Areatzatik Miribillara, gora eta gora

Aspaldion arrakastatsu dabil bertsolaritza, gero eta areto handiagoak betez. Bizkaiko Bertsolaritza Txapelketarako Arriaga txiki geratu, eta Euskalduna jauregira egin behar izan zuten salto. Handik Bizkaia Arenara, duela bi urte. Ia 5.000 lagun elkartu ziren. Eta bihar Bilbo Arena pabiloia bertsozalez beteko da. Finalak duen erakartzeko ahalmen hori, ordea, ez da kontu berria. Euskaltzaindiak 1958an ekin zion txapelketa antolatzeari, eta orduan ere Bilboko Areatza zaletuz mukuru betetzen zela diote hura bizi izan zutenek. Bertsolaritza txapelketen historia, baina, are zaharragoa da: 1936ko gerra aurretik hasi zen, Mungian 1929an eta Getxon 1930ean antolatu zirenekin.

Jose Luis Basterretxea Altzalei-k ezagutu zituen euskararen akademiak antolatutako lehia haiek. “Alfonso Irigoien zen arduraduna. Eskualdeka egiten ziren txapelketak eta finala Bilbon”, gogoratu du. Bera ere bertsolari izandakoa da; gaur egun Bizkaiko txapelketaren arduradun beharretan dabil.

Euskal Herriko Bertsozale Elkartea 1987an sortu zen, Euskaltzaindiari lekukoa hartzeko. Urte berean egin ziren Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren kargu. Bizkaikoa eta Arabakoa, zehatzago esateko, bi herrialde historiko horiek elkarrekin egiten baitzuten txapelketa. “Araban ez zegoen halakorik antolatzeko behar beste bertsolari. Bertsolari kopuru duina lortu zutenean, euren txapelketa antolatzeko gai zirela esan zuten. Orduan banatu ginen”. 2000. urtetik, bada, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Arabakoa banan antolatzen dira.

Aro berriko Bizkaiko lehen txapelketa hura, 1987koa, oso ondo gogoratzen du Bernar Mandaluniz gai jartzaileak. Ordutik dabil behar horretan. “Ikustekoa izan zen. [Xabier] Amuriza eta [Jon] Lopategi iritsi ziren buruz-burukora. Emozio aldetik eta bertsoen kalitateari dagokionez ikaragarri ona izan zen. Lopategik irabazi zuen. 1986an Txapelketa Nagusia lehiatu zen, bera zela faborito, Amurizarekin batera. Baina ez batak ez besteak ez zuten irabazi. Sebastian Lizasok jaso zuen txapela, inork espero ez zuen ezustekoa emanda”, gogoratu du.

Urte hauetan guztietan bertsolarien soslaia errotik aldatu da. Lehen bertsolariak baserri mundutik zetozen eta helduak ziren. Euretako bat zen Moises Enbeita muxikarra. 1987koa izan zuen lehen txapelketa. Astean behin elkartzen zen lehengusuekin Mendatan, afaldu eta bertsotan egiteko. Dio euren bertsogintza tabernakoa zela; gaur egungoa landuagoa dela iruditzen zaio. “Eguneroko gauzez kantatzen genuen. Oraingoak oso filosofikoak dira. Gainera, gaurko bertsolariek ezinbestekoa dute gaurkotasuna eta albisteak jarraitzea”.

Helduak eta gizonezkoak. “Orduan ez zenuen andrazkorik ikusiko. Aurten finalean lau neska eta lau mutil izango dira. Gure sasoian pentsatu ere ez zen egiten bertsolaritza andrazkoen kontua ere izan daitekeenik, Kristina Mardaras-eta agertu ziren arte”.

Unai Iturriaga eta Igor Elortza agertu zirenean hasi zen aldaketa, Mandalunizen berbetan. Hasteko, bertsolariak gaztetu egin ziren. “Denon harridurarako, finalean agertu ziren, oraindik fraka laburretan zeudela”. Eta bertsolariak gaztetu ahala, bertsozaleak ere bai. Gazteak gaztea dakar. “Barneratu egin dute bertsoarekiko zaletasuna. Bertso afarietan ere nabaritzen da. Bertsoak ezagutzen dituzte. Badakite bertso ona eta ez hain ona bereizten”, dio Mandalunizek. Enbeitaren ustetan, gainera, “gazteak dira bertsozale kritikoenak”.

