eta jarduerak antolatu, adineko pertsonen profil jakin bat dagoela ziurtzat emanda. Adineko pertsonak dauden beste profil daude, ordea. Beraz, presenteago egon beharko lukete baliabideen kudeaketan eta eurentzat diseinatzen diren zerbitzuen sorreran. Sarri eurentzako zerbitzuak diseinatzen dira eurak kontuan izan gabe.