Drogen kontsumoak behera egin du Durangaldean

Alkohola, tabakoa eta haxixa edota marihuana dira Durangaldeko gazteek gehien kontsumitu ohi dituzten drogak. Hala ere, kontsumo horrek behera egin du azken lau urteetan, speed, kokaina eta haluzinogenoen antzera. Hala ondorioztatu du Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak Droga mendekotasunei buruzko ezagutzak, jarrera eta ohiturak aztertzeko egindako ikerketak.

Eskualdeko 11 eta 21 urte arteko 1.493 gazteri egindako galdeketetako erantzunak hartu dituzte oinarri, ondorioak ateratzeko. 2008an ezaugarri berdintsuak zituen beste azterketa bat egin zuten eta biak alderatu dituzte.

2008rekin alderatuta, gaur egun gizonek baino emakume gehiagok erretzen dute tabakoa. Hori eguneroko kontsumoari dagokionez.

2008an, gainera, elkarrizketatuen %46k lagun taldean errefusa ez zezaten erretzen zuen; gaur egun, %54 dira arrazoi horrengatik erretzen dutenak. Marihuana tabakoarekin alderatuta arriskutsuagoa zela ikusten zutenen pertsonen zenbatekoa ere aldatu egin da: lehen %25 ziren, eta gaur egun %19.

Kokainari dagokionez, duela lau urte %2,9k kontsumitzen zuten, eta gaur egun, %1,9k. Speed drogaren kasuan, 2008ko %2,4tik gaur egungo %1,6ra egin du behera kontsumoak.

Haxix eta marihuanarekin ere antzeko gauza gertatzen da. Duela lau urte %41ek probatua zuten substantzia bat edo bestea. 2012eko datuen arabera, %38k probatu dute. Droga horiekin lehenengoz harremana izan dutenen adina ere aldatu egin da. 2008an 14 urterekin probatzen zuten eta gaur egun, 15ekin. Aldaketa hori nabariagoa da, gainera, emakumeen artean.