Bizkaian bertso mundua goitik behera aldatu dela nabarmendu du Mandalunizek. “Beti esan izan da gurean bertsolaria bera mitinlaria dela, ez dela desafioan eta lehian ibiltzen. Bakarrik kantatzen duela. Zaleak ere beste maila batekoak direla. Orain ez da horrela. Eskema horiek erabat apurtu dira”. Eta aldaketarako azken mugarria, hain zuzen, Iturriaga eta Elortzaren lehen txapelketa hartan jartzen du: “Bizkaiko azken urteetako bertsogintza guztia bi horiek ordezkatzen dute. Kalitatean egondako eboluzio horren eragile nagusiak eurak izan direla esango nuke”.

Garai berriekin, aldaketak

Mandalunizi ere, gaur egungo bertsoak askoz landuagoak direla iruditzen zaio: “Jendea intelektualizatu egin da, eta bertsotan egiturak sortu dira. Horrek badu bere alde txarra: egiturak bete egin behar dira. Moldea lehengo bera izan arren, lehen ideiak okurrenteagoak izaten ziren. Orain kontzeptuak erabiltzen dira, eta horrek zaildu egiten du. Bakarrean hasten direnean, sei punturekin inor ez da konformatzen. Zortzitik gorakoak nahi dituzte. Zortzi puntu, zortzi errima dira. Eta josi egin behar dira. Askotan betelana ikusten duzu. Lehenagoko bertsoa arinagoa zen; mezua zuzenagoa, sinpleagoa baina zorrotzagoa. Alde horretatik txispa gehiago zuten lehengo bertsoek”.

Altzaleiren esanetan, oraingo bertsolariek serioago hartzen dute euren lana. “Elkartu egiten dira eta entrenatu egiten dute txapelketarako. Gauza bat da eskolara joan eta bertsotan ikastea, eta beste pausu bat bertsolari izan gura eta txapelketan parte hartzea. Ariketak egiten dituzte, gaiak eta errimak lantzen dituzte. Plaza gehiago ere badago. Bertsolariak zenbat eta maila altuagoa izan, plaza gehiago du. Eta plaza bera ere prestaketa da”.

Joseba Santxo epaileak argi dauka gazteek prestaketak eragin duela aldaketa: “Ondo prestatuta daude, ikasketak dituzte, eta hori bertsotan ere igartzen da”. 1993an hasi zen epaile, Txapelketa Nagusian. Gero Bizkaikoan ere ibili da, duela hiru edo lau txapelketa arte. Herri bertsolarien figura goraipatu du. Dio maila onekoak direla, baina gogo aldetik ez dutela goi mailan ibili gura. “Eskualdean badugu kasu bat. Bizkaia mailara igo zen, baina gero uko egin dio Euskal Herrikora igarotzeari. Ez aurka dagoelako, bere burua eskualde mailan ikusten duelako baizik. Bertsolaritza osasuntsuan ezinbestekoak dira herri bertsolariak. Elite bat baino ez badugu, azpigarria falta bada, seinale txarra”.

Txapelketan parte hartzen dutenen kopurua erruz hazi da. “Eskualdeetako txapelketetara begiratu besterik ez dago. Eskualdeko, igual, hiru edo lau saio egin behar izaten dira, parte hartzaile kopuruaren arabera”, dio Altzaleik 2000. urtean berreskuratu zituzten eskualdeetako txapelketak, Euskaltzaindiak antolatzen zuen garaiko eredura itzuliz.

“Udaberrian jokatzen dira; zortzi eskualde eta zortzi txapelketa. Eskualdeetakoak bukatzen direnean, irabazleek aurrera jarraitzen dute. Aurreko Bizkaiko txapelketako finalistek ere bai, eta aurretik inoiz finalista izandakoek ere badute aukera hori. Gainontzeko lehiakideak eskualdeetako puntuen arabera aukeratzen dira. Bizkaiko txapelketa urri inguruan hasten da. Bost kanporaketa eta hiru finalaurreko izaten ditu. Saio guztiak sei bertsolarikoak izaten dira, eta finala zortzikoa”, azaldu du.

Guzti-guztiak bat datoz zaletasunaren akuilu nagusiena bertso eskolak izan direla esaterakoan. “Jon Lopategik jarri zituen martxan. Errima eta neurri landuagoa irakasten zieten. Lopategiren bertsokera ere halakoa zen eta. Gaur eguneko bertsolari gazteetako asko haren eskuetatik igaro dira. Asmatu dute gazteak erakartzen”, gogoratu du Enbeitak.

Santutxukoa, Mungiakoa eta Algortakoa izan ziren aurrenekoetakoak Bizkaian. Bi azken horien eskualdea ondo ezagutzen du Joseba Etxebarria Bizkaiko Bertsolari Txapelketako antolatzaile taldeko kideak. Bizkaiko oparoenetakoa da. “Ipar Uribe deitzen genion: Uribe Kosta, Mungialdea eta Txorierri. Baina duela bi urteko txapelketarako, bitan banatu genuen. Bertsolari kopuru handia geneukan, txapelketa baterako handiegia. Beste eskualde batzuetan kosta egiten zitzaien seiko talde osatzea eta guk 18koa erraz genuen. Beraz, Uribe Butroe eskualdea eratu genuen Mungialdearekin eta Txorierrirekin eta Uribe Kosta bere aldetik utzi genuen”.

Urte hauetan, gainera, gai jartzailearen eta epailearen zereginei buelta bat eman zaie; bi figura horiek finkatu egin dira. Mandalunizen ustetan, gizartearen bilakaerak ekarri du gaien aldaketa. Ezberdintasun nabarmenena bakarreko lanetan ikusten du berak: “Lehen agindu zehatz bat ematen genien. Orain egoera batean jartzen ditugu. Egoera fisikoa zein emozionala izan daiteke, eta bertsolariari bertsoa nobelatzeko aukera ematen diogu”. Zortziko nagusian gai serioak izaten direla dio, arinak zortziko txikian; edukidunak baina bizkorrak hamarrekoan eta seiko motzean. “Lehen bezala, bertsolariek buruz burukoan egin behar izaten dute, eta puntuak ere mantentzen ditugu arintasuna erakusteko. Finalean bertso bi kantatu beharko dituzte puntua emanda”.

Epaile lana igualtsu ikusten du Santxok. “Trino Azkoitia izan dut maisu eta hark esaten zigun ez dela bertsoa garandu behar. Lehen kolpean sortzen duen efektua neurtu behar da, baina maila askotan: edertasunari, arrazoi aldetik, erabilitako teknika… Gero ñabardurei erreparatuko diegu, baina puntuazioa bereziki lehen kolpe horrek finkatu behar du”.

Hala ere, egungo epaileek puntuazioa arrazoitu behar dutela argitu du Altzaleik. “Adostutako irizpideak dira eta epaileek horien arabera baloratzen dituzte bertsoak. Entseguak egiten ditugu. Aurreko txapelketako bertsoak entzuten ditugu eta berriz puntuatzen dituzte. Behin, horrelako ariketa batean artxibora joan nintzen txapelketako akten bila. Txapelketan epaile izandakoek ariketan arrazoi berberak aipatzen zituzten puntuak ematerakoan. Horrek erakusten du ez dutela funtsik gabe epaitzen”.

Puntuekin hasita, aurtengo txapelketari ere jarri dote. Mandaluzinek, 6,5. “Txapelketa tamaina onean ikusi dut. Arkaitz Estiballes aipatuko nuke. Sekulako ausardia erakutsi du. Aspaldion asko dabil bertsogintzan eta nabaritu zaio. Forma berriak sartzen dabil, bertsoa gero eta osatuagoa egiten du. Epaileen puntuek ere hori adierazten dute”. Besteak tamainan dabiltzala iruditzen zaio. Fredi Paia finalean ikusita asko poztu da. “Originaltasuna eta gaiei buelta emateko gaitasuna erakutsi ditu. Gogotsu dago”. Igor Elortzari dagokionez, maila aitortzen dio, baina dio orain artean baino behar gehiago egin beharko duela txapela irabazi gura badu. “Albotik aurrea hartu diote. Hala ere, Igor horri buelta emateko gai da”.

Santxo ilusioz dago biharko: “Bertsolari txukunak ez ezik, ekarpen politak egiten dituztenak izango ditugu. Bertsogintza aberatsa eta koloretsua daukate”. Gogoan du 1990eko hamarkadan izaten ziren zalantzak: Ez zekiten finalak sei edo zortzi bertsolarikoak egin. “Goi mailako sei bertsolari bagenituen, baina zortzi bai? Aurten zortzi sartu dira, eta itzela izango da. Eta dozena bat sartu izan balira ere, egundokoa izango zitekeen. Lehen punta-puntako lauzpabost bertsolari zeuden, eta hurrengoekiko alde nabarmena zuten. Gaur egun eliteko buru hori handitu egin da, eta badira kalitate bertsuko hamabi bertsolari”.

“Finalaurrekoetan baino lan hobea egingo dute. Estiballes aurretik dago puntuen arabera, baina finala beste egun bat da, beste gai batzuk. Edozeinek irabaz dezake eta sorpresak ondo etorriak dira”, dio Enbeitak